Hernandez, J.M.
Jolasgaraia. Gaztetxoak, hizkuntzak eta identitateen adierazpenak.


Gaztetxoak eta eskolak hizkuntza-errealitatearekin duten lotura du aztergai Jone Miren Hernandezen lan honek. Galdera jakin batzuk egin eta erantzun bila jardun du egileak ikerketa-lanean: Zein motatako hizkuntza-esparrua gauzatzen da eskolan? Zein aldagaik parte hartzen dute bertan? Zertan eragiten du eskolak gaztetxoaren hizkuntzaren gizarteratze prozesuan? Zein hizkuntza- identitate azaleratzen dira eskola-esparruan?… Etnografiak eragindako esperientzia jakin batetik abiaturik plazaratu ditu ondorioak Hernandezek.

Jone Miren Hernandezen lanean irakurtzen denez, hizkuntzaren inguruan lanean ari direnak aspaldi ohartu ziren eskolaren eta gazteen arteko loturaren garrantziaz. Hori dela eta, hezkuntzaren eta hizkuntzaren arteko erlazioa aztergai duten ikerketa-ildoek tradizio handia dute hemen eta munduan. Hizkuntza ikasteko eta barneratzeko prozesuari bereziki loturik dauden adin-taldeak izanik, instantzia akademiko eta instituzionalek arreta berezia eskaintzen diete haur eta nerabeei. Psikologia eta pedagogia izan dira hizkuntzak eskolaratze-prozesuan duen partehartzea gehien aztertu dutenak. Baina soziologia, hizkuntzalaritza eta historia bera ere bazterrean ezin utzizkoak ditugu. Eta, horien ondoan, antropologia, edo hizkuntza-antropologia, askotan ikasgela hartzen duena landa-lanaren ikerketa-eremu. Hemendik jo du Hernandezek lan honetan.

Gaztetxoak eta eskolak hizkuntza-errealitatearekin duten lotura du aztergai ikerketa honek. Egilearen beraren iritziz "metodologia eta ikerketa beraren ikuspuntua dira ekarpenik garrantzitsuenak. Ikerketak ikergaiaren barrutik begiratu nahi izan dio errealitateari: eskola, eskola bertatik; gazteak, gaztetxoen egunerokotasunetik". Eta, horretarako, antropologiak eskaini dion tresna bereziari heldu dio Hernandez ikertzaileak: etnografiari, alegia.

Joan deneko aspaldian gazteak, hizkuntza eta hezkuntza aztergai harturik, gurean izan diren hainbat eztabaida eta planteamendu labur azaldu ondoren, gaiaren ikuspegi antropologikoa lantzera zuzendu da ikertzailea. Gaztetxoen hizkuntza-errealitatearen eta eskolarenaren inguruan osatutako lan hau, 2002ko urtarriletik apirilera bitartean Bilboko Santutxuko Agirre ikastetxean hiru hilabeteko egonaldia egin eta gero egina du Hernandezek. Egilea eskola barruan aritu zen gaztetxoekin batera; beraiekin murgildu zen ikasgeletan, korridoreetan eta patioan, ikasteko garaian eta jolaserakoan, egunerokoan eta egun berezietan. Denbora horretan, eskolako gazteen errealitatea behatzeko eta deskribatzeko aukera baliatu zuen, ikasle eta irakasleekin hitz eginez, hainbat elkarrizketa eginez eta analisia egin ahal izateko oinarrizko materiala osatuz. Horren ondorio da lan honen bigarren partea, zati etnografikoa, ekarpen interesgarriena egilearen hitzetan. "Izan ere (…) Euskal Herrian gai horren inguruan osatzen den lehenengoetakoa (edo lehenengo) saiakera dela uste dut".

Ikerketaren subjektu diren gazteek ikertzaileari adierazi diotenez, garai zaila bizitzen ari dira eta nonahi sumatzen dira horren ondorioak. Baita hizkuntzarekin duten harremanetan ere. Eta, esaterako, ez dituzte gustuko helduek hizkuntzaren inguruan garatutako diskurtsoak. Egileak idatzi duenez, "Egin euskaraz! baino ez dutela entzuten diote gazteek" eta, horrekin batera, "Non dago euskara Bilbon? Galdetzen diete gaztetxoek beren buruei".

