Eusko Jaurlaritza, Kultura Saila
Euskara hedabideetan. Euskarazko hedabideak eta euskararen presentzia hedabideetan


2006an Euskarazko komunikabideak izeneko azterketa egin zuen Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak. Euskarazko komunikabideak zenbatek kontsumitzen dituzten eta kontsumitzaileak zeintzuk diren landu zen orduan. Oraingo azterketa honetan, berriz, euskarazko hedabideen eta beren kontsumitzaile potentzialen arteko harremana aztertu da, hedabideen munduan euskararen presentzia behar bestekoa lortzeko.

Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak aparteko pisua ematen dio hedabideetan euskara normalizatzeari. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS) legealdi honen hasieran plazaratu zuen Hizkuntza politika aurrera begira / 2005-2009 egitasmoa dokumentuan ere hedabideetan euskararen presentzia areagotzea eta euskarazko hedabideak bultzatzea ageri da legealdiko lan-ildoen artean.

Bide horretan, 2006an Euskarazko komunikabideak izeneko azterketa egin zuen HPSk. Azterketak irakurleari eta ikus-entzuleari dagokion alderdia jorratu zuen batez ere, hau da, euskarazko komunikabideak zenbatek kontsumitzen dituzten eta kontsumitzaileen oinarrizko ezaugarriak zeintzuk diren ageri dira aipatutako azterketan.

Horri loturik, Herri Aginteen Koordinaziorako Batzordeak (HAKOBA) gogoeta egitea erabaki zuen, hainbat eragilek parte hartu zutelarik. Azkenean, hogei txosten idatzi ziren, gogoeta eta hausnarketa eragiteko asmotan. Txostengileetan, batzuek komunikazioaren mundua sakon ezagutzen dute; beste batzuek, euskarazko hedabidetan ari dira edo hurreko dituzte. Txostenak idatzi dituzten izenetako batzuk dira Kike Amonarriz, Nerea Azurmendi, Jose Inazio Basterretxea, Karmen Irizar, Julian Beloki, Allande Boutin, Odile Kruzeta… eta beste; hamazazpi lagun, denera. Horiek, hamabost galderaren inguruan jardun dute balorazioak, hausnarketak eta ekarpenak eginez. Esaterako, "Lehenetsi beharreko hedabideak", "Lehenetsi beharreko kontsumitzaile taldeak", "Aldizkari minoritarioak", "Tokian tokiko prentsa", "Administrazioaren laguntzaren nondik norakoa", "Gutxieneko irakurle-ikusle kopuruak", "Arreta berezia Interneti"… eta gisakoak izan dituzte gogoetagai.

Liburuan, hamazazpi txostengileek hamabost galdera edo aztergaien inguruan egindako gogoeta biltzen da eta, horrekin batera, baita "Sintesi txostena" ere, non galdera bakoitzaren inguruan ageri diren adostasunak eta desadostasunak laburtu dituzten. Sintesi txostenean bertan, adostasun handieneko ideiak jaso dira ondorio gisa. Hausnarketa zabaldu eta hedatuenak dira, eta bertan idatzita dagoenez, "etorkizunera begira interes berezia izan dezaketenak". Hona hemen adostasun horietarik batzuk:

  • Gazteak dira lehentasunezko taldea. Haientzako eduki eta kanalak bultzatu behar dira.
  • Arreta berezia eskaini behar zaie ikus-entzunezkoei, gizarteak berak ere haiexek hobetsi ditu-eta aisialdirako.
  • Garrantzi berezia du Internetek.
  • Aniztasuna behar da eta, aldi berean, elkarlana eta sareak bultzatu behar dira, produktuen optimizazio eta
  • koordinazioa helburu.
  • Estilo serioak eta arinak konbinatu behar dira euskal hedabideen zabalkunderako.

Euskarazko hedabideei eta euskarak hedabideetan duen presentziari buruzko azterketa interesgarri, zuzen eta argia da argitalpena, sektorean lanean ari direnen eta arloa bereziki ikertu dutenen eskutik datorrena.

Aurkibidea:

  • Hitzaurreak
  • Sintesi txostena
  • Txostena egiteko aztergaiak
  • Txostenak

Liburuaren ezaugarriak:

  • Argitaratzailea: EAEko Administrazioa. Kultura saila
  • Hizkuntza: Euskara
  • Urtea: 2008
  • Orrialdeak: 352
Azken eguneratzea: 2008/07/10