Arautegia

Inprimatu

150/2014 DEKRETUA, uztailaren 15ekoa, Trapagarango (Bizkaia) La Reineta Funikularra, Monumentu Multzoko kategoriarekin, Kultura Ondasun Kalifikatu deklaratzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 142
  • Hurrenkera-zk.: 3412
  • Xedapen-zk.: 150
  • Xedapen-data: 2014/07/15
  • Argitaratze-data: 2014/07/29

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 artikuluaren babesean eta Autonomia Estatutuko 10.19 artikuluaren arabera, kultura-ondareari buruzko eskumen osoa bereganatu zuen. Aipaturiko eskumen hori gauzatuz, Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, Euskal Autonomia Erkidegoan kultura-interesa duten ondasunak deklaratzeko prozedurak ezartzen dituena.

Eskumen horiek baliatuta, La Reineta Funikularra kalifikatzeko espedientea tramitatzen da, historia, arkitektura eta kultura aldetik duen interesa ikusita.

2014ko apirilaren 4ko Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpenaren bidez (apirilaren 11ko EHAA, 71. zk.) hasiera eman zitzaion Trapagarango (Bizkaia) La Reineta Funikularra Monumentu Multzoko kategoriarekin Kultura Ondasun Kalifikatu deklaratzeko espedienteari.

Informazioa jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapideak egin ondoren, ez da alegaziorik aurkeztu.

Ondorioz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 11.1 eta 12. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek egindako aldeko txostena aztertu ondoren, eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren proposamenaz eta Gobernu Kontseiluak 2014ko uztailaren 15eko bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako Sailak Euskal Kultura Ondarearen Zentroari atxikitako Sailkatutako Kultura Ondasunen Erregistroan inskribatuko du Trapagarango La Reineta Funikularra.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak dekretu honen berri emango du Jabetza Erregistroan, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan ezarritakoa betetzeko, eta, horrekin batera, interesdunei eta honako erakunde hauei jakinarazi: Trapagarango udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Lehendakaritza eta Kultura Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumena eta Lurralde Politika Sailari.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak eskaera egingo dio Trapagarango udalari udal hirigintza-araudia egokitu dezan multzo horren babes-araudiak ezartzen dituen betebeharretara, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12.2 artikuluak hala xedatzen duelako.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Argitara dadila dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialen, jende guztiak horren berri izan dezan.

Udal planeamendua dekretu honetan ezarritako babes-araubideari egokitzen zaion arte eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren oniritzia izan arte, monumentu-multzoaren mugaketak hartzen duen eremuan egin beharreko esku-hartzeek aldez aurretik Bizkaiko Foru Aldundiko organo eskudunen baimena beharko dute, eta baimen horren ondotik eskuratu behar da udal lizentzia, halaxe xedatzen du-eta Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 29.1 artikuluak.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Dekretu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, aurretik beronen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Gobernu Kontseiluari hilabeteko epean, edo bestela zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, azkenekoz argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2014ko uztailaren 15ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

UZTAILAREN 15EKO 150/2014 DEKRETUAREN I. ERANSKINA

MUGA

Mugaren esparrua.

Erantsitako dokumentazio grafikoan zehaztutakoa da mugaren esparrua, eta kultura-intereseko honako gune, ondasun higigarri eta higiezinak biltzen ditu:

Funikularraren azpiegitura bera, haren funtsezko ekipamenduekin, ibilbidearekin, makinekin, ibilgailuekin, eraikinekin eta III. eranskineko zerrendetan zehaztutako gainerakoekin.

Txertatzeko baliatzen duen euskarria, azpiegituraren ibilbidearen ardatzaren alde bakoitzean dagoen hamar metroko lur-zerrenda barne.

Lursail oso bat, bere hedadurarekin elementu horiek guztiak biltzen dituena, eta guztiak ere osorik hartzea eta babestea bermatzen duena.

Monumentu Multzoa funikularraren ibilbidearen ardatzaren alde bakoitzean 10 metroko linea bat proiektatzearen ondoriozko lur-zerrendak eta beheko eta goiko geltokiak.

Mugaren justifikazioa.

Funikularraren balioak zaindu beharrak justifikatzen du proposatutako muga, azpiegitura baita babestu beharreko eszenatoki fisikoa osatzen duen kultura-unitate horren ardatz egituratzailea multzo horretan, betiere Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen babespean.

Ondasunak eszenatoki fisiko jakin batean txertatzen dira, eta, hori horrela, kultura-unitate hori ezin liteke soilik interpretatu elementu isolatuen batura gisa, eta, aitzitik, dagokion lurralde-testuingurua behar du. Horrenbestez, ondasunen multzo horri behar bezalako babesa eman eta balioan jartzeko, alboko guneak babestea eskatzen duen ingurune bat mugatu behar da, haien jatorrizkotasuna eta multzoaren beraren batasuna zaintzeko.

Azaldutako guztiarengatik, honako hauek biltzen ditu muga honek: funikularraren funtsezko ekipamendua, ibilbidea, makinak, ibilgailuak, eraikinak, txertatzeko baliatzen duen euskarria eta ingurunea.

(Ikus .PDF)

UZTAILAREN 15EKO 150/2014 DEKRETUAREN II. ERANSKINA

DESKRIBAPENA

La Reineta Euskal Herriko luzeena da, eta estatu mailan, bigarrena, Bulnes-ko (Asturias) funikularraren ondoren (2000ko abenduaren 21ean inauguratu zuten). Francisco Guinea injinerua izan zen obretako burua, eta Diego Basterra arkitektoaren geltokien proiektuari jarraitu zitzaion. 1926ko azaroaren 16an, Sustapen Ministerioak funikular hori martxan jartzeko behin betiko baimena eman zuen. Baina 1926ko irailaren 24an inauguratu zuten, behin-behinekoz. Arlo horretako enpresa espezialista batek, Von Roll suitzar enpresak, ibilbideko trakzio-sistemaren elementuak jarri zituen. Ibilbideak, guztira, 1.179 metroko luzera dauka.

Aztergai dugun funikularrak plataforma horizontaleko bi bagoi ditu, luzekako habe metalikoen gainean irrits egiten dutenak, kable traktore batek batzen dituela, dibidieta eragilearen poleak eraginda.

Bidea.

Ibilbideak 1,2 metroko bide-zabalera du, hormigoizko lauza baten gainean dago, eta bidezubiak eta haitzean egindako lubakiak ditu, La Reinetara joateko errepidea eta orografia-arazoak gainditzeko. Ibilbidearen erdialdera, trenbidea bitan banatzen da (Roman Abt ingeniari suitzarraren sistema), ibilgailuak gurutzatzea ahalbidetzeko.

Ibilgailuaren alde bakoitzeko gurpilak desberdinak dira. Horixe da gurutzatze-sistema horren funtsa. Izan ere, autoaren alde batean ezkerra edo eskuina, gurutzatze-posizioaren arabera erlaitz bikoitza dute gurpilek eta, kontrako aldean, ez dute halakorik eta zabalagoak dira. Horrela, erlaitz bikoitzeko gurpilek bermatzen dute ibilgailuak beti alde beretik zirkulatzea, eta ez da beharrezkoa gurutzatzeko pieza mugikorrak erabiltzea edo trenbide-aldaketarik egitea. Gurutzagunean, barruko erreien jarraitutasuna eten egiten da kablea pasa dadin eta erlaitzik gabeko gurpilen zabalerak etena arazorik gabe gainditzea ahalbidetzen du.

Trenbidea.

Forma triangeluarreko burua duten erreiek osatzen dute trenbidea, eta sekzio horrek bagoien larrialdiko balaztaren jarduna errazten du Hormigoi armatuzko plaka jarraitu batean enbutitutako profil angeluarreko luzekako habe metaliko batzuen gainean jarrita daude erreiak, trenbidearen oinarria osatzen du plaka horrek, eta, horrenbestez, ez dauka balasto harririk. Trenbidea behar bezala eustea ahalbidetzen du soluziobide horrek, eta trenbidearen materialak mugi ez daitezela lortzen du aldi berean. Bidean zehar, eskuineko aldetik gorakako noranzkoan, mailakatutako oinezkoentzako pasabide bat dago ikuskapen- edo mantentze-lanetarako, zubien arkuen gainetik luzatzen dena.

Ibilbidearen tren-euskarrian honako obra hauek egin ziren: bidezubi bat, argiaren 10 m-ko eta altueraren 15 m-ko erdi-puntuko bi arku dituena, laguntzeko murruak dituena; Zuhaiztietako errepidearen azpiko altueraren 8 m-ko eta argiaren 4,5 m-ko pasabide bat, ondoan, errepideari eusteko 12 metroko altuera eta 80 m-ko luzera duen murru bat duena; aipatutako errepidearen gaineko pasabide zeiharra eta bihurguneko beste bidezubi bat, argiaren 10 m-ko eta altueraren 15 m-ko erdi-puntuko lau arku dituena, laguntzeko murruak dituena; bidezubi horrek eremu korrigarri bat behean uzten du.

Lubeta aldea harri-horma hidraulikoko murruekin eginda dago.

Trakzio-sistema.

Trakzio-sistema goiko geltokiko lur azpiko gela batean dago, ibilgailuak plataformetan erraz sartu eta irten daitezen. Mugimendua motor batek eragiten du, eta bi erredukzio-faseren bidez polea eragile bati eragiten dio, eta polea horrek trakzio-kablea mugitzen du.

Motorrak balazta-bolanteak eta piñoi horzdun bat dauden ardatza mugitzen du. Piñoiak gurpil horzdun bat engranatzen du. Piñoia eta gurpila kutxa itxi autolubrifikatu batean sartuta daude, eta lehenengo erredukzio-fasea osatzen dute.

Bigarren erredukzio-fasean, aurreko gurpilaren ardatz berean muntatutako piñoi bat 3700 mm-ko diametroko polea eragilearen zati horzdunarekin engranatzen da (erredukzio hori babes-kaxarik gabe egiten da).

Polea eragileak (3.700 mm-ko diametroa) arrastatzen du kable traktorea, eta zati horzdun bat eta ildaska bikoitzeko beste bat dauzka zeregin hori betetzeko. Bi inbertsio-poleak osatzen dute sistema. Eta bi polea horiek kableak polea eragilearekin duten ukipen-azalera gehitzen eta kablea kanpo-poleen linearantz eramaten laguntzen dute.

Makinak Von Roll Fonderie de Berne-k ekarri zituen, eta, hasieran, motor trifasiko asinkrono bat zeukan (150 ZP, 575 bira minutuko). Motorra Brown Boveri etxeak egin zuen, Baden-en (Suitza), Urteak joan, urteak etorri, hasierako motorraren ordez Beasaingo Indar enpresak egindako motor bat ezarri zuten, balazta elektroniko gisa diharduena, eta abiadura egonkor mantentzen da, beherantza doan ibilgailuak gorantza doanak baino zama handiagoa badarama ere, eta multzoari 2 m/s-ko abiadura ematen dio.

Jatorrizko kable traktorea tortsio motakoa zen, 35 mm-ko diametrokoa, bakoitzak 16 hari eta kalamu-arina dituen sei kablez osatutakoa. Trenbidearen erdialdetik doa, lineako poleetan oinarri hartuta, ibilbideari egokitzea ahalbidetzen baitiote.

Agintea eta erregulazioa.

Instalazioak beheko geltokian kokaturiko aginte-postu bat dauka, eta postu horretatik martxa eta balaztatze-sistema kontrolatzen dira. Oraindik jatorrizko aginte-bolanteak dituzte, eta aginteko eta erregulazio automatikoko taula bat erantsi zaio.

Jatorrizko balazta-sistemak osagai hauek ditu: hankako balazta larrialdietarakoa, baraila motako gailu mekanikoak (beren ekintza marruskadura-indarrari dagokio, zurezko zapata batzuek balazta-bolanteen gainean eragiten duten indarrari). Zurezko zapaten ordez, osagai sintetikoak dituzten zapata berriak ipini dira, eta gainera, balazta elektromagnetiko bat erantsi zaio.

Nolanahi ere, ibilgailuek bi balazta-sistema dituzte (zerbitzukoa eta larrialdikoa), instalazioaren gainerako balaztatze-sistemekin zerikusirik ez dutenak. Bi dispositibo horiek baraila motako mekanismoen bidez eragiten dute trenbidean errailean eragiten duten zapaten bitartez. Biradera erlojuaren orratzen norabideari jarraiki biraraziz eragiten zaio esku-balaztari; larrialdiko balazta, aldiz, Ruprecht motakoa da bagoiaren kablearen tentsioa desagertu bezain laster hasten da lanean. Kasu horretan, kontrapisuak askatu egiten dira eta erortzerakoan malgukiei eragiten diete eta barailak errailaren kontra estutzen dira.

Ibilgailuak.

Ibilgailuak bidaiariak eta salgaiak garraiatzeko diseinatu ziren, eta horixe da La Reineta funikularraren bereizgarri nagusia. Zerbitzu bikoitz hori eskaintzeko, bi ibilgailuek bi plataforma horizontal dituzte, eta haien gainean, bidaiariak garraiatzeko kutxak ezarrita daude, eta kutxa horiek ken litezke plataforma horizontala libre uzteko, eta horrela, zama handiak garraiatu ahal izateko. Kutxak kentzeko, bi geltokiek dituzte zubi-garabiak.

Bastidoreak metalikoak dira eta Bernako (Suitza) Lucien Von Roll lantegietan egin ziren. 9.000 kg-koa dute gehienezko zama-edukiera. Plataforma horizontalek 8,50 metroko luzera dute, eta 3,10 metroko zabalera; zabalera erabilgarria 26,6 m2-koa dute.

Jatorrizko kutxak zurezkoak ziren, eta honela zeuden banatuta: hiru konpartimentu itxi (lehenengoan, gidariarentzako lekua dago); estalpeko plataforma zabal bat, banku jarraituak dituena eta multzo handiak garraiatzeko espazioa duena; eta balkoi ireki bat, gidariaren lekua, alegia.

Jatorrizko kutxak ordeztuak izan dira, eta haietako bat Burdinbidearen Museora eraman zuten. Kutxa berriak Irizar enpresak (Ormaiztegi) egin ditu: ate automatizatuak, berokuntza eta aire girotua ditu, eta EuskoTren-en erakunde-ikurrarekin apainduta daude.

Ezaugarri teknikoak.

Beheko geltokiaren garaiera: 62 m itsas mailaren gainean.

Goiko geltokiaren garaiera: 404 m itsas mailaren gainean.

Ibilbidearen luzera: 1.179 m.

Malda: 342 m.

Gutxieneko malda / gehieneko malda: % 23,85 / % 44,70.

Motor elektrikoa: Indar (Beasain).

Eragingailua: Bi erredukzioko Von Roll-a.

Zerbitzu-abiadura: 2 m/s.

Trazadura: Lerrokadura zuzena.

Trenbidearen zabalera: 1,2 m.

Muntaketa: Luzekako habe metalikoak hormigoizko lauza gainean.

Geltokiak

Geltokiak linearen hasieran eta bukaeran daude; «neovasco» deritzon estilokoak dira eta Diego Basterra arkitektoaren proiektuei jarraikiz eraiki ziren. Antzeko diseinua dute, eta bi geltokiek fatxada nagusiaren eskuineko angeluan harlanduzko dorre txiki bana dute, arrano bat irudikatzen duen eskultura banarekin erremataturik.

Bolumenek zeramika-teilazko bi isurkiko estalkia dute, eta beheko solairuaren profil bat gehi bat, eta teilatu azpian. Fatxada nagusian bi sarbide dituzte: oinezkoentzakoa eta ibilgailuentzako atetzarra. Beheko solairuan, bolumen nagusiari erantsiriko portiko batek babesten du geltokien oinezkoentzako sarbidea. Fatxadak kuxindura-zokaloz eta harlangaitz-hormaz osatuta daude, eta goiko aldean, apaintzeko bilbadura faltsuekin zarpiatuta daude Goiko geltokian, nasen gainean, terraza bat dago, mantentze-lanak egiteko tailer bat, eta sotoetan, funikularraren makinak daude.

Kanpoaldean, fatxadek ez dute denboraren joanaren ondoriozko zahartze-aztarrenik, eta oro har ondo kontserbatuta daude, aldaketa batzuk eginda.

Barrutik, espazio zabal bat dute, eta hor, behar izanez gero, utz daitezke bidaiarien kutxak, eta, horretarako, zubi-garabiak dituzte, eta garabi horiek lana errazten duen motor elektriko txiki bana dute.

UZTAILAREN 15EKO 150/2014 DEKRETUAREN III. ERANSKINA

BABES ARAUBIDEA

Babes Araubide hau Trapagarango funikularra Monumentu Multzo kalifikatutzat hartzen duen deklarazioaren zati da, eta, horrenbestez, kalifikazioaren eraginpean dauden ondasunen kontserbazioa araubidearen menpe jarri beharko da.

Industria-ondare horren interes kulturala gune eta eraikin multzo honetan dago, baita funikularrari lotutako azpiegituran eta instalazioetan ere. Horregatik, kultura-unitateari ezin zaio bere edukiaren zati bat kendu, ezta unitate horren osagaien izaera ere.

Beraz, segidan zehazten den babes-araubidea funikularraren kultura-osotasunari aplikatuko zaio: ondasun higigarriak eta higiezinak, bai eta eremu zehaztutako espazioak ere, hurrenez hurren, I. eta II. eranskinetan ezarritako mugaketaren eta deskribapenaren arabera.

Babes-araubidea hobeto ulertzeko eta erabiltzeko, bi zatitan antolatu da:

Lehenengo zatian araubide orokorra dago, bertan xedapen orokorrak eta esku hartzeko baldintzak biltzen dira.

Bigarren zatia industria-ondare hau osatzen duten ondasun guztien izaeraren arabera gauzatu beharreko esku hartzeko araubide espezifikoei dagokie.

Gauzak horrela, ondasun higiezinen barruan honako hauek bereizten dira: alde batetik, instalazioari loturiko ondare arkitektonikoa; eta bestetik, kable bidezko garraio-instalazioaren euskarria eta bide-azpiegitura. Ondasun higigarrien artean makinak, ibilgailuak edo bagoiak, altzariak eta azpiegituraren ekipamendua eta azpiegiturarekin loturiko guneak daude.

Babes-araubide honek babesten duen ondasuna Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean ezarritakoaren menpe egongo da baimen, erabilera, jarduera, defentsa, zehapen, arau-hauste eta bestelakoei dagokienez.

Araubide honetako aginduek Monumentu Multzoari eragiten dieten hirigintza-plangintzaren tresnak lotzen dituzte, Euskal Kultura Ondareari buruzko Legearen 28.1 artikuluan aurreikusten denaren arabera.

Plangintza araubidera egokitu beharko da onartu aurretik, baldin eta lantze-prozesuan badago, edota Deklarazioa egin aurretik indarrean baldin badago, araubidera egokituko da aldatuz edo berrikusiz, eta nolanahi ere, Kulturaren alorrean eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren Sailaren aldeko txostena beharko du.

Ezin izango dira Monumentu Multzoa osatzen duten ondasun higiezinak eraitsi edo ondasun higigarriak suntsitu (osorik edo zati bat), Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko Legearen 36. eta 40. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Aurri-egoeraren deklarazio-espedienteak ebazteko jarraitu beharreko prozedura kalifikatutako eta zerrendatutako kultura-ondasunen aurri-egoeraren deklarazioari buruzko eta haiek eraisteko erabakiaren aurretik eta ondoren egin beharrekoei buruzko azaroaren 10eko 306/1998 Dekretuan araututa dago.

Babes Araubide honen eraginpean dauden ondasunen jabeek honako hauetan ezarritako kontserbazio-, zaintza- eta babes-betebeharrak bete beharko dituzte:

Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko Legearen 20. eta 35. artikuluak; eta Lurzoru eta Hirigintzaren ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 24. eta 199. artikuluak, ondasun higiezinetarako.

Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 37. artikulua eta hurrengoak, ondasun higigarrietarako.

Era berean, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko Legea garatzeko, babes-araubide honen aginduak lotesleak dira, eta eraginpean hartutako ondasun guztiak araubide honen arabera kontserbatu, mantendu eta zaindu beharko dira.

Babes-araubide honen eraginpeko multzoan sartzen diren ondasunen gainean esku-hartzeren bat gauzatu aurretik, dokumentazio teknikoa aurkeztu beharko da eta dokumentazio horretan gutxienez honako hauek bildu beharko dira:

  1. Ondasunaren azterketa-diagnostikoa, honako hauek bilduta:

    Gaur egungo egoeraren dokumentazio grafiko zehatza, eskala egokian (eraikinen kasuan, 1/50 eskala oinplanoetan; fatxada eta sekzioetan, arkitektura-xehetasunak 1/20 eskalan), argazki-dokumentazio osoa, plano historikoak eta abar; bereziki, sistema teknologikoaren eta/edo egitura-sistemaren altxaera zehatz, dimentsionatu eta kotatuan; aurretiko bisten azterketa estratigrafiko osoan.

    Ondasunari buruzko ikerketa historiko-teknikoa, honako hauek jasota: ondasunaren azterketa historiko eta tekniko osatua, unitate estratigrafiko guztiak barnean hartuz eta bakoitzaren erregistroko fitxa tekniko osatuak idatziz; Fabrika Liburuen transkripzioa bereziki nabarmenduz.

    Kontserbazio-egoeraren azterketa-diagnostikoa, honako hauek jasota: patologiei buruzko azterketa bat, egitura-sisteman edo segurtasun-sisteman eragiten duten edo eragin dezaketen patologiei bereziki erreparatuta; ondasunaren patologiak edo narriaduraren arrazoiak; eta elementuak babesteko aurreikusi diren neurriak.

  2. Esku-hartze proposamena, honako hauek bilduta:

    Erabili beharreko jardun eta tekniken balioespen justifikatua egiten duen dokumentazio idatzia eta, hor, erabiliko den materialaren kalitatea, egokitasuna eta egonkortasuna adieraziko da, baita zer elkarreragin duen gainerako osagarriekin ere.

    Egin beharreko esku-hartzeen dokumentazio grafikoa; erabili beharreko materialak; lanak egikaritzeko faseak, baita bukaerako egoera ere, goian aipaturiko eskaletan proiektatuta. Egin beharreko esku-hartzeek fabrikak edo makineria eraginpean hartzen badituzte, Egikaritze Unitate bakoitzari dagozkion fitxak idatzi behar dira, erregistro zorrotza izateko.

    Esku-hartzearen aurrekontua, esku-hartze hori babes-araubide honek ezarritako aginduen arabera egikaritzeko behar diren teknika eta bitarteko guztiak barnean hartzen dituena.

    Mantentze-lanetako plana, eraikinen, makinen, azpiegituren eta elementu guztien bizitza ziurtatzeko eta egoki mantentzeko behar diren teknikak eta bitartekoak zehaztuta.

    Bizkaiko Foru Aldundiko organo eskudunak adierazten duen kasuetan, azterlan osagarriak, historikoak, arkeologikoak edo bestelakoak ere egin beharko dira.

Babes Araubide honen eraginpeko ondasunetan higiezinak eta higigarriak esku-hartzeak egiteko Bizkaiko Foru Aldundiko organo eskudunaren baimena eskuratu behar da. Ondasun higiezinen kasuan, baimen hori udal-lizentzia eman aurretik lortu beharko da, betiere Eusko Jaurlaritzan Kulturaren arloan eskuduna den Sailak Deklarazioaren eraginpeko eremua babesteko plan berezien eta/edo lurraldearen eta hiriaren antolamendu-planen aldeko txostena egin ez badu. Ondasunen higiezinak eta higigarriak mantentze-lanetako jardunak eta instalazioaren elementu txikiak (zerrendetan zehaztuta dago zer ondasun hartzen den elementu txikitzat) aldatzea ez dira esku-hartzetzat hartuko eta ez dute baimenik beharko.

Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 23. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, honako erabilera hauek soilik baimenduko dira: multzoaren ezaugarrietara egokitzen direnak, multzoa osatzen duten ondasunak behar bezala kontserbatzea ahalbidetuko dutenak, eta babes-araubide honetan adieraziriko elementuak behar bezala eta bereziki babestea ahalbidetuko dutenak.

Indarreko sektoreko araudia betetzera bideratutako esku-hartzeak baimenduko dira, bereziki, segurtasunaren eta irisgarritasunaren arloko baldintzak arautzen dituztenak, baina babes-araubide honetan finkaturiko jardun-mugen barruan.

Deklarazioa eragin zuen interesa errespetatu behar da ondasunaren kontserbazioan, errekuperazioan, zaharberritzean eta erabileran, baina horrek ez du esan nahi ezin denik gaur egungo elementu, teknika eta materialik erabili ondasuna bere erabilerara hobeto egokitzeko.

Esku-hartze oro multzoaren kultura-balioespenetik eta kulturaren eta ingurunearen, paisaia naturalaren eta/edo hiri-paisaiaren arteko etengabeko harremanetik abiatuta egin beharko da.

Eremu horretan kokatutako interes kulturaleko ondasunak eta guneak zaindu beharko dira eta gorde eta kontserbatuko direla bermatu; era berean, mugaren barruan hartutako gainerako ondasun guztiei balioa emango zaie eta ikusaraziko dira.

Kultura-adierazpen ukigarria edo ukiezina zaindu beharko da, hura ulertzea eta behatzea ahalbidetuz.

Etorkizunean zaharberritzeko beste esku-hartzerik egitea eragotziko ez duten teknikak eta materialak erabiliko dira.

Gune honetako esku-hartze eta erabilerek ez dute eremuaren izaera arkitektonikoa eta paisajistikoa aldatuko, ez dute eragotziko ondasunaren behaketa edo ez dute ondasunaren osotasun fisikoa urratuko. Lurraldearen geomorfologian eta topografian aldaketa larria eragingo duen lur-mugimendu oro debekatuta dago, baita zaborrak, obra-hondakinak edo hondakinak botatzea ere.

Deklarazioan mugatutako babes-eremuari dagokionez, funikularraren xedearekin edo ezaugarriekin zuzenean loturarik ez duen eginkizun bat betetzen duten elementu, eraikin eta instalazioak ezabatzeko esku-hartzeak baimendu ahal izango dira, gunea hondatzen badute.

  1. eranskinean finkaturiko mugan biltzen diren higiezin, gune eta arkitektura-elementu guztiei aplikatuko zaie titulu hau.

    Arau honi dagokionez, eraikintzat hartuko dira Eraikinen antolamenduari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legearen 2.2 artikuluan deskribaturiko eraikuntza-egintzak.

Kapitulu honetan biltzen dira dokumentazio grafikoan (planoak eta fitxak) eta hurrengo zerrendan izenaren eta helbidearen arabera identifikaturiko ondasunak:

(Ikus .PDF)

Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12.1.e) artikuluan ezarritakoa betetzeko, berebiziko garrantzizkotzat joko dira bolumetria, barneko guneak, espazio-harremanak, garaiko elementuak (garaiko plakak, babesak, apaingarriak, materialak, zurgin-lanak) eta fatxadak.

Esku-hartzeen bitartez eraikuntza osatzen duten elementuak sendotu, zaharberritu eta berritu egingo dira, baimendutako erabilerak gauzatzeko beharrezkoak diren elementu berriak txertatu eta gehigarri degradatzaileak ezabatu.

Ondasunaren espazioaren antolamendurako ezaugarri tipologikoak, bolumetrikoak eta morfologikoak kontserbatu egingo dira eta, teknikoki ahal den heinean, eraikuntza-prozedurak ere bai.

Elementu tipologiko formalak eta egiturazkoak errespetatu egingo dira eta barruan ezin izango d(ir)a gauzatu elementu horiekiko egokia(k) ez d(ir)en erabilera(ri)k.

Ondasunaren benetakotasun historikoa desitxuratzen duten gehigarri mimetikoak debekatuta daude, baita ondasuna guztiz edo partzialki berreraikitzea ere, betiere jatorrizko zatiak erabiltzen ez badira multzoaren kultura-balioak eta izaera atzemateko. Azken kasu horretan, esku-hartze berria ongi bereizi beharko da, irakurketan edo interpretazioan akatsik egon ez dadin.

Barneko guneetan egindako esku-hartze ororen bitartez multzoaren izaera areagotuko da eta altzariak multzoaren ingurumen-izaerarekin integratu eta harmonizatuko dira.

Babes bereziko gainerako elementuei dagokienez (16. artikuluan zerrendatuta daude) kontserbatzeko eta horiei balioa emateko esku-hartzeak eraikuntza-alorrekoak egitea baimenduko da eta, horretarako, Ondare Urbanizatua Birgaitzeko Jarduketa Babestuei buruzko abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuan zaharberritze zientifikorako ezarritako lanak egitea ere baimenduko da.

Eraikinen barnealdea hustea eraistetzat hartuko da eta, horregatik, Babes Araubide honen 6. artikuluan xedaturikoa bete beharko da.

Fatxadak zaharberritzea, konposizioaren batasuna aldatu gabe eta balio estilistiko berezidun elementuak errespetatuta; aldaketa partzialak ez dira baimenduko.

Gehigarri degradatzaileak eta azkenaldiko garaietan egindako edozein obra ezabatzea, betiere interesik ez badute edo ondasunaren edo inguruaren jatorrizko arkitektura-ezaugarriekin kontraste negatiboa egiten badute.

Garrantzi arkitektoniko edo kultural handia duten barneko guneak (nasak, ataria) zaharberritzea, jatorrizko dekorazioaren arkitektura-elementuei eutsita eta egiturazko antolamenduaren ezaugarrietan aldaketa nabarmenik egin gabe.

Jatorrizko arotzeriako, fatxadako baoetako, beirateetako, dekorazioetako eta abarretako edozein elementu edo bestelako elementu interesgarriak zaharberritzea edo, hala dagokionean, material eta diseinu berdineko elementu berriak jartzea horien ordez, betiere jatorrizko itxura berreskuratzea ahalbidetuz gero.

Finkatzea, berreskura ezin daitezkeen zatiak aldatuta, sostengu-hormen, solairuen eta estalkiaren posizioa edo kota aldatu gabe eta jatorrizko estaldura-materiala berrezarrita.

Babes-araubide honen beste alderdiren bati aurka egiten ez dioten barneko obrak; esate baterako, entokadura eta pintura, zoladuren egikaritzea eta konponketa, barneko arotzeria-lanak, iturgintza-konponketak, berogailuak eta tximiniak.

Funtsezko instalazio teknologikoak eta higienearen eta osasunaren ingurukoak jartzea, aurretiaz adierazitakoa errespetatzen den heinean.

Baimendutako esku-hartzeak mugatzearen xedea balio historiko-arkitektonikoak kontserbatzea da. Horretarako, 16. artikuluan zerrendatu ditugun babes berezidun elementuen ezaugarriak alda ditzaketen esku-hartzeak debekatuta daude.

Oro har, ez dira baimenduko ondasunaren balio historiko-arkitektonikoak kaltetu edo hondatuko dituzten esku-hartzea, ezta araubide honetako beste alderdiren baten aurkakoak direnak ere. Horretarako, esanbidez baimenik gabeko jarduntzat hartuko dira honako hauek:

Bolumen-aldaketak eta oinplanoko azalera-bariazioak, baldin eta ondasunaren elementu tipologiko formalak eta egiturazkoak atzematea eragozten badute.

Fatxadak aldatzea, fatxadetako osagaiei eta haien tratamenduari dagokienez eta fatxadako baoen jatorrizko kokapenari dagokionez.

Espazio nagusien barnealdeko aldaketa eta egitura-antolamendua, baldin eta espazioak pisutan zatitzea eragiten badute.

Estalkien aldaketak; hala nola altxatzea, isurialdeak aldatzea eta isurialdeen kopurua aldatzea.

  1. artikuluan zerrendatutako Babes bereziko elementuei dagokienez, estilo-eransketak, nahiz eta dokumenturen batek agertzen duen nolakoa izan zen obra, behin bukatuta.

    Fatxada garbitzeko tratamenduak, baldin eta kanpoko testura edo akaberako elementuen konposizioa atzera ezinezko moduan aldatzen badute. Garbitu aurretik eta materialen konposizioa aztertu ostean, elementu ahulenak babestu eta egon daitezkeen junturak eta artesiak zigilatuko dira.

    Instalazioetako hodiak karta-hormetan sartzea; erraz iristeko moduan eta modu diskretuan egikaritu behar dira.

  1. eranskinean xedaturiko mugaren barruan sartutako kable bidezko garraio-instalazioaren trenbide-sarea, euskarria eta azpiegitura osatzen dituzten elementu guztiei aplikatuko zaie titulu hau.

Kapitulu honetan biltzen dira dokumentazio grafikoan (planoak eta fitxak) eta hurrengo zerrendan identifikaturiko ondasunak, izenaren eta kokapenaren arabera, hala badagokio:

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko Legearen 12.1.e) artikuluan xedaturikoa betetze aldera, garrantzi berezidun elementutzat hartuko dira trazadura, gurutzatze-sistema, bide-euskarria eta ekipamenduaren ezaugarriak, esate baterako, trenbidearen zabalera, materialak, sekzioak eta abar.

Elementu horien kasuan, elementuak kontserbatzeko eta elementuen ezaugarriei balioa emateko esku-hartzeak soilik baimenduko dira, betiere teknologia (hau da, trenbide-euskarriaren osagaien ezaugarriak, egikaritzeko modua eta elementu tipologiko formal eta egiturazkoak) errespetatuta.

Benetakotasun historikoa bermatzea, dauden materialak eta azpiegituraren alderdi formalak eta berezko ezaugarriak fisikoki eta funtzionalki kontserbatuz, eta potentzial arkeologikoa errespetatuz.

Bide-euskarria eta -azpiegitura kontserbatzea osagai guztiekin, beharrezkoa diren mantentze-lanak eginez eta eraikuntza-teknika bera, materialak eta ezaugarri formalak erabiliz. Kontserbazio-egoera onean dauden elementuak errespetatu egin beharko dira, hala funtzioari nola kokapenari dagokienez.

Ondasunaren, bere osagaien eta ezaugarrien osotasuna zaintzea, baita horien iraupena luzatzea ere.

Bide-euskarriaren egiturak lehengoratzea, egiturari edo funtzionalitateari lotutako aldaketa txikiak baimenduz, betiere dauden elementuak ez badira aldatzen, itzulgarritasun-irizpideak erabiltzen badira, eta elementuekin, metodoekin eta teknikekin harmonizatzeko adierazi diren irizpide orokorrak betetzen badira. Esku-hartze berria behar den neurrian bereizita geratuko da, irakurketa- eta interpretazio-hutsegiteak saihesteko.

Egitura-arazoak jatorrizko eraikuntza-materialak eta -teknikak erabiliz konpontzea.

Egoera txarrean dauden eta erresistentzia-funtzioa betetzeko gai ez diren linea-elementuen (poleak, bideak) ordezpen puntuala, material, dimentsio eta forma berdinekin. Aldez aurretik, 8. artikuluan adierazten den bezala, elementuaren kontserbazio-egoeraren azterketa bat egingo da, eta materialaren degradazio-maila eta erresistentzia barnean hartuko ditu, baita kontserbazio-egoera modu egokian zehazteko beste edozein azterketa osagarri ere.

Azalpen-seinaleak eta -taulak jartzea, betiere irudi bateratua eskaintzen badute, azpiegituraren berezko irudia aldatu gabe.

Jatorrizkoa bigarren maila batean uzten duten eta jatorrizko elementuekin (kolorea, tonua, ehundura, forma eta eskala) eta erabilitako metodo eta teknikekin harmonizatzen ez duten gehikuntzak egitea debekatuta dago.

Erabilitako sistemarekin bateragarriak ez diren teknika berriak sartzen dituzten esku-hartzeak ez dira egingo, ez materialei ezta lotura-moduei dagokienez ere.

Instalazioan funtzio edo zerbitzu berriak gaineratzea, babes-araubidearen preskripzio eta helburuaren aurkakoak diren esku-hartzeak ekarriko badituzte.

Titulu hau, I. eranskinean ezarritako mugan barne hartuta dagoen kable bidezko garraio-instalazioari lotutako ondasun higigarri guztiei aplikatuko zaie.

Kapitulu honetan, dokumentazio grafikoan (planoak eta fitxak) eta ondorengo zerrenda honetan identifikatuta dauden ondasunak barne hartzen dira.

Erref.: Izena

1 Ibilgailuen plataforma horizontala.

1.1 BASTIDOREA

7,95 m-ko luzerako bastidore metalikoa, ardatzen artean 5,20 m-ko tartea duena (2 unitate)

Altzairuzko ardatzak (4 unitate).

Burdinurtuzko palanka, eskuaira-forma duena (2 unitate).

Bastidoreko elementu txikiak:

Altzairuzko gurpil laua, 500mm-ko Ø duena eta 180mm-ko luzerakoa (4 unitate).

Altzairuzko gurpila, 500mm-ko Ø duen erlaitz bikoitzarekin (4 unitate).

1.2 KROKATZEKO ETA BALAZTATZEKO ELEMENTUAK

Altzairuzko zorro metaliko zilindrikoak kanpoaldera eta barnealde konikoarekin (2 unitate).

Bolantea eta esku-balaztari eragiteko altzairuzko ardatza (4 unitate).

Esku-balaztari eragiteko engranaje konikozko sistema (4 unitate).

Balaztek jarduteko Galle Kateak (4 unitate).

Larrialdi-balazta askatzeko pedala (3 unitate).

Trinket-mekanismoa (2 unitate).

Krokatzeko eta balaztatzeko elementu txikiak:

Trakzio-kablea

Kableak eta bere ardatzak tentsioa galduz gero biratzen den palanka (2 unitate).

Balazta-palankak (12 unitate).

Errailaren gainean diharduten balazta-barailak (12 unitate).

Trinket-mekanismoa eragiten duen kontrapisua (2 unitate).

Egurtasun-balaztak errematatzeko palanka eramangarriak (motza eta luzea). (2 unitate

2 Trakzio-sistema

2.1 MOTORRA

Indar Motorra Beasain (unitate 1).

Hormigoizko bankada (unitate 1).

Elementu txikiak:

Motor nagusiari eusteko altzairuzko egitura (unitate 1).

2.2 LEHEN ERREDUKZIO FASEA

Balazta-bolanteak (2 unitate).

Piñoi horzduna (unitate 1).

Gurpil horzduna (unitate 1).

Kutxa itxi autolubrifikatua (unitate 1).

Ardatza (unitate 1).

Hormigoizko bankadak.

2.2 BIGARREN ERREDUKZIO FASEA

Piñoi horzduna (unitate 1).

Polea eragilea, 3700 mm-ko Ø duena, ildaskekiekin eta gune horzdunarekin (unitate 1).

Inbertsio-poleak, ildaska hirukoitzarekin (unitate 2).

Erredukzioaren bigarren fasearen ardatza (unitate 1).

Polea eragilearen ardatza (unitate 1).

Inbertsio-poleen ardatzak (2 unitate).

Hormigoizko bankadak.

Erredukzioaren bigarren fasearen elementu txikiak:

Polea eragilearen ardatzeko kojineteak (2 unitate).

Polea eragilearen ardatzari eusteko burdinurtu-piezak (2 unitate).

3 Aginte- eta balazta-sistema.

3.1 BALAZTATZE SISTEMA

Balazten barailen metalezko bastidorea (2 unitate).

Balaztei eskuz eragiteko bolanteak (2 unitate).

Segurtasun-balaztari eragiteko kate horzduna (2 unitate).

Aginte- eta balazta-sistemaren elementu txikiak:

Zapatak (4 unitate).

Hagaxketatik kate horzdunera mugimendua transmititzen duen kable teinkatzailea (unitate 1).

Segurtasun-balazta eragiten duten karrera-amaierako eta estazionamendurako hagaxkak (2 unitate).

Gehiegizko abiadura-kasuetan eragiteko dispositibo mekanikoa (unitate 1).

3.2 AGINTEAK ETA KONTROLAK

Zerbitzu-balaztari eragiteko bolantea (unitate 1).

Aginte-bolantea (unitate 1).

Ibilgailuen posizionamendua kontrolatzeko gailua (unitate 1).

3.3 ALTZARIAK ETA EKIPAMENDUA

Plakak eta garaiko telefonoa.

Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12.1.e) artikuluan ezarritakoa betetzeko, berebiziko garrantzizkotzat joko dira azpiegiturak objektu teknologiko gisa duen jatorriko izaera, funtzionatzeko modua, ibilgailuen plataforma horizontalak, eta garaiko plakak.

Elementu horien gainean, elementuak kontserbatzera eta haien ezaugarriei balioa ematera bideratutako esku-hartzeak bakarrik onartuko dira, betiere ondasunaren teknologia eta osagaien ezaugarriak, pieza mekanikoen bidezko funtzionamendu-modua eta elementu tipologiko formal eta estrukturalak errespetatuz.

Ondasunaren osotasuna zaintzea, baita etorkizunean osorik transmitituko dela eta instalazioari lotuta dauden giza trebetasunak eta lanbideak zaintzea ere.

Benetakotasun historikoa bermatzea, eta azpiegiturak objektu teknologiko gisa duen jatorrizko izaera, pieza mekanikoen bidezko funtzionamendu-modua eta makina eta elementu lagungarriak kontserbatzea.

Osotasun funtzionala eta material esanguratsua zaintzea, jardueraren jatorrizko patroiei eutsiz eta funtzionamendua ahalbidetzen duten elementu guztiak (adibidez poleak eta uhalak) kontserbatuz, eta arau orokor gisa baliabide lagungarri alternatiboen erabilera saihestuz.

Edozein esku-hartze egiteko, itzulgarritasun-, bateragarritasun- eta egonkortasun-irizpideak kontuan izan beharko dira. Jarduna, ondasuna kaltetzen ez duten produktu, material eta prozesuen bidez egin beharko da.

Kultura Ondasun Kalifikatuaren kontserbazio prebentiboari lehentasuna eman beharko zaio, alterazioak saihesteko eta horren narriadura eteteko beharrezko baldintzak jarriz. Makinen gaineko jardun fisikoak ondasuna behar bezala kontserbatzeko bakarrik beharrezkoa denean egingo dira, edo bere egoera kontuan izanik horiek ulertzeko eta transmititzeko ezinbestekoa denean.

Esku-hartze oro dokumentatu egingo da eta, edozein kasutan, Kultura Ondasun babestuaren balioa murrizten duten elementu bateraezinen eta eranskinen ezabatzea aurreikusiko du. Hori guztia esku-hartzerako dokumentazio teknikoan bilduko da, eta 8. artikuluan adierazitakoaren arabera egin beharko da.

Ondasuna zaharberritzea, alteratutako zatien jatorrizko egoerara lehengoratuz.

Errekuperaezinak diren zatiak ordeztuz kontsolidatzea, hainbat ezaugarri aldatu gabe, hala nola: posizioa, funtzionamendu-modua, materiala, sekzioa, eta abar.

Interesgarriak ez diren eta ondasunaren ezaugarriekiko kontraste negatiboa egiten duten elementu erantsiak edo duela gutxiko inkorporazioak ezabatzea.

Ondasuna kontserbatzea alterazioak saihesteko eta narriadura eteteko beharrezko baldintzak jarriz, eta mantentze-lan egokia egitea. Honako jardun hauek barnean hartzen dira:

Aldizkako azterketak garbiketa, koipeztatzea eta oxidazioen kontrola egiteko, baita plagak kontrolatzeko eta ezkutuko guneak garbitzeko ere.

Giro-baldintzak kontrolatzea (hezetasuna, tenperatura, argia, kutsatzaile atmosferikoak).

Bionarriadura eragiten duten ugaltzeak saihesten dituzten tratamendu prebentiboak.

Barne-egituraren kontserbazio-baldintzen aldizkako azterketa (engranajeak lotzeko sistemak, transmisio-mekanismo edo -elementuak eta sistema mekanikoak).

Ondasuna ulertzera bideratutako zaharberritzeko esku-hartzeak, osotasun estetikoa, fisikoa edo historikoa errespetatuz.

Salbuespen gisa, elementu, sistema eta/edo instalazio berriak inkorporatzea, kable bidezko garraioaren funtzionaltasuna zaintzeko segurtasun-arrazoiengatik ezinbestekoak direnean. Inkorporazio berriak ez du ondasuna ikustea oztopatuko eta egitura lagungarri paralelo gisa egingo da, ondasunaren osotasun funtzionala eta, ondorioz, ulermen funtzionala.

Ondasunaren jatorrizko funtzionamendua ez lehengoratzeko moduan aldatzen duten tratamenduak edo konponketak. Edozein esku-hartze egin baino lehen eta ondasunak aztertu ondoren, elementu hauskorrenak babestu egingo dira, eta horien egungo egoera kontuan izanik babestu, garbitu eta konpondu egingo dira.

Kable bidezko instalazioaren izaera mekanikoa ezkutatzen edo ezabatzen duten estalkiak edo beste elementu batzuk.

Makinen aldizkako garbiketan ondasuna narria dezaketen prozedura agresiboak erabiltzea. Era berean produktu kimiko korrosiboen erabilera ahalik eta gehien mugatuko da. Xurgapen-prozedurak erabiliz gero, ondasunaren kontserbazio egokia bermatzen duten sistemak erabiliko dira.

Ondasunen materiala ezabatzea, haiek babesteko ezinbestekoa denean edo ondasunaren balio historiko eta estetikoei kalte eragiten dienean izan ezik.

Ondasunak kontserbatzeko eta funtzionatzeko giro-baldintzak kaltetzen dituzten sistemak instalatu eta/edo erabiltzea.

Araubide honen eraginpeko ondasun higigarriak lekualdatzea. Ondasunek jatorrizko kokalekuan egon beharko dute, haien deskontestualizazioa saihestuz eta kable bidezko garraio-instalazioaren xede den objektu gisa duen izaera errespetatuz.

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik