"HASI DA FRANTZIAKO TOURREKO BILBOKO IRTEERA HANDIRAKO 100 EGUNEKO ATZERAKO KONTAKETA"

  • Bingen Zupiriak lagunduta, Juan Mari Aburtok gaztelaniaz, Elixabete Etxanobek euskaraz eta Christian Prudhommek frantsesez esaldi bera errepikatu zuten Tissot erloju sinbolikoa martxan jartzerakoan.
  • Kalakan hirukoteak eta Bilboko Koral Elkarteak ekitaldia girotu zuten, eta ondoren hiriko erdigunetik ibilbide bat egin zen eraikinik esanguratsuenak horiz argiztatuz, hala nola Bizkaiko Foru Aldundiko jauregia, San Mames estadioan amaitu zelarik.

Agintariek euren hitzetan adierazi zuten bezala, abian da Frantziako Tourra Euskadin hasteko atzerako kontaketa markatzen duen kronometroa. Uztailaren 1ean, larunbata, erloju hori 00:00:00ra iritsiko da, eta nazioarteko txirrindulari onenetako askok euren bertsiorik onena erakusten saiatuko dira, munduko lasterketarik onenean distira egiteko. Lasterketaren 110. edizioan, lehen hiru etapak Euskadin jokatuko dira: Bilbo – Bilbo (uztailak 1), Gasteiz – Donostia (uztailak 2) eta Amorebieta-Etxano – Baiona (uztailak 3).

Bilboko udaletxearen aurrean dagoen Ernesto Erkoreka plazan, Christian Prudhomme lasterketako zuzendariak, Juan Mari Aburto Bilboko alkatearekin, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarekin eta Elixabete Etxanobe Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuarekin batera, Tissot erlojua martxan jarri zuen botoi erraldoia sakatu zuten, lasterketa hasi arteko atzerako kontaketari hasiera emanez. Kronometroa Tourreko beste ikur baten ondoan egon zen: lasterketako zuzendariaren Skoda auto gorria. Kalakan hirukoteak eta Bilboko Koral Elkarteko abesbatza guztietako 150 kide inguruk, lepoan zapi horiak zituztela, 20 minutu inguruko emanaldiekin girotu zuten ekitaldia.

Zeremonia osatzeko, 13 x 10,6 metroko maillota jarri zuten Aznar eraikinean (udaletxe aurrean, itsasadarraren beste aldean), eta, jarraian, udaletxeko fatxada horiz argiztatu zen. Bertaratutakoek emozioz beteriko uneak gozatu zituen eta jada euskal txirrindularitzaren historiaren parte diren gertakarian erabat partaide sentitu ahal izan zuten.

Ospakizunak hiriko erdigunetik, Udaletxetik Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregirainoko ibilbidearekin jarraitu zuen, eta ondoren, foru erakundetik San Mames futbol estadiorainoko beste batekin. ‘Tropela’ igarotzean, hiriko eraikin enblematikoenetako batzuk horiz argiztatu ziren, hala nola Bizkaia Dorrea, Foru Jauregia. Foru erakundean zain zegoen Andoni Agirrebeitia, Amorebieta-Etxanoko alkatea, Frantziako Tourraren hirugarren etaparen irteera hartuko duen udalerria. Geldialdia Bilboko Koral Elkarteko ikasleen musika emanaldi batek girotu zuen. ‘Helmuga’ San Mames estadioan egon zen, non klubak harrera berezia egin zion. Christian Prudhommek Athleticen maillota jaso zuen, erakundearen 125. urteurrenekoa, Jon Uriarte presidentearen eta Garazi Murua eta Iker Muniain lehen taldeetako kapitainen eskutik. Bizkaia Frontoia ere argiztatu zen.

Maillot zuri-gorriaren inguruan

Athletic Clubek, 2023an zehar ospatzen diren bi mugarri paregaberen ospakizuna dela eta, Klubaren 125. urteurrena eta Frantziako Tourraren irteera Bilbotik, txirrindularitzako arropen bilduma esklusiboa aurkeztu zuen iragan Gabonetan. Bere oroitzapenezko izaeraz gain, Athletic Clubek berak joan den mendeko 20ko hamarkadan izan zuen txirrindularitza taldeari omenaldia egiten zion bildumak. Talde horrek palmares bikaina lortu zuen bere bizitzako lehen urteetan. Bildumak dituen bi maillotetatik, zuri-gorria, Athleticen kolore tradizionalak eta Klubaren zein 125. urteurreneko ezkutuak dituen maillot-a izan zen Garazi Muruak eta Iker Muniainek Christian Prudhomme Frantziako Tourreko zuzendari nagusiari eman ziotena.

Tissot

Tissotek, Frantziako Tourreko Kronometratzaile Ofizialak, datorren uztailaren 1eko Frantziako Tourreko Irteera Handirako 100 egunen atzerako kontaketa markatuko du, Bilboko Udaletxearen aurrean jarriko den erloju baten bidez. 100 egun kirol ekitaldi zoragarri hau ospatzeko, non segundo bakoitza zenbatzen den. Txirrindularitza Tissoten DNAren parte da, baita kronometrajea ere, non markak zehaztasun osoa emateko gaitasuna erakutsi duen. Funtsezko zeregina, helmugan txirrindularien artean segundo milaren bateko aldea erabakigarria izan daitekeelako.