Joly, Lionel
Etude Sociolinguistique du Pays Basque
Doktorego-tesia. Sorbonako Unibertsitatea, Paris, 2004



2004ko udan, Euskal Herriko egoera soziolinguistikoaren inguruko doktorego-tesia irakurri zuen Parisen, Sorbona Unibertsitatean, Lionel Joly ikertzaileak (Avignon, 1976). Bertan, euskararen egoera, hizkuntza-gaitasuna, erabilera eta errepresentazioa landu zituen sakon. Elebitasun-egoerari buruzko gogoetatik ere asko du tesiak.

Lionel Joly Erasmus programak ekarri zuen Bilbora 1998an. Harrezkero, euskara ikasi zuen eta EGA agiria lortu. Ondorioz, bertatik bertara eta barru-barrutik burutu ahal izan zuen soziolinguistika ikerketa hau, Euskal Herrian egindako egonaldi luzeak baliatuz; euskarazko ikerketa eta materialak kontsultatu ahal izan zituen, eta aditu eta informatzaileekin ere beraien hizkuntzan jardun ahal izan zuen, ikertzaile atzerritarrak ohi dituen mugak eta ezinak gainditurik.

Lau partetan bereizia dator tesi hau. Sarrera genuke, atariko. Ondoren, hiru parte: gaitasunari buruzkoa, lehenengoa; erabilerari begirakoa, bigarrena; hizkuntzen gaineko errepresentazioei dagokiena, berriz, hirugarrena.

Atarikoari gagozkiola, euskararen lege-egoera zertan den azaldu du bertan egileak. Horrekin batera, gauzatu diren hizkuntza-plangintzen berri ematen du. Jolyk, bestalde, euskara batuaren sorrera eta garapena ere aztertu ditu. Ikertzaile honen iritziz, estandarizazio-prozesua izan gabe ez zegokeen hizkuntzaren plangintza abiarazterik, nahiz eta, Jolyren aburuz betiere, prozesu horrek ondorio negatiboak ere ekarri dizkion euskararen gizarte-egoerari. Sarrera honen buruan, nazionalismoaren eta euskararen arteko loturak azaltzen ditu egileak.

Tesiaren lehenengo atalean gaitasuna dugu aztergai. Euskal Herriko biztanleen hizkuntza-gaitasuna neurtzeko egin diren hainbat eta hainbat inkesta aurkeztu ditu tesiaren egileak atal honen hasieran. Euskal Herriko datuak azaldu dizkigu, bai eta lurraldez lurraldeko emaitzak ere. Ahal beste inkesta landu nahi izan ditu Jolyk, orain artean egin diren ikerketen barne-koherentzia egiaztatu nahian eta "Euskal Herriko egoera kalapitatsuak dakartzan manipulazio eta politizazioa galarazteko asmotan".

Hizkuntzaren erabilera dugu bigarren atalaren aztergaia. Jolyk gaitasuna neurtzeko egin diren inkestetan erabili diren hizkuntza-mailen tipologia kritikatu du bertan. Horrez gainera, gazteek erabiltzen duten euskararen maila ere landu du. Era berean, aurkeztu eta kritikatu ditu kale neurketak eta soziolinguistika matematikoaren araberako ikerketak.

Hizkuntzen errepresentazioari eskaini dio Lionel Jolyk tesiaren hirugarren atala. Atalik nagusiena dugu. Batetik, hizkuntzen errepresentazioaren inguruko teoriak aurkeztu ditu, eta azaldu zergatik sartu den hizkuntzen errepresentazioa ikerketa soziolinguistikoen barnean. Atal honetan bertan, inkesta kuantitatiboak, batetik, eta kualitatiboak, bestetik, jorratu ditu kapitulu banatan. Atalak diskurtsoaren azterketa egiten du; hainbat eta hainbat hiztunen hitzak erantsi eta aztertu ditu egileak, hiztunek esaten dutena azalduz eta, are inportanteago, esateko erabiltzen duten modua bistaratuz. Horrela eginez, hiztunen euskara-gaitasuna neurtu ez ezik, Euskal Herriko hizkuntzei buruzko errepresentazioen errealitatea dakar azalera egileak.

Azkenik, ondorioak ateratzera jo du Lionel Jolyk. Honetan, hiztunek egiten dituzten hizkuntzen errepresentazioei buruzkoak ditugu deigarrienak, inondik ere etorkizuneko azterketen bidea agintzen ari direlakoan. Adibidez, Jolyren esanetan errepresentazio dira inkesta kuantitatiboek erakusten dizkiguten emaitzak; izan ere "hiztunari euskaraz badakien galdetuz gero, haren erantzunak ez digu laguntzen guri jakiten badakien ala ez, badakiela pentsatzen duen ala ez baizik, eta era guztietara hizkuntzaren kalitate hala-moduzkoaren hutsaltasunak eragingo du haren erantzuna". Era berean, eta inkesta kualitatiboei dagokienez, ikertzailearen aburuz, errepresentazioei buruzko inkesta kuantitatiboak ere ez digu errepresentazioen gaineko informaziorik ematen, errepresentazioen errepresentazioena baizik: "horrela, jendeak euskararen aldeko jarrera duela dioenean, kontuan hartu behar da benetako erabilera oso estigmatizatua dagoela".

Oraindik ondorioetan, ukipen-hizkuntzei eta hizkuntza-gatazkari buruzko auzia ere errepresentazioei lotzera jo du Jolyk. "Erdaldunen arabera, ukipen-egoera da; euskaldunen iritziko, gatazka". Bukaeran, errepresentazioek izaera ezegonkor eta ebolutiboa dutela azpimarratuko du ikertzaileak, eta euskal identitatearen eta euskararen arteko harremana bera ere aldatu egin ohi dela atzotik gaurra.

Aurkibidea

  • Sommaire
  • Introduction générale
  • Première partie: Introduction au domaine sociolinguistique basque
    • A. Introduction á la situation sociolinguistique du Pays Basque
    • B. L' unification linguistique: l' euskera batua
    • C. Relation entre langue basque et nationalisme
  • Deuxiéme partie: Compétence linguistique
    • I. Pays Basque
    • II. Pays basque Nord
    • III. Navarre
    • IV. Communauté Autonome Basque
    • V. Situation générale du Pays Basque
    • VI. Remarques importantes sur la compétence linguistique
  • Trosième partie: Emploi de la langue basque
    • I. Recensements et enquêtes générales
    • II. Autres types d'enquêtes
    • III. Connaissance de la langue et emploi de la  langue
  • Quatrième partie: Représentations sur les langues
    • A. Étude des représentations en sociolinguistique, introduction
    • B. Représentations démolinguistiques
    • C. Représentations: enquêtes qualitatives
  • Conclusion générale
  • Bibliographie
  • Glossaire
  • Table des matières
  • Annexe


Tesiaren ezaugarriak:

  • Zuzendariak: Boyer, Henri; Martinez de Luna, Iñaki; Oyharçabal, Bernard
  • Hizkuntza: frantsesa
  • Argitaragabea
  • Urtea / hila: 2004ko uztaila
  • Orriak: 723

 

 

 

 

 

 

Azken eguneratzea: 2006/06/08