EUSKO JAURLARITZA, KULTURA SAILA
Euskararen erabileraren normalizazioa herri administrazioetan. III. Plangintzaldia (2003-2007). Balorazio txostena


EAEko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautu zen 1997an, dekretu bidez. Haren arabera, entitate bakoitzak euskararen erabilera normalizatzeko plana onartu eta gauzatu behar zuen. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, berriz, balorazio-txostena igorri behar dio Eusko Jaurlaritzari plangintzaldi bakoitzaren amaieran. Oraingo argitalpenak III. Plangintzaldiaren balorazioa jasotzen du.

Lau ataletan egituratu da balorazio-txosten hau. Lehenengo atalean, galdetegian jasotako emaitzak bildu dira. Bigarrenean, administrazio ezberdinetan euskararen erabilerak duen egoeraren diagnosia egin da. Hirugarrenean, etorkizunerako hainbat lan-ildo proposatu dira. Laugarrenean, azkenik, IV. Plangintzaldiari begirako gogoetak azaltzen dira.

Galdetegiko emaitzei dagokienez, hiru dira batik bat nabarmentzekoak. Batetik, erakundeen erdiak -gutxi gorabehera-, erabilera plana definituta dute. Bestetik, planen jarraipen maila, aldiz, ez da parekoa izan: erdiak planaren jarraipena egin du, beste erdiak ez. Hirugarrenik, arduradun politikoen euskara mailari denaz bezainbatean, haien euskara maila neurtzeko egiaztatze sistemarik ez badago ere, arduradunetan erdiek esan dute euskaraz ulertu, hitz egin, irakurri eta idazteko gai direla. Oro har, plana duten udaletan euskararen presentzia altua da hizkuntza-paisaian; era berean, tresna informatiko ugari dituzte euskaraz erabilgarri; kanpo proiekzioan euskararen erabilera altua da -nahiz eta sortze hizkuntza gaztelania den-; hala ere, barne harremanetan euskara gehiago erabiltzen da idatziz ahoz baino… Ordea, udalen % 45ek ez du erabilera-planik; batzuek ez dute beharrik, euskaraz ari dira lehendik ere, eta beste batzuek plan asmoa dute.

EAEko herri-administrazioetan euskararen erabileraren balorazioari dagokionez -horixe baita txostenak bigarren atalean aztertzen duena-, hiru talde sortu dira: langileen lan-taldea, euskara teknikariena, eta politikariena. Euren balorazio eta ekarpenak biltzeko, AMIA matrize bat gauzatu da, hau da, Aukera, Mehatxu, Indargune eta Ahuleziak elkarren ondoan jarriz osaturik dena.

Etorkizunerako lan-ildoen proposamena egiten da txostenaren hirugarren atalean. Besteak beste, euskararen erabilera sustatzeko komunikazio-plan orokorraren beharra, ezagutza erabilerara bideratzeko mekanismoen ezarpena, hizkuntza-eskakizunen eta egiaztatze-sistemari buruzko gogoeta, 86/1997 Dekretuaren azterketa eta egokitzapena, euskararen erabilerarako metodologia eta tresnak lantzeko premia, eta beste ageri dira proposamenen artean. Azpimarratzekoa, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eginkizun eta helburuen gaineko hausnarketa egin beharra ere eskatzen dela balorazio-txosten honetan.

Azken atalean, IV. Plangintzaldiari begirako gogoeta zenbait bildu dira. Helburua izango da euskara, administrazioko lan-hizkuntza "normala" bihurtzea. Horretarako, nahitaezkoa da langileak euskaraz ere egitea lana. Ondorioz, "zehaztu egin behar da zein lan-jardun gauzatzeko erabiliko den euskara lan-hizkuntza moduan, nola, norekin, noizko, eta, batez ere, zergatik". Horrek, besteak beste, langileak motibatu eta sentsibilizatu beharra dakar. Horretan, oinarri izango dira berariazko hizkuntza-prestakuntza eta -trebakuntza. Hori guztiori Hizkuntza Ofizialen Erabilerarako Irizpideak abiapuntu eta helmuga harturik egingo da betiere, txostenak amaieran itzulingururik gabe adierazten duenez.

Aurkibidea:

  • 0. Sarrera
  • 1. atala: Galdetegiaren emaitzak
    • 1.1 Aztergaiaren aurkezpena
    • 1.2 Euskara planak
    • 1.3 Arduradun politikoen euskara maila
    • 1.4 Hizkuntza paisaia
    • 1.5 Aplikazio informatikoak
    • 1.6 Hizkuntza irizpideak
    • 1.7 Kanpo proiekzioa
    • 1.8 Barne eta kanpo harremanak
    • 1.9 Kanpoko hizkuntza eskaera
    • 1.10 Itzulpenak
    • 1.11 Euskara planik definitu ez denean
    • 1.12 Galdetegiko emaitzen laburpena
    • 1.13 Galdetegiaren araberako egungo egoeraren balorazioa
  • 2. atala: Euskararen erabileraren balorazioa EAE-ko herri administrazioetan
    • 2.1 AMIA matrizea
  • 3. atala: Etorkizunerako lan ildoen proposamena
  • 4. atala: IV. Plangintzaldiari begira

Eranskinak

  • 1. eranskina: Galdetegia
  • 2. eranskina: Galdetegia erantzun duten erakundeen zerrenda

Liburuaren ezaugarriak:

* Liburu hau HABEren liburutegia n eskura daiteke.

Azken eguneratzea: 2008/11/14