Ikerketan antzematen denez, euskara pisu gutxiko aldagaia da gazteen artean, indarrik ez du gazteen unibertsoan sartzeko eta txertatzeko. "Aurreko hamarkadarekin konparatzen badugu, euskarak egungo gazte kulturak osatzeko eta sendotzeko gaitasuna galdu ote duen aztertu beharreko gaia litzateke". Eta aurrerago: "Belaunaldi berri horiek -egindako ahalegin horien guztien ondoren- ez dute beraiengandik espero zen euskararen erabilera erakusten eta horrek kezkak eragiten ditu: zertan eta noraino eragiten du, beraz, hezkuntza-esparruak euskalduntze-prozesuan? Non daude horren mugak?".

Jone Miren Hernandezek galderak egitera jo du, hala bere buruari nola irakurle interesatuari. Amaieran, berriz, aintzat hartu beharreko oharrak egin dizkigu, ondorio gisakoak. "Ikasleek urteetan ikasi arren, prozesu horri atxikitzeko bizipenak asko aldatu dira haurtzarotik nerabezarora. Aldaketa horiek gutxitan hartzen dira kontuan hizkuntza- eta hezkuntza-plangintzak egiten direnean". Beste batean, gazteen, eskolaren eta hizkuntzaren arteko harremanak ikertzen jarduten dutenei egindako oharra dugu, gazteen giro eta kultura gai harturik: "Gazte-kultura horiek gure ingurunean dituzten berezitasunak eta hizkuntzarekin eduki ditzaketen loturak lehentasunezko kezka bilakatu beharko lukete datozen urteetan". Era berean, hizkuntza eta kultur jatorri ezberdinetako haurrak batera biltzeak eskolari eskatzen dion ahalegin berezia gero eta beharrezkoago dela dio; beste herrialdeetako etorkinak ere goraxeago aipatu ditugun ezberdintasunei "gehitu beharreko buruhauste" dugula adieraziz.

Ikertzailea erabat murgildu da eskolan eta bertan gertatzen diren interakzioetan, hau da, ikasle eta irakasleen artean egunero haragiztatzen den negoziazioan. Hernandezek erabateko garrantzia ematen dio negoziazio horri, eta hizkuntzaren garrantzia eskolan harixe lotuta aztertu behar dela diosku. Are gehiago, hori egin ezean "ezin izango da gaztetxoengan egun hizkuntzak duen eragina ulertu, ezta beraien identitatea osatzeko prozesuan duen garrantzia ere".

Aurkibidea

Sarrera

  1. Gazteak, hizkuntza eta hezkuntza. Azken 20 urteetako hainbat eztabaida eta planteamendu
    • 1.1. Hizkuntza eta eskola
    • 1.2.Hizkuntza eta gazteak
  2. Hizkuntza, gazteak eta eskola ikuspegi antropologiakotik
    • 2.1. Eskola definitu, eskola ikertu
    • 2.2. Ikasleak, gazteak: objektua edo agentea
    • 2.3. Hizkuntza, gazteak eta eskola, praktika komunitate bateko osagaiak
  3. Agirre ikastetxea: kokapena eta testuingurua
    • 3.1. Bilbo: hiriburua
    • 3.2. Santutxu eta auzoko zonaldea
    • 3.3. Ikastetxea: sorrera, garapena eta bestelako ezaugarriak
  4. Ikastetxea komunitate moduan: rolak eta errutinak
    • 4.1 Esparru ofiziala edo formala 1.10.
    • 4.2. Esparru ez ofiziala edo informala
  5. Ikasleak, hizkuntza eta komunikazioa
    • 5.1. Komunikazioa fluxu moduan
    • 5.2. Komunikazioa index moduan
  6. Ikastetxea: identitate eraketarako esparrua
    • 6.1. Identitatea prozesu gisa (ikuspuntu diakronikoa)
    • 6.2. Identitatea gatazka gisa (ikuspuntu sinkronikoa)
  7. Azken gogoeta eta ondorioa

Bibliografia


Liburuaren ezaugarriak
  • Hizkuntza: Euskara
  • Argitaratzailea: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, Vitoria-Gasteiz
  • Urtea:  2005
  • Orriak:  143
  • ISSN:  1575-7005
Azken eguneratzea: 2006/09/20