Zer da anakolutoa?

Desbideratzeak

egilea: Begoña Ayerdi, 

Anakolutoa figura erretoriko bat da, zeinaren bidez esaldi baten garapenean aldaketa bat ematen baita; alegia, hasitako esaldia jarraipenik gabe uzten da edo uste ez zen bezala amaitzen. Horren ondorioz, joskera hausten denez, komunztadura edo koherentzia eza gertatzen da; beste era batera esanda, esaldiaren barruko elementu batzuk (subjektua, aditza, objektuak…) ez datoz bat.

Lagunarteko hizketan maiz agertzen da:

Adibide desegokia /Ejemplo inadecuado
Zuetako bat ados ez badago, esan dezatela.

Zuetako bat ados ez badago, esan dezakezue.

Adibide egokia /Ejemplo adecuado

Zuetako bat ados ez badago, esan dezala.

Zuetako bat ados ez badago, esan dezake.

Literaturan, askotan, berariaz erabiltzen da; adibidez, hizkuntza mintzatua imitatzeko, hizkuntza nahita bortxatzeko, irakurlearen arreta erakartzeko edo elokuentzia iradokitzeko (barne-bakarrizketa gisa idatzitako testuetan).

“Iya guriak egin du, badegu zeñek agindu, ez oraindik umildu: alkarrengana bildu, 
gerra nai duben guziya, berari kendu biziya!.“ (Xenpelar, 1869)

Ahozkoan, komunztadura eta koherentzia eza unean bertan zuzendu daiteke, eta, beraz, ez da hain kaltegarria. Hizkuntza idatzian, berriz, kontu handiagoz ibili behar dugu; ez dezagun ahaztu koherentzia, kohesioa eta komunztadura testugintza gidatu behar duten balioak direla, eta, ondorioz, helburu literariorekin erabili ezean, komeni dela anakolutoak saihestea.

Hona hemen gaiari lotutako adibide batzuk:

Adibide desegokia /Ejemplo inadecuado                                    

Batzuetan Gasteiz eta besteetan Bilbora joaten gara lanera.

Batzuetan jolasean eta besteetan haserretzen dira.

Ez dugu lehorterik nahi udan, eta uholdeak neguan.

Elur eta euriteak izango ditugula esan dute telebistan.

Gehiegi ikaste eta nahikoa atseden ez hartzearekin ez diogu gure osasunari mesederik egiten.

Adibide egokia /Ejemplo adecuado

Batzuetan Gasteizera eta besteetan Bilbora joaten gara lanera.

Batzuetan jolastu eta besteetan haserretu egiten dira.

Ez dugu lehorterik nahi udan, ezta uholderik ere neguan.

Elurte eta euriteak izango ditugula esan dute telebistan.

Gehiegi ikastearekin eta nahikoa atseden ez hartzearekin ez diogu gure osasunari mesederik egiten.

Esaldi desegokiak

Ozenki hitz egiten duenean, horrek esan nahi du haserre dagoela.

Arazoari irtenbidea emateko, eskainitako zuzkidura ekonomikoa murrizte eta zuzkidura hori esparru guztien artean birbanatzera joko dute.

Taldeek elkarrengandik urrun samar egon behar dute, batzuk eta besteen artean nahikoa tartea utzita.

Iaz ez zen bidezkoa izan telelana ukatzea, eta aurten ere.

Proposamenaren alde egingo bagenu, berak ezetz.

Esaldi egokiak

Ozenki hitz egiten du haserre dagoenean.

Arazoari irtenbidea emateko, eskainitako zuzkidura ekonomikoa murriztera eta zuzkidura hori esparru guztien artean birbanatzera joko dute.

Taldeek elkarrengandik urrun samar egon behar dute, batzuen eta besteen artean nahikoa tartea utzita.

Iaz ez zen bidezkoa izan telelana ukatzea, eta aurten ere ez.

Proposamenaren alde egingo bagenu, berak ez luke onartuko.