Askoren artean
Europako hizkuntzak.


Unesco Etxearen Amarauna taldeak bi helburu ditu: batetik, hizkuntza-komunitate gutxituen egoeraren berri ematea; bestetik, munduko hizkuntza-ondarearen garrantziaz eta gorde beharraz iritzi publikoa sentsibilizatzea. Europako hizkuntzak izeneko lan honetan, Uraletaraino bitarteko hizkuntzen gaineko informazioa aurkeztu digu Amarauna taldeak, era erraz eta argian, interesa duen edonork europar kontinenteko hizkuntza-ondarearen ikuspegi orokorra izateko moduan.

Jakina da Europako hizkuntza gehienak indoeuroparrak direna. Jatorri bat bera dute, nahiz eta hainbat hizkuntza-familia izan eta ibilbide luze eta berezia egina duen haietarik bakoitzak. Indoeuropar ez direnak ere badira, ordea; besteak beste, euskara. Gure hizkuntzak ere bere lekua du lan honetan. Beste edozein hizkuntzarekin ahaidetasunik ez duen Europako hizkuntza bakarra. Euskara. Hizkuntza isolatua, edo bakartua. Horien guztien berri emango digu Unesco Etxea eta Amarauna taldearen Europako hizkuntzak lan honek..

Liburu honetan, lehenengo, Europa osoa hartzen duten hiru mapa ditugu. Batak, eremu geografikoaren arabera irudikatuko ditu hizkuntzak. Bestea, egungo Europako estatuen mapa dugu. Hirugarrenak, berriz, Europako hizkuntzen familiak bereizten ditu. Ondoren, hizkuntza-familiak edo azpifamiliak irudikatzen dituzten mapa partzialak eskaini dizkigute egileek. Batetik, indoeuropar familia osatzen dutenak: eslaviarra, germaniarra, erromantzea, zelta, baltarra, eta beste azpifamilia indoeuropar batzuk. Bestetik, indoeuroparrak ez diren familiak: uraldarra, altaitarra, kaukasoar eta kartveliarrak, eta semitak. Mapa horiek, bestalde, hizkuntza-talde bakoitzeko hizkuntza guztiak erakusten dizkigute. Eta eremu geografiko bakoitzean erabiltzen diren hizkuntza guztiak aldi berean ikusteko aukera ere badugu.

Hirugarren atal batean, ordena alfabetikoaren arabera, hizkuntza bakoitzaren sarrera eta hari buruzko oinarrizko datuak ditugu. Bertan, dagokion familiari erreferentzia egiten zaio eta, datuei dagokienez, kokapen geografikoaren, hiztun-kopuruaren eta egoera soziolinguistikoaren berri xehe ematen digute. Hizkuntza indartzeko zer ahalegin egin diren ere kontatzen zaigu, labur, eta hizkuntza zein familiatakoa den, hiztunek nola deitzen dioten elkarri eta nazioartean nola deitzen dieten ere bai.

Egileek Amarauna datu-basea (www.amarauna-languages.com) erabili dute liburua idazteko. 1997an hasi ziren hura osatzen, UNESCOk eskatutako Munduko hizkuntzei buruzko txostena prestatzen hasi zirenean. Datu-base hark 800 bat hizkuntzaren egoera soziolinguistikoari buruzko informazioa du, hau da, ofizialtasuna, administrazioko erabilera, eskolakoa eta komunikabideetakoa, transmisioa eta bestelako jakingarriei buruzko xehetasunak.

Europaren hizkuntza-aberastasun handia erakutsi digu lan honek. Era berean, hizkuntza batzuen eta besteen arteko estatus leizea bistaratu digu. Hizkuntza batzuk gizartearen arlo askotan erabiltzen dira eta ez dute bizirauteko arazorik. Egileen ohartarazpena jarraian, gogoan hartu beharrekoa: "Beste batzuek, aldiz, hiztunen arlo pribatuan baino ez dute lekurik; ez dira ofizialak, eta gazteek, edo ez dakizkite edo, jakin arren, ez dituzte sarri erabiltzen: haien etorkizuna, beraz, oso kezkagarria da".

AURKIBIDEA

Hitzaurrea

Mapak

  1. mapa. Europako hizkuntzak, eremu geografikoaren arabera
  2. mapa. Europako egungo estatuen mapa
  3. mapa. Europako hizkuntza-familiak
  4. mapa. Eslaviar hizkuntzak
  5. mapa. Germaniar hizkuntzak
  6. mapa. Hizkuntza erromantzeak
  7. mapa. Hizkuntza zeltak
  8. mapa. Baltar hizkuntzak
  9. mapa. Beste familia indoeuropar batzuk
  10. mapa. Hizkuntza uraldarrak
  11. mapa. Hizkuntza altaitarrak
  12. mapa. Hizkuntza kaukasiar eta kartveliarrak
  13. mapa. Hizkuntza semitak

Hizkuntzak

Erreferentzia bibliografikoak
Eranskina. Hizkuntza-zerrenda

Liburuaren ezaugarriak

Hizkuntza: Euskara
Argitaratzailea: UNESCO Etxea, Donostia
Urtea: 2005
Orriak: 104
ISBN: 84-9347779-0-7

 

 

 

 

Azken eguneratzea: 2006/11/28