Herritar guztientzako komunikazio argia. Hizkera argira egokitutako testuen adibideak
egilea: Xabier Amatria eta Urtzi Barrenetxea,
2018an, DACIMAK (HHABHZ), IVAPekin lankidetzan, prestakuntza-ekintza programa bat jarri zuen abian hizkuntza argian eta irakurketa errazean prestatzeko. Prestakuntza-programa horren helburua komunikazio argiaren praktika pixkanaka Eusko Jaurlaritzako zerbitzu guztietara zabaltzea da.
Geroztik, ikastaroaren beste hiru edizio egin ditugu.
IVAPeko Administrazio Hizkerako Ataleko kideen gidaritzapean, programak hizkera argiari buruzko prestakuntza teorikoa eta praktikoa konbinatzen ditu, bai eta jarduera birtuala eta aurrez aurrekoa ere. Hori guztia, komunikazio argiaren kontzeptuak ilustratzeko eta praktikatzeko balio duten benetako administrazio-testuetan oinarrituta.
Jarraian, ikastaroaren edizioetan egindako lanetatik ateratako adibide praktiko batzuk bildu ditugu. Lagin murritza da, nahitaez, baina esanguratsua erakusteko testuen alderdi jakin batzuk azpimarratuz herritarrei modu argiagoan eta hurbilagoan komunikatzeko aukera dagoela. Aurkezten ditugun testuak dira parte-hartzaileek kudeatzen dituzten zerbitzu edo prozedura zehatzen bat hizkuntza argira egindako egokitzapenak, ikastaroa ebaluatzeko ariketa gisa eginak.
Adibide bakoitzaren goiburuan, testuak hobetzeko alderdi nagusiak —baina ez bakarrak— azaldu ditugu.
- adibidea
Adibide honetan, esaldibakarreko paragrafo luzeak dakarren ulermen-zailtasuna saihesten da. Horretarako, informazioa unitate laburragoetan eta, beraz, irakurterrazagoetan banatu da.
|
Jatorrizko testua |
Testu egokitua |
|
Deialdi hau ebazterakoan, aintzat hartuko dira administrazio publikoen diru-laguntza jarduera arautzen duten publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioak, betiere honako arau hauetan xedatutakoari jarraituz: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua; Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak; Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, eta laguntza eta diru-laguntzei aplikatu beharreko gainerako xedapenak. Gainera, diru-baliabide erabilgarriak agindu honetan ezarritako irizpideen arabera aplikatuko dira. |
Laguntza horiek honako hauetan xedatutakoaren araberakoak dira: – 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena. – 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena. – Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua. – Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta azken horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia. Halaber, erabilgarri dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira, agindu honetan ezarritako irizpideen arabera. |
- adibidea
Oraingo honetan, testua berrantolatu da informazioa esaldi luze batean metatzeko ohiko joerari aurre egiteko. Egokitzapenaren bidez, paragrafo eraginkorragoak diseinatu dira, ideia bakar baten inguruan osatuak. Bestalde, beharrezkoak ez diren elementuak ezabatu dira —informazio-karga txikia dute eta anbiguoak dira—, edukia beharrik gabe luzatzen baitute ("Nolanahi ere…").
|
Jatorrizko testua |
Testu egokitua |
|
Europako Erkidegoaren finantzaketa, oro har, ekintzaren aurrekontuaren % 100era iritsiko ez denez, deialdi honen bitartez eskuratzen diren diru-laguntzak, eta beste erakunde publiko edo pribatu batzuetatik lor litezkeenak Erkidegoaren finantzaketak estaltzen ez duen aurrekontuaren zatia estaltzeko erabiliko dira. Dena dela, proiektu bererako jasotzen diren laguntza guztien baturak ezin izango du onartutako aurrekontuaren % 100 gainditu. Nolanahi ere, batura horrek % 100 gainditzen badu, dagokion proportzioan murriztuko da laguntza |
Europako Erkidegoaren finantzaketa, oro har, ekintzaren aurrekontuaren % 100era iritsiko ez denez, deialdi honen bidez edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuen bidez lortzen diren laguntza ekonomikoek Erkidegoaren finantzaketa estaltzen ez duen aurrekontuaren ehunekoa estaltzeko balioko dute. Proiektu bererako jaso daitezkeen laguntza guztien baturak ezin izango du onartutako aurrekontuaren % 100 gainditu. Baturak % 100 gainditzen badu, laguntza hori dagokion proportzioan murriztuko da. |
- adibidea
Kasu honetan, informazioaren antolaketa aldatu da: edukirik garrantzitsuena aurreratu da hartzailearen ikuspuntutik, eta kontzeptu horren oinarri den arauari buruzko aipamena atzeratu da. Horrela, araudian interesik ez duten pertsonei beharrezkoak ez diren irakurketak saihesten zaizkie.
|
Jatorrizko testua |
Testu egokitua |
|
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluaren arabera, eskaerak bete beharreko baldintzak betetzen ez baditu, erakunde interesdunari errekerimendua egingo zaio, hamar eguneko epean hutsegitea zuzendu dezan edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak aurkez ditzan. Era berean, jakinarazi egingo zaio ezen, horrela egiten ez badu, eskaerari uko egin diola ulertuko dela, aipatutako legearen 21. artikuluan jasotako baldintzen arabera eman beharko den ebazpena emanda. |
Eskabideak ez baditu betetzen eskatutako baldintzak, hamar eguneko epea emango zaio erakunde interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen beharrezko agiriak eramateko. Hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, ebazpena eman ondoren. Hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera. |
- adibidea
Egokitzapen honek lexiko zehatzagoa ezarri nahi du, prosa juridiko-administratiboan ohikoak diren perifrasiak eta abstrakzioak saihesten baititu, edukia hizkeraren erregistro komunera hurbiltzeko, herritarrengandik hurbilago baitago. Gainera, hartzaileek ulertzeko zailtasunak izan ditzaketen termino teknikoak (hainbanaketa) errazago ulertzeko ahalegina egiten da, azalpen-perifrasien bidez.
|
Jatorrizko testua |
Testu egokitua |
|
2. artikuluan adierazitako zenbatekoa nahikoa ez bada aurkeztutako eskaera guztien aurretik kalkulatutako zenbatekoak ordaintzeko, zenbateko hau eskatutako betebeharrak betetzen dituzten eskaeren artean banatuko da. Banaketa, zenbateko guztiak ordaintzeko behar den zenbateko osoa kontuan hartuta, hasieran kalkulatutako zenbatekoen proportzio beraren arabera egingo da. |
Baldin eta 2. artikuluan adierazitako zenbatekoa nahikoa ez bada aurkeztutako eskabide guztiei hasiera batean kalkulatutako zenbatekoetan erantzuteko, dotazio hori hainbanatu egingo da (proportzionalki banatuko da) eskatutako guztizko zenbatekoaren arabera eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten eskabide guztien artean. |
- adibidea
Kasu honetan, elementuen antolaketa hobetu egin da komunikazioaren ikuspegitik. Jatorrizko testuaren mendeko perpausak metatzeak informazio nagusia paragrafoaren azken zatira atzeratzen du. Edukia egokitzean, dirua itzultzeko prozesuaren esparru-ideia lehenetsi, eta testuaren hasierara eramatea erabaki da. Halaber, kasuak zerrenda bertikal baten bidez bereizitako itemetan banatu dira.
|
Jatorrizko testua |
Testu egokitua |
|
Laguntza itzultzeko prozedurari ekingo zaio erakunde onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan adierazitako kasuetako batean sartzen badira, edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako kasu batean, edo Agindu honetan eta bete beharreko gainerako arauetan aipatutako baldintzak edo betebeharrak betetzen ez badituzte, edo dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetako bat edo batzuk betetzen ez badituzte. |
Itzulketa-prozedura bat abiaraziko da, baldin eta laguntzaren erakunde onuradunak honako kasu hauetakoren bat betetzen badu: – Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan jasotako kasuak. – Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako kasuak. – Agindu honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan aipatutako edozein baldintza edo betebehar ez betetzea. – Dirulaguntza ematea eragin zuten baldintzetako edozein ez betetzea. |
- adibidea
Berriro ere, zerrenda bat erabili da testuaren barneko elementuak bereizteko. Era berean, forma abstraktuei eta luzamenduei aurre egin zaie ("Dirulaguntza emateko betekizunak betetzen ez direla frogatzen bada …"), enuntziatu zehatzagoen bidez.
