BIZITOUR: BIZI FRANTZIAKO TOURRA FAMILIAN

Grand Départ Pays Basque 2023 hurbiltzen ari da eta badator BiziTour, EAEko hiru hiriburutan familian gozatzeko txirrindularitza herrikoiaren festa Tourrari ongietorria emateko. Lehendabiziko geldialdia datorren maiatzaren 7an, igandez, izango du Donostian (11:30).

Martin Ibabek (Donostiako Udaleko Kiroletako eta Gazteriako, Herri Segurtasuneko eta Herri Babeseko zinegotzi ordezkaria) eta Andoni Madariagak (Euskadi Fundazioaren Gizarte&Erakunde Harremanak) aurkeztu dute Donostiako Udalean BiziTour jaia. Grand Départ Pays Basque 2023 eta Euskadi Txirrindularitza Fundazioak antolatuta datozen bi hilabetetan antolatuko dira hiru ekitaldiak: Donostian (maiatzaren 7an), Vitoria-Gasteizen (ekainaren 4an) eta Bilbon (ekainaren 25ean).

2023ko uztailean Tourraren Hasiera Handia, egiazko mugarria izango da gure herrialdeko kirol, gizarte eta nazioartearen historian. Eta, ospatzeko, hainbat jarduera antolatu dira, hemen egiten dakigun eran: pedalei eraginez.

Horietako bat da BiziTour jaia, guztiontzako txirrindularitza ibilaldia, Tourreko giroarekin gozatu ahal izateko aukera paregabea. Fête du Tour, Tourraren jaia, doako eta sarrera libreko ekitaldia, Frantziako Tourra Euskadira iritsiko dela ospatzeko. Maiatzaren 7an, Donostian, Euskadiko familia guztiak zortzi kilometroko gure ibilbidean modu ludikoan parte hartzera gonbidatuta daude. Guztiok egiteko moduko ibilbidea da, jai giroan, txirrindularitzaren kultura eta mugikortasun jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Bizikletaz egiteko txango seguru eta babestua izango da, guztiontzako modukoa, familian ibilgailuentzat itxitako kaleetan barna gozatzeko. Gure lurralde bizikleta zalea aldarrikatu eta bi gurpil gainean mundu mailan erreferente den ekitaldiari, Frantziako Tourrari, ongietorria emateko ospakizuna. Euskal gizarte osoari Grand Départ Pays Basque hurbiltzeko modu atsegin, abegitsu, erraz eta parte-hartzailea eta, bide batez, bizikletaren erabilera sustatu eta EAEn barna igaroko diren etapen zirrara aurrez ekartzeko abagunea.

Ospakizunak Donostian izango du lehen hitzordua, datorren maiatzaren 7an, igandez, goizeko 11:30ean Sagueseko zabalgunean. Bertan animazioa, zozketak edota opariak ere izango dira. Familia giroan kirol eta aisialdi egun atsegin batekin gozatzeko.

Horretarako, festa honek izaera eta adin guztietako txirrindulariei parte-hartzeko deia egiten die, familiarekin txangoan joateko prestatutako kale hutsetan gozatzeko, eta Frantziako Tourrari ongieTOUR-ria emango dion tropeleko kide izateko.

Ekitaldian, Iker Amarikak aurkeztuta, hainbat txirrindulari eta txirrindulari ohi izan dira, hala nola Igor Anton, Euskaltel-Euskadiko txirrindulari ohia, Patxi Vila, Movistar Team taldeko egungo talde teknikoko kidea, Xabier eta Enekoitz Azparren, Euskaltel-Euskadiko txirrindulari profesionalak, Naia Amondarain, LABORAL Kutxa-Euskadi Fundazioa taldeko txirrindularia, edo Jose Cruz eta Ainhoa Aierdi ultrafondista donostiarrak.

BiziTour jaien datak:

  • Maiatzaren 7a, igandea, 11:30etik aurrera Donostian (Sagues).
  • Ekainaren 4a, igandea, 12:00etatik aurrera Vitoria-Gasteizen (Ama Zuriaren Plaza).
  • Ekainaren 25a, igandea, 12:00etatik aurrera Bilbon (Areatzako Kaia).

Donostiako BiziTourraren ibilbidea

9 kilometro dituen ibilbideak Sagueseko zabaldegitik aterako da eta hiria zeharkatu ondoren berriro itzuliko da bertara: Jose Miguel Barandiaran; Zurriola hiribidea; Tourraren arkuan geldialdia; Kursaal zubia; Erregina Erregeordea, Boulevard; Hernani; Askatasunaren hiribidea; Urbieta; San Martin; Kontxa pasealekua; Satrustegi; Zumalakarregi; Tolosa; Andrestegi; Berio; Europa plaza; Tolosa; Zumalakarregi; Kontxa pasealekua; Zubieta; Easo; Askatasunaren hiribidea; Espainia plaza; Argentinar Errepublika; Kursaal zubia; Zurriola hiribidea, Lapurdi plaza Barandiaran.