Otegi Jauregi, Maite
Zergatik euskaraz. Goierriko euskaltegietako ikasleen motibazioak.
Ikerketa psikosoziolinguistikoa


Goierriko biztanlegoaren %12 osatzen dute euskaldun berriek. Erdizka euskaldundu direnak, berriz, beste %9 dira. Ondorengo urteetan prozesuari jarraipena ematekotan, euskara ikasten ari direnen, eta oraindik hasi ez direnen motibazioak aztertzea eta lantzea komeni da, etorkizuneko emaitzak hobetzeko, batik bat. Horretan laguntzea du xede Maite Otegiren ikerlanak.

Ikerketa psikosoziolinguistikoa burutu du egileak Zergatik euskaraz. Goierriko euskaltegietako ikasleen motibazioak lanean. XI. Gerriko ikerlan-beka irabazi zuen Otegik eta egindako lanaren emaitza dugu oraingo argitalpena. Autoreak hiru zati guztiz bereizitan banatu du azterketa: sarrera teorikoa, ikerketa bera, eta ondorioak eta proposamenak.

Lehenengo, ikerlanaren oinarri teorikoen berri eman du Otegik. Motibazioa azaltzen duten teoria nagusiak bildu ditu lehenengo atal honetan. Teoriak aipatu ez ezik, bigarren hizkuntza ikasteko motibazioan eragiten duten aldagai giltzarrien berri ematen duten faktoreak ere kontuan hartu ditu ikertzaileak: nortasun sozio-kulturala, jarrerak, eta hizkuntzaren inguruko irudipen eta portaerak.

Bigarren atalean, ikerketaren diseinua irakurri dugu, hau da, lanaren helburu, hipotesi, metodologia eta azterketa kuantitatiboaren eta kualitatiboaren ezaugarriak. Helburuetan lehena zera dugu, "Goierriko euskaltegietako ikasleen euskalduntze prozesuan eragiten duten aldagai demolinguistiko, psikologiko, psikosoziolinguistiko eta ikasprozesuari dagozkion aldagaiei buruzko ikerketa deskribatzailea egitea".

Azterketa kuantitatiboari eskainia da hirugarren atala. Esan dezagun, Goierrin euskara irakasten duten hiru euskaltegietako ikasleek osatzen dutela lagina. Guztira 251 erantzun bildu zituen Otegik 2004ko maiatzean eta ekainean. Atal honetan, goian adierazitako helburu nagusiaren araberako deskribapena egin du autoreak (aldagai demolinguistiko, psikologiko eta beste) eta, horrekin batera, eragileak xehatzen ditu: eragile integratzailea, instrumentala, lortzeko igurikimena...

Laugarren atalak azterketa kualitatiboa du ardatz. Horretarako, lau eztabaida-talde osatu zituen lanaren egileak, ikasleen eta irakasleen partaidetzarekin. Taldeotan, ikasleek euskara ikasteko arrazoiak, ikas-prozesuan zehar dituzten erraztasun eta zailtasunak, erabilera, eta, azkenik, euskararekiko jarrerak izan zituzten hizpide.

Bosgarren atalean, hipotesi eta aurreikuspenetatik abiatu eta ondorioak laburbildu ditu Maite Otegi ikertzaileak: "eragile nagusia integratzailea da (…) ikasleen gehiengoak euskara gure gizartean gehiago erabiltzea nahiko luke, baina gehiengo hau ez da ageri euskara Euskal Herriko hizkuntza nagusia izatearen alde (…) ikasleen gehiengoak etorkizunean euskara indartuz joango dela uste du (…) euskarari emandako balio nagusia sinbolikoa da, eta ez pragmatikoa".

Ikasitakoa erabiltzeko zailtasunei dagokienez -ikerketaren arabera betiere-, motibazio handiena dutenak dira euskara erabiltzeko asmorik sendoena dutenak. Eta gehiago: "erabiltzeko asmoak eragile integratzailearekiko korrelazio trinkoa agertzen du, eta eragile instrumentalarekiko korrelazioa ere nabarmena da". Etorkizunari begirako gogoeta ere egin du Maite Otegik jarraian, aurrez aipatu ditugun bi eragileon indarra aitorturik ere: "Euskal giroa indartzen duten jaialdi eta kultur ekimenak (…) kontuan hartzekoak dira, eragin bikoitza baitute: batetik, euskararen presentzia indartzen dute; bestetik, euskal identitatea areagotzen dute, eta biak ere motibazio eragile indartsuak dira".

Azken-azkenik, euskararen ikaskuntza motibatzailea sustatzeko aholkuak bildu ditu Maite Otegik lan honetan, kontuan harturik hizkuntz gaitasun handia duten ikasleen esperientzia oso neketsua dela, gehienetan behintzat. Ikas-prozesuaren garraztasuna gozatzen laguntzeko, autoreak komenigarritzat jotzen du gizarte-eragile ezberdinen partaidetza eta konpromisoa lortzea. Hori esanik, ikertzaileak hainbat ohar egiten dizkie, banan-banan, agintari politikoei, administrazio, enpresa eta erakundeei, ikastetxeetako arduradunei eta irakasleei, euskararen normalizazioaren bidean motibagarri jardun dezaten.

Liburuaren aurkibidea

ESKER ONA
SARRERA
I. IKERLANAREN OINARRI TEORIKOAK

1.1. Motibazio teoriak
1.2. Nortasun sozio-kulturalaren oinarriak: identitatea, kulturazioa eta sare soziala
1.3. Jarrerak
1.4. Hizkuntzaren inguruko irudipen eta portaerak: bizitasun etnolinguistikoa, ukipen egoeran dauden hizkuntzen erabilera eta egokitzapen linguistikoa

II. IKERKETAREN DISEINUA

2.1. Helburuak
2.2. Hipotesiak
2.3. Metodologia

III. AZTERKETA KUANTITATIBOAREN EMAITZAK
3.1. Aldagai demolinguistikoen deskribapena
3.2. Ikas-prozesuari dagozkion aldagaien deskribapena
3.3. Aldagai psikologikoen deskribapena
3.4. Aldagai psikosoziolinguistikoen deskribapena
3.5. Eragile integratzaileak gainerako aldagaiekin dituen erlazioak
3.6. Eragile instrumentalak gainerako aldagaiekin dituen erlazioak
3.7. Lortzeko igurikapenak gainerako aldagaiekin dituen erlazioak
3.8. Motibazio-mailak gainerako aldagaiekin dituen erlazioak
3.9. Euskararako gaitasunak gainerako aldagaiekin dituen erlazioak
3.10. Norberaren emaitzen balorazioak gainerako aldagaiekin dituen erlazioak

IV. AZTERKETA KUALITATIBOAREN EMAITZAK
4.1. Ikasteko arrazoiak
4.2. Ikas-prozesua
4.3. Erabilera
4.4. Euskararekiko jarrerak

V. ONDORIOAK
5.1. Hipotesiei buruzko ondorioak
5.2. Ikasitakoa erabiltzeko zailtasuna eta oztopoak
5.3. Etorkizunari begira

I. eranskina: Goierriko euskaltegiak
II. eranskina: erabilitako galde-sorta
Liburuaren ezaugarriak:
  • Hizkuntza: euskara
  • Argitaratzaileak: Goierriko Euskal Eskola Kultur Elkartea, Maizpide Euskaltegia eta Lazkaoko Udala
  • Urtea: 2006
  • Orriak: 200
  • ISBN: 84-934718-0-1
Azken eguneratzea: 2006/06/30