Unanue, A.
Administrazioko atal elebidunetako langileen hizkuntza-ohituretan eragiteko plana
Lasarte-Oriako Udaleko esperientzia: planteamendu teorikotik aplikazio praktikora


Lasarte-Oriako administrazioko atal elebidunetako langileen hizkuntza-ohituretan eragiteko plana asmatu zuen herriko euskaltegiko irakasle Aitor Unanuek. Udalak onarturik dituen euskara erabiltzeko planen emaitzak eta mugak aintzat hartu eta langileen hizkuntza-portaerak aldatzeko estrategiak asmatu eta esperientzia egin zuen egileak. Gogo horren ondoriozkoa da argitalpen hau.

Esperientzia baten berri dugu honako lana. Administrazioko atal elebidunetako langileen hizkuntza-ohituretan eragiteko plana. Lasarte-Oriako Udaleko esperientzia: planteamendu teorikotik aplikazio praktikora du izenburu argigarria. Aitor Unanueren liburuak erakusten digun ahaleginak gogoan hartu beharreko marko orokorra du: administrazioko erabilera planak; kasu honetan, Lasarte-Oriako Udalean euskara erabiltzeko diseinaturiko bi planak, 2001-2003 urte bitartekoa bata, 2003-2007 artekoa, berriz, bestea.

Euskara planen helburu nagusia euskararen erabilera indartzea eta areagotzea da. Lasarte-Oriako Udalari dagokionez, idatzizko erabilerari eragitea erabaki zuten lehenengo plana diseinatu zutenean. Lehenengo plan hura garatu eta konturatu ziren: ahozko erabilera idatzizkoa baino handiagoa da administrazioko jardunean, "bai lan-hizkuntza bai zerbitzu-hizkuntza gisa", Unanuek dioenez. Hortik abiaturik heldu zioten ahozko erabilerari.

Egilearen asmoak ez du galerarik: "egindako azterketan sumatu ditugun ahulezia eta gabeziak gaindituta jaio beharko luke hizkuntza-ohituretan eraginez euskararen erabilera areagotzeko helburua duen egitasmo batek". Horretarako, nahitaezko izan ditu oinarri teorikoak, haien gainean plana eraiki eta esperientzia berria abiarazteko. Lehenik eta behin, ikuspegi kolektibotik -taldetik, alegia-, planteatutako egitasmoa onetsi zuten; izan ere, bestela eginez gero nekezago gertatzen da aldaketa-prozesua. Bestetik, administrazioko lan-taldeak berezko talde gisa hartu zituzten, arlo afektiboari dagokion garrantzia emanez, eguneroko lan-jardunean harreman formalekin batera informalak ere gauzatzen direlako. Era berean, Unanuek kontuan hartu zituen Kuadrillategi egitasmoaren emaitzak eta hipotesiak. Bestalde, oinarri teorikoei dagokienez oraindik, prozesuaren autogestioa jarri zuen helmuga, prozesuaren gaineko ardura dinamizatzailearengandik parte-hartzaileengana igaroaraziz, progresiboki. Orain arte aipaturikoez gainera, langileen autorregulazioa, ebaluazioa, motibazioa eta beste hartu zituen kontuan esperientzia honen egileak.

Esperientzia gauzatu deneko diruzaintza departamenduaren berri eman eta egitasmoaren nondik norakoak xehe azaltzen ditu Unanuek liburuan: "saio presentzialen bidez garatuko dut plana, horiexek izango dira ardatz nagusi. (…) Saioak ordu erdikoak izango dira, astean bat edo bi. Atazak, jarduerak eta ekintzak egingo ditugu saioetan eta saioetatik kanpo". Horiekin batera, esperientziaren beste zenbait ezaugarri ditugu: dinamizatzailea, metodologia parte-hartzailea, jardunbide programatua, iraupena (2005eko urtarriletik maiatzera), egitasmoaren aurkezpena, etab. Unanuek jarduera nagusiak banan-banan aurkeztu eta egitasmoaren ebaluaziora zuzentzen gaitu liburuaren hurrengo atalean.

Hemen, ebaluazioari eskainitako atalean, alegia, ataza, jarduera eta ekintza nagusien balorazioa ez ezik -ekintzen eraginkortasuna eta parte-hartzea-, langileen jarrera eta usteak ere biltzen dira. Erabileraren bilakaerari dagokionez, horretan eragitea baitzen egitasmoaren helburua, aldaketarik nabarmenena hasi berritan gertatutakoa da, "25 puntuko igoera, %15etik %40ra (…) Horrek erakusten du ezen planari motibaturik ekiten dioten langileak gauza direla beren hizkuntza-ohiturei astindu eder bat emateko. Hastea da errazena, ordea" dio Unanuek nahiz eta, ikertzailearen ustearen kontra, jarraitu ere ondo jarraitu zuten langileek: "hasierako motibazioa ez ezik motibazio eragilea ere indartsua zen". Eta, ustekabean berriz, planaren bukaera aldeko emaitza harrigarria: gora egin zuen (%53,3) berriro erabilerak, baita tarteko hilabeteetako erabilera-indizea gainditu ere (%47.3). Unanueren iritziz, "planaren hasieran gutxitxo zirudiena -%40ko erabilera-indizea-, lorpen handia zela sinestera iritsi ziren [langileak] planak aurrera egin ahala"; hau da, langileak hizkuntza-ohitura berriei eusteko gauza sentitu ziren.

Esperientzia gauzaturik, bere baitako gogoetan biltzen da ikertzailea ondorio nagusiei eskainitako atalean. Bertan, saio presentzialen garrantziaz ari da, saioen iraupen eta maiztasunaz, ekintzen eta jardueren eraginkortasuna eta langileen parte-hartzea bermatzeko kontrolari buruz -hetero-kontroletik autokontrolera igaro beharra, batik bat-, bai eta metodologiaren gainean ere. Azkenik, planaren jarraipen nahitaezkoa eta hutsuneak hizpide harturik ari zaigu: "planak jarraipena behar duela zalantza izpirik ez dut".

Hori gogoan, bigarren fasea aldarrika dator: "Badira hilabete batzuk plana bukatu genuela (…) Euskararen erabilerak behera egin du (…) Langileek bost urte inguru daramatzate lanean elkarrekin. Planak bost hilabete iraun du (…) Bost urte horietan finkatutako hizkuntza-ohiturek sustrai sakonak dituzte oso. Bost hilabete horietan, seguruenik, ohituron azala baino ez genuen urratuko, goiko geruza alegia, eta barrurago iritsi beharra daukagu, barne-muinetaraino".

Denbora galdu alde ibili gabe, bigarren fasearen epeak eta ezaugarriak aginduak ditu Aitor Unanuek liburuan. Hiru alditan banaturik, aurtengo urtarrilean hasi eta ekainaren erdialdera bitartekoa behar zuen…


Liburuaren aurkibidea

  • Hitzaurrea
  • 1. Abiaburua
    • 1.1. Lehenengo, idatzizkoan
    • 1.2. Ahozko erabileran eragiteko beharra
    • 1.3. Ahozko erabileran eragiteko asmoa
  • 2. Oinarri teorikoak
    • 2.1. Ikuspegi kolektiboa, taldea alegia
    • 2.2. Administrazioko lan-taldeak berezko talde gisa
    • 2.3. Kuadrillategi egitasmoaren emaitzak eta hainbat hipotesi
    • 2.4. Helmuga, prozesuaren autogestioa
    • 2.5. Autorregulazioa
    • 2.6. Ebaluazioa
    • 2.7. Motibazioa
    • 2.8. Oinarrizko hainbat kontu
  • 3. Lasarte-Oriako Udaleko esperientzia
    • 3.1. Egitasmoaren nondik norakoak
    • 3.2. Egitasmoa aurkeztea
    • 3.3. Egitasmoa programazioan zehar
  • 4. Egitasmoaren ebaluazioa
    • 4.1. Hainbat datu
    • 4.2. Ataza, jarduera eta ekintza nagusien balorazioa
    • 4.3. Langileen jarrera, usteak eta ahaleginaren nahiz emaitzen balorazioa
    • 4.4. Erabileraren bilakaera
  • 5. Ondorio nagusiak
    • 5.1. Saio presentzialak
    • 5.2. Saioen iraupena eta maiztasuna
    • 5.3. Kontrola dela eta ez dela
    • 5.4. Metodologia
    • 5.5. Jarraipena
    • 5.6. Hutsuneak
  • 6. Bigarren fasea
  • 7. Bibliografia
  • 8. Eranskinak
  • I.Ahozkoan eragiteko plana aurkezteko informazio-orria
  • II.Programazioa
  • III.Galdera-sortak: Hizkuntza-gaitasuna eta hizkuntza-portaera. Jarrera
  • IV.Saioaren eragina neurtzeko galdera-sortak
  • V.Hizkuntza-ohiturak aldatzeko ahaleginean izandakoa esperientzia
  • VI.Erabilera-fitxa
  • VII.Euskararen normalizazioaren pertzepzioa
  • VIII.Polizia linguistikoarena
  • IX.Lankideekiko harremanetako hizkuntza. Mintzagramak
  • X.Hurbiltzeko eta urruntzeko portaerak
  • XI.Euskararen erabilera bikoteka

Liburuaren ezaugarriak

Hizkuntza:
euskara
Argitaratzailea:
Lasarte-Oriako Udala. Euskara Batzordea. Lasarte-Oria
Urtea:
2006
Orriak:
148
Legezko gordailua:
SS-257/06
Azken eguneratzea: 2006/08/10