Manu Robles-Arangiz Institutua
Euskalgintza sindikalgintzan txertatu (II)


2004an, "Euskalgintza sindikalgintza txertatu (II)" izeneko saioak antolatu zituen   Manu Robles-Arangiz Institutuak Bilbon, aurreko urtean lehen aldiz antolaturikoei segida emanez. Helburua, kultur gaurkotasunari lotutako gaiak aztertzea eta, era berean, saio eta hitzaldi guztiak euskaraz burutzea. Bi bertsolari eta soziolinguista eta idazle bana izan ziren gogoeta egitera gonbidatutakoak.

Lau lan biltzen ditu "Euskalgintza sindikalgintzan txertatu (II)" izeneko dokumentuak. Lehenengo atalean, Maialen Lujanbio eta Unai Iturriaga bertsolariak dira, bertsotan eta hizketan, gaiari buruz iritzi-emaile. Bigarrena Kike Amonarrizen eskutik dator, lan munduak euskararen etorkizuna ekarriko ote duen gogoeta eginez. Hirugarrena, Koldo Izagirrek idatzia, euskaldun izateari buruzkoa da.

"Bertsolaritza eta lana" dugu Lujanbio eta Iturriagari dagokien atalaren izenburua. Bertan, bata eta bestea bere esperientzia eta bizipenetatik abiatu eta Josu Goikoetxea gai-jartzaileak agindutako gaiei buruzko hainbat galdera erantzuten dituzte, batean bertsotan, bestean hizketan. Bertsolaritza lana den, ez den; jendearen usteak; entzulearekiko harremanak; lehia…

"Lan munduaren giltzak zabalduko al du euskararen etorkizunaren atea? Euskararen beharrean, beharrean euskaraz", horixe Kike Amonarrizen hitzaldiaren izenburua. Eta, atariko gisa, baieztapena: "euskarak ez du etorkizunik izango lan-munduaren atea ixten bazaio". Amonarriz soziolinguistak euskara lan-munduan normalizatzeak dituen zailtasunak aletzen ditu idatzi honetan. Besteak beste, euskara lan-hizkuntza zeneko garaiaren berri ematen du eta gertatuko galera baieztatzen.

Hitzaldiaren harian, egungo egoera zertan den azaltzen du Amonarrizek: euskaldunen gorakada, gure hizkuntzaren transmisio eta erabilera, motibazio eta jarrerak, etab. Euskarak lan-munduan egin duen aurrerakada aitortu eta erabateko normalizazio eta aldaketa zailtzen duten faktoreen gainean ari da, bateko inertzia eta besteko inplikazio falta tarteko. Etorkizunari begira jarri eta Amonarrizek ezinbestekotzat jotzen du sindikatuak hizkuntza normalizatzeko prozesuan parte hartzea eta, "lan-munduaren esparruan motore bilakatzea".

Dokumentuaren azken atala Koldo Izagirreren hitzaldiari dagokio: "Greenwichekoa ez da meridiano bakarra" du izenburu eta bertan, idazleak, euskaldun izateari buruzko gogoeta sakon eta originala egin digu, egungo egunean furi-furian dauden kontzeptuak dantzan jarriz: globalizazioa, mestizaia, etnokeriak, unibertsal izateko gura, identitatea eta beste. Kontzeptuok aztertu eta iraultzen dizkigu Koldo Izagirrek, egiten ari garen bideari buruz zer pentsa handia emanez.


 
AURKIBIDEA

  • "Bertsolaritza eta lana" . Maialen Lujanbio eta Unai Iturriaga
  • "Lan munduaren giltzak zabalduko al du euskararen etorkizunaren
    atea?". Kike Amonarriz
  • "Greenwichekoa ez da meridiano bakarra". Koldo Izagirre

 

Liburuaren ezaugarriak:

  • Egilea: Hainbat
  • Hizkuntza: Euskara
  • Argitalpena: Manu Robles-Arangiz Institutua , Bilbo
  • Urtea: 2005
  • Orriak: 66
  • ISBN: 84-6893527-1

 

 


 

Azken eguneratzea: 2006/06/29