|
Jatorrizko testua |
Testu egokitua |
|
Dirulaguntza emateko betekizunak betetzen ez direla frogatzen bada, jasotako zenbatekoak itzuli beharko zaizkio Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari, bai eta sortutako berandutze-interesak ere, hala ezarrita baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen 698/1991 Dekretuan eta laguntza emateko ebazpenean. |
Dirulaguntza ematea eragin duten baldintzak betetzen ez badira, erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio jasotako zenbateko guztiak edo zati bat eta dirulaguntzen arloan aplikatzekoak diren berandutze-interesak. Dirulaguntzaren aldaketa eta itzulketa araudi honetan dago araututa: – 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena. – 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena. – Laguntza emateko ebazpena. |
- adibidea
Paragrafo luze bat erakusten du, non informazioa egituratze argirik gabe metatzen den. Zerrenda bertikalaren bidez, zerbitzuaren xedea argiago geratzen da. Gainera, kohesioaren hobekuntza nabarmendu behar da, item bakoitzak idazketa-irizpide bera baitu: kasu honetan, aditz nominalizatu batekin hasten dira guztiak.
|
Jatorrizko testua |
Testu egokitua |
|
Bizilagun doako zerbitzu publikoa da, eta egiteko hauek ditu: Jabe, bizilagun, errentatzaile edo maizter gisa dituzten eskubide eta betebeharren berri ematea, eta etxebizitza baten jabeek zein maizterrek beren eskubide edo betebeharren inguruan dituzten zalantzak argitzeko orientazioa ematea. Komunitate bateko bizilagunen artean edo jabeen eta maizterren artean bitartekari-lanak egitea, sor daitezkeen eta protagonisten artean zuzenean konpontzen ez diren gatazkak konpontzeko. |
Bizilagun doako zerbitzu publikoa da, eta egiteko hauek ditu: • Betebeharren berri ematea pertsonei jabe, bizilagun, errentatzaile edo maizter gisa dituzten eskubideei buruz. • Orientazioa ematea etxebizitza baten jabe eta maizterrei beren eskubide edo betebeharren inguruko zalantzei buruz. • Bitartekari-lanak egitea komunitate bateko bizilagunen artean edo jabeen eta maizterren artean, zuzenean konpondu ezin dituzten gatazkak konpontzeko. |
- adibidea
Kasu honetan, pluraleko lehen pertsonaren izenordain pertsonalak erabiltzen dira zerbitzua aipatzeko, eta horrek hurbiltasun-sentsazio handiagoa sortzen du erabiltzailearengan. Gauza bera gertatzen da hartzaileari 2. pertsonaren bidez zuzentze garenean. Paragrafo eraginkorragoak diseinatu dira, ideia nagusiak eta edukia argiago bereizten dituzte eta. Azkenik, elementu ortotipografiko bat: letra lodiaren bidez galdera nabarmendu da eta horrek irakurketaren arretagunea bereganatu du.
|
Jatorrizko testua |
Testu egokitua |
|
Zerbitzu honen bidez, Eusko Jaurlaritzak informazioa eman nahi du jabe, bizilagun, errentatzaile edo maizter gisa dituen eskubide eta betebeharrei buruz, eta orientazioa eman nahi du etxebizitza baten jabeek zein maizterrek beren eskubide edo betebeharrei buruz dituzten zalantzak argitzeko. Hori dela eta, kontua ez da informaziorik ematea edo zalantzak argitzea honako gai hauei buruz: polizia-atestatuak; zergak eta/edo tasak; aseguruak; laguntzak eta diru-laguntzak; igogailuen eta instalazio komunitarioen araudi teknikoa; kontabilitateak; jaraunspenak eta oinordetzak; landa-jabetza eta -errentamenduak; argiaren eta uraren ordainagiriak … |
Bizilagunen jabe, bizilagun, errentatzaile edo maizter gisa dituzten eskubide eta betebeharren berri ematen diegu pertsonei. Etxebizitza baten jabe eta maizterrei orientazioa ematen diegu beren eskubide edo betebeharren inguruko zalantzei buruz.
Zer informazio mota ez dugu eskaintzen? Ez dugu informaziorik ematen, ezta zalantzarik argitu ere, gai hauei buruz: igogailuen eta komunitate-instalazioen araudi teknikoa; polizia-atestatuak; zergak edo tasak; aseguruak; laguntzak eta dirulaguntzak; kontabilitateak; jaraunspenak eta oinordetzak; landa-jabetza eta -errentamenduak; argiaren eta uraren ordainagiriak… |
Aurreko adibideetan aplikatutako neurriek helburu komun bat dute: testuen irakurgarritasuna zailtzen duten oztopoak ezabatzea eta testu komunikatiboagoak eta hizkuntzaren erregistro estandarretik hurbilagoak sortzea. Azken batean, hartzaileen lekuan jarrita idatzi behar dira testuak, haien premiak, interesak eta profil bereiziak kontuan hartuta.
