Chatbot Covid-19 - Lege-informazioa eta Pribatutasun-gidalerroak

CHATBOT COVID-19 ERABILTZEAREKIN BATERA, ERABILERA-BALDINTZA HAUEK IRAKURRI ETA ONARTU DITUZULA ADIERAZTEN DUZU. HEMEN AURKITUKO DUZU CHATBOT COVID-19 APLIKAZIOAREN ERABILTZAILE ERREGISTRATU GISA DITUZUN ESKUBIDE ETA BETEBEHARREI BURUZKO INFORMAZIO GUZTIA.

Lege-informazioa

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak chatbot edo txat automatizatu bat jarri dute martxan, COVID-19arekin lotutako datu baliagarriak erabiltzaileen eskura jartzeko. Denbora igaro ahala eta pandemiaren bilakaeraren arabera, datuok garatu eta hobetu ahal izango dira. Aurrerantzean, elkarrizketa bidezko sistema horri "Chatbot" deituko zaio.

Chatbotak aukera ematen du COVID-19 gaixotasun infekziosoa izateko probabilitateari buruzko lehen triajea egiteko, herritarren autoebaluazio soil baten bidez; gainera, soluzio protokolizatuak eskaintzen dituenez, koronabirusaren inguruko zalantzak argitzeko lagungarria da, betiere informazio gisa eta pertsona pazientetzat hartu gabe.

OHAR GARRANTZITSUA: Chatbota EZ DA INOLAZ ERE ASISTENTZIA MEDIKOKO ZERBITZU BAT, ETA EZ DITU INOLAZ ERE ORDEZTUKO KONTSULTA MEDIKO-SANITARIOAK.

  • Chatboteko kanalak LIBREAK ETA DOAKOAK DIRA, ETA BORONDATEZKOA DA bertan sartzea. Era berean, uneoro kontsultatu ahalko dira www.osakidetza.euskadi.eus edo www.euskadi.eus webguneetan.
  • Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, noiznahi eta aldez aurretik abisatu gabe, Chatbotean edo haren konfigurazioan edo aurkezpenean jasotako informazioa aldatzeko eta eguneratzeko ahalmena izango du.
  • Chatbotak ez du inolako datu pertsonalik gordeko, txatera sartzeko erabiltzen den ordenagailuaren IPa ere ez. Hobeto funtzionatzeko, baina, cookieak erabili beharko ditu. Cookie horiek erabat ezabatu ahal izango dira, txataren erabiltzaileak hala nahi badu.
  • Norberaren erantzukizun esklusiboa izango da Chatbotera sartzea, baita bertan jasotako informazioari egin dakiokeen erabilera ere, salbu eta, dagozkion eskumenak zorrotz erabilita, legezko xedapenak aplikatzearen ondoriozko jarduketa guztietan. Era berean, ez da erantzukizunik sortuko Chatbotera sartzeak edo bertako informazioa erabiltzeak eragin ditzakeen ondorio, kalte edo galeren gainean. Chatbota ez da inolaz ere asistentzia medikoko zerbitzu bat, eta ez ditu inolaz ere ordeztuko kontsulta mediko-sanitarioak.
  • Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak ez du bere gain hartuko Chatbotean aipatzen diren hirugarrenen esteken konexioaren edo edukien ondoriozko inolako erantzukizunik.

Legezko edozein ekintza edo prozedura Euskal Autonomia Erkidegoko jurisdikzio eskuduneko epaitegi edo auzitegi batean aurkeztuko da soil-soilik (EAEJANko Administrazioarekiko Auzien Sala).

Pribatutasun-gidalerroak

Chatbot COVID-19 aplikazioaren ("Aplikazioa" edo "CHATBOT COVID-19") erabiltzaileentzako pribatutasun-gidalerro hauetan, biltzen ditugun datuei buruzko informazio guztia edukiko duzu; datuok nola erabiltzen ditugun eta haien gainean dituzun eskubide eta betebeharrak ere jakinaraziko dizkizugu.

Chatbot bidez kudeatzen den informazioa anonimoa da, eta ez du erabiltzailea identifikatzeko aukerarik ematen.

Tratatzen dugun informazioaren artean daude herritarrak dituen sintomak, COVID-19ari dagokionez. Zehazki, Aplikazioa erabiltzen duzunean, beharbada informazio hau jasoko dugu: arnasteko zailtasunaren sentsazioa, eztula, eztarriko mina edota sukarra duzun, koronabirusa duen pazienteren batekin kontaktuan egon zaren edo ohiko jarduerak egiteari utzi diozun.

Chatbotaren bidez herritarrei interakzio-kanal berria eskaini nahi zaie, COVID-19ari buruz dituzten zalantzak argi ditzaten. Tresna alternatiboa da, egungo Call Center delakoarekin bateragarria.

Aplikazioak elkarrizketen edukia gordeko du, inolako erreferentziarik egin gabe erabiltzaileei, posta elektronikoari edo datu identifikagarriei. Horren guztiaren asmo bakarra ezagutzaren datu-basearen hobekuntza sustatzea izango da. Sortzen diren cookieak erabiltzaile bakoitzaren nabigatzaile lokalean biltegiratuko dira, eta cookieak ezabatzea nahikoa izango da saioa eta haietan jasotako datuak desagertzeko. Ekipo publiko edo partekatuetan cookieak ezabatzea gomendatzen da. Cookie tekniko eta analisi-cookie horiek saioa identifikatzeko balioko dizute, Aplikaziora sartzen zaren bakoitzean.

CHATBOT COVID-19 erabili ahal izateko, erabiltzaileak 16 urtetik gorakoa izan behar du, edo gurasoen eta/edo legezko tutoreen baimena eduki. Beraz, Aplikazioa abiaraztean, EAEri bermatuko diozu adin horretatik gorakoa zarela edo, bestela, baimen hori duzula.

Chatbotaren bidez herritarrak aukera izango du autotest bat egiteko, gaixotasunaren sintomei eta izandako kontaktuei dagokienez; une bakoitzean egokienak diren gomendioak ere jasoko ditu. Gainera, Chatbotak hainbat galderari erantzun ahalko die, ezagutzaren datu-basearen arabera.

Erabilera-baldintzekin bat etorriz, Aplikazioaren erabiltzaileak berak adierazten dituen datuek asistentzia aurreko aholkua emateko soilik balioko dute. Aholku hori guztiz fidagarria izateko, anamnesiaren bidez eta proba diagnostiko egokiak eginez baieztatu beharko litzateke. Era berean, emandako informazioa ezin izango da estatistikoki erabili.

Beharrezkoa den bitartean gordeko dira datuok, osasun-alertaren egoera kontuan hartuta, eta epidemiak kontrolatzeko bizi-interesean oinarrituta.

Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak zenbait profesionali baimena eman die soluzio protokolizatuak aberastu ditzaten, koronabirusaren inguruko zalantzak argitzen laguntzeko. Profesional horiek ez ezik, Chatbota zerbitzuan jartzen laguntzen duten hornitzaileek ere atzitu ahalko dituzte datu pertsonal anonimo horiek.

Azken aldaketako data: