Askoren artean
gazt_ hizkera. Jardunaldien hitzaldiak eta ondorioak.


2005eko apirilean gazte hizkerari buruzko jardunaldiak burutu zituzten Gipuzkoako Urtxintxa Eskolak eta Lasarte-Oriako Ttakun Elkarteak. Bertan, gazte hizkeraren egoera, eta hura sustatzeko eskuera diren baliabideak aztertu zituzten hainbat lagun eta gaztek. Oraingo argitalpenean, jardunaldietako emaitza ageri da, hizlarien aurkezpenak eta mahai-inguruetako partaideen iritziak.

Azken aldian gaia aztertzen ari diren hainbat adituk hartu zuten parte jardunaldietan. Kike Amonarriz, Imanol Esnaola, Estibalitz Amorrortu, Asisko Urmeneta, Asier Larrinaga… Horiekin batera, mahai-inguruetan esku hartu zuten aztertzaileak ditugu -Juan Manuel Etxebarria, Estitxu Elduaien, Alberto Irazu, Erramun Osa eta beste-, bai eta zenbait ikastetxetako gazteak ere. Denak ere, gazteen hizkerari buruz gogoetan.

Kike Amonarrizek, adibidez, "Gazte hizkeraren egungo egoera eta garrantzia" izeneko hitzaldia egin zuen. Hizkuntzak izan ohi dituen aldaerak -egituraren eta erabileraren araberakoak-, aipatuz ekin zion, gazteen euskararen gainean jardun aurretik: "Gazte euskaldunek beraien artean modu kolokialean komunikatzeko darabilten aldaera erreala da eta estandarretik berezia". Horren ezaugarriak landu zituen -"gazte euskara kolokialaren ezaugarri nagusia, euskara nahasia izatea da"-, eta, horrekin batera, euskarak azken hamarkada hauetan izan dituen aldaketak ekarri zituen gogora. Era berean, gazteen ezaugarri soziolinguistikoak eta hizkuntzaren kalitatearen inguruko azalpenak eman eta gazte hizkera sortzeko bide eta proposamenak aurkeztu zituen, Euskararen kalitatea txosteneko oharrak abiapuntu harturik.

Bigarren hizlariak, Imanol Esnaolak, gazte hizkeraren ezaugarriak aztertu zituen bereziki. Inportanteena, dudarik gabe, hizkuntz ordezkapenak gazte hizkeran duen eragina litzateke. "Ordezkapena, gureak diren hitzak beste hizkuntza bateko hitzengatik aldatzeari deitzen diogu. Gazte hizkeran (…) joera handia dago gazteleratik edo frantsesetik datozen hitzengatik aldatzeko. (…) Esan beharra dago, gazte hizkeran, ordezkapena muin-muinean dagoela eta honek hizkuntza hiltzeko arriskua dakar".

Asisko Urmenetaren hitzaldian, "Kolokiala = Koloniala" izenburu duenean, komikilari arruntaren buruhausteak dakartza hizpide, gazte istorio ohiko bat, hizkera "sinesgarri eta, halaber, konprenigarri batez" kontatzeko. Kasu honetan, hizlariak hiru aldaera mailak aztertzen dizkigu: dialektoak, erdara eta batua. Lehenari dagokionez, euskalkietan dagoen polikromia ikaragarria azpimarratuko du. Bigarrenean erdaratiko interferentziak aztertuko ditu eta, hirugarrenean, batua lardaskatu eta adierazkortasunez markatu beharra aginduko du. Azkenean, zera aldarrikatuko du: "Erregistro ez-formalak loratzen utzi behar ditugu, LIBERtituz eta JOLAStuz. (…) Arauak ezagutu egin behar dira, horixe baietz, gero arau beroriek transgreditzeko".

Hurrengo hitzaldian, Estibalitz Amorrortuk "Gazte hizkeraren bila? Soziolinguistikatik hausnarketa pare bat" egingo ditu, Kike Amonarrizen puntu berdintsuak aztertuz: hizkuntzaren aldakortasuna, gazte hizkeraren garrantzi eta ezaugarriak, kalitatea eta gazte hizkeraren sustatzea. Amorrortuk, hala ere, taldeari berari emango dio gazte hizkera bat egiteko ardura: "Hizkuntza aldaketa, hau da, ezaugarri linguistiko berriak sortzea eta zabaltzea, normalean arrazoi sozialek bultzatuta gertatzen da eta kontzientziapean. (…) Arrakastatsua izan dadin nahita nahiez taldeak berak bideratu eta lideratu behar du aldaketa". Hizlariaren iritziz, aski litzateke gazte talde garrantzitsu eta eraginkor batek aldaketa nahi izatea eta lideratzea.

Hitzaldi nagusietan azkena Asier Larrinagak egina da: "Gazte hizkera telebistan". Hizlari honen arabera, telebistako hizkuntzalarientzat ez dago hizkuntza-aldaera baino adigai garrantzitsuagorik. Programa mota bakoitzak bere hizkuntza-aldaera behar duela dio, eta gazte hizkerak telebistan dituen ezaugarriak lantzen ditu: sintaxi bakuna, hiztegi berezia eta ahoskera zaindugabea.

Hitzaldi nagusiok ez ezik, argitalpenak beste hiru testu ere biltzen ditu bere baitan: bi mahai-inguru -"Gazte hizkera eskola eta aisialdian", eta "Euskara gazteei zuzendutako komunikabideetan"-, bai eta jardunaldietara bildutako gazteen ondorioak, hartuko lituzketen konpromisoak eta eragileei egiten dizkieten eskakizunekin batera.


AURKIBIDEA

SARRERA

HITZALDIAK:

  • Kike Amonarriz
  • Imanol Esnaola
  • Asisko Urmeneta
  • Estibalitz Amorrortu
  • Asier Larrinaga

MAHAI INGURUAK:

  • Gazte hizkera eskolan eta aisialdian
  • Gazte hizkera komunikabideetan

GAZTEEN ONDORIOAK

JARDUNALDIEN PROGRAMA

Liburuaren ezaugarriak
Hizkuntza: Euskara
Argitaratzailea: Urtxintxa Eskola, Donostia
Urtea: 2005
Orriak: 84
ISBN: 84-609-8256-4

Azken eguneratzea: 2006/10/26