Alderantzizko piramidea testu digitaletan

egilea: Urtzi Barrenetxea Iparragirre, 

Pertsona batzuk ohituta daude irakurketa-eredu tradizional batera; eta, horren arabera, informazioa patroi honen inguruan egituratzen da: Sarrera > Xehetasunak > Ondorioa. Modu grafikoan, honela irudika dezakegu:

Hurrenkera horri piramidearen egitura deritzo. Eredu horren arabera, eduki garrantzitsuena, testuaren gai nagusia, amaieran jartzen da. Hortaz, irakurleak testu osoa irakurri behar du ondoriora edo sintesira heltzeko.

Alabaina, testuak egituratzeko paradigma horren nagusitasuna aldatzen ari da eduki digitalek egun duten garrantziaren eraginez.

Blog honetan sarritan aipatu dugunez (leiho berri batean irekitzen da), informazioa bilatzeko orduan ez dugu berdin jokatzen pantaila baten aurrean edo inprimatutako testu baten aurrean gaudenean. Lehen kasuan, irakurleak ez dira testuan barneratzen hitzez hitz eta lerroz lerroko irakurketaren bidez. Aitzitik, azaleko lehen eskaneatze baten bidez, elementu zehatzetan jartzen dute arreta, bilatzen dabiltzