Narbaiza, Antxon
EUSKARIA SHOW


 

Gipuzkoako artxiboetan urte askoan egindako egonaldietan jasotako kontuak. Hemerotekak gordetzen duen ondare jakingarriaren lagina. Euskara eta Euskal Herria helburu, batean eta bestean bildutako bitxiak jaso ditu Antxon Narbaiza egileak Euskaria Show honetan. "Euskaria", Euskal Herria izenari gehien hurbiltzen zitzaiona baitzen, egilearen aburuz. "Show"..., ezinbestean: askotariko lekukotasunek horixe dute aldarri..

 

Euskaria Show. Antxon Narbaizak, liburuaren egileak berak argitzen digu tituluaren iluna: "Euskaria, edo Euskeria, alegia, Euskal Herria, Euzkadi eta Euskadi bilakatu aurretik bere lehen eta betiko izen horri gehien hurbiltzen zitzaiona baitzen. (...) XIX. mendearen azken hamarkadan oso erabilia, karlistek, integristek eta zenbait liberalek gora Euskaria! ozenak haizeratzen zituzten". "Euskaria", beraz, Antxon Narbaizaren hautu arrazoitua.

"Show", berriz, "gure lurralde honetan aurkituz joan garen bitxiak azaltzeko. (...) Gure helburua, bada, dakartzagun testigantza hauek Euskal Herriaren egungo errealitatearen argi-ilunetara hurbiltzea izan da".

Eta Euskal Herriaren egoera, euskararenaren bidetik hurbildu nahi izan digu Narbaizak, hamaika artxibo eta Gipuzkoari dagokion hemeroteka azterturik. Finean, bitxirik gozoenak, alerik mardulenak, fruiturik umotuenak bildu dizkigu uzta-biltzaileak, dokumentaturik. Horrela, liburuko orrialdeetan barrena, euskararen barne-historiaren txatalak jasoko ditugu. Asko, XIX. mendearen amaiera aldeko eta XX.aren hasierakoak, gaztelania etengabe aurrera egiten ari zenekoak. Adibidez, garai horretako antzerkigintzak Donostian zituen ezaugarriei buruz ari da egilea "Marcelino Soroaren pasadizoak" izeneko atalean. "Ohiturazko antzerkigintzak bazuen hiriburuan protagonistarik. Marcelino Soroaren inguruan edota beraren ondotik, Serafin Baroja, A. Amundarain, Pepe ArtolaToribio Alzaga eta beste zenbaitek islatu zuen egoera berria omen zen hura. Taularatzen ziren pertsonaien munduan maiz klase-kutsua zuen egoera izaten zen: euskara gaiztoa zerabiltenak, oro har, neskameak, eta baserritik jaitsi berriak izaten baitziren. Gero, adierazi bezala, hiriko maila apaleko langileak, ikazkinak, arrain-saltzaileak... Donostia erdalduntzen ari zen eta oholtza gainean ez ezik egunerokoek ere egun egun batean eta bestean antzezten zituzten barre eginarazteko ziruditen pasadizoak".

Liburua galeria oso bat da. Loiolako San Inazioren martxaren letraren gaineko eztabaida; Jose Maria Salaverria aitzakia hartu eta kale-izendegiari buruzko gogoeta; hizkuntza- eskakizunari buruzko kalapita Donostiako ehorzlea zela eta; euzkotasuna eta euskara; Juan Telleria zegamarra, "Cara al Sol" musikaren egilea; kapilau euskaldunaren inguruko auzia... eta beste hamaika ageri dira liburuan. Horietarik batzuk denboran zaharragoak dira beste batzuk baino; alegia, badira garai berriagoetako gertakariak kontatzen dituzten atalak ere: "No creguem en les pistoles" eta Eireko gaelikoaren eta euskararen egoeraren arteko konparaziozko testuak dira adibide.

Antxon Narbaizak hiru lan zituen onduak Euskaria Show hau baino lehen: Euskararen egoera Gipuzkoan: Pizkundea (1927-1936), Eibarko gatxizenak, eta Eibarko euskararen gutxiespena. Dokumentazio-lan handia egin du egileak. Askotariko testuak bildu ditu liburura. Testu ezberdinak diren arren, ohar egiten digu egileak: "baina bat datoz (testu) guztiak lan honek erakutsi nahi lukeen espirituarekin: ezer ez berririk zeru azpian. Gizakia ez da azken ehun urtean asko aldatu".

Bilketa-lana baino areago, gogoetarako gaia den liburua da Euskaria Show.


Liburuaren aurkibidea

  • Ondarroako arrantzaleak: 1886 eta 1891 urteak     
  • Kapilau euskalduna          
  • Marcelino Soroaren pasadizoak        
  • Serafin Baroja eta euskara        
  • Ramon Intzagarai eta Afrikako gerra       
  • Euskara karlisten, liberalen eta nazionalisten eskutik     
  • Karlismoa eta euskaltzaletasuna        
  • Liberalak eta euskara: Eibarko adibidea       
  • Sabino Arana eta hizkuntza eskubideak       
  • Isileko euskaltzaleak         
  • Apez zuberotarraren ateraldiak        
  • Primo de Rivera jenerala eta euskaldunak      
  • Fraisoroko mutiko jaungoikotsuak       
  • Hiria euskaldun garbiaren etsai        
  • Euskara menditarra          
  • Juan Telleria eta Pedro Mourlane Michelena      
  • Kale-izendegiak: gure bizikideen merituak      
  • Aita Maruriren esku dardaratiak        
  • Felipe Carreteroren iragarpenak        
  • Maisu ibiltariak          
  • Hizkuntza garbiketa eta hizkuntza eskakizuna      
  • Hizkuntza eskakizuna eta Donostiako ehorzlea     
  • Loiolako San Inazioren martxa: bakoitzak bereari     
  • Natura eta euskara          
  • Alabarik gabeko semeak         
  • No creguem en les pistoles        
  • Eire eta gu           
  • Eiretik Euskal Herrira         
  • Elebitasuna, hizkuntza ideologia eta katakuxintxak     


Liburuaren ezaugarriak

  • Egilea: Antxon Narbaiza
  • Hizkuntza: Euskara
  • Argitaletxea: Alberdania. Irun
  • Urtea: 2004
  • Orriak: 130
  • ISBN: 84-96310-22-1

 

Azken eguneratzea: 2005/09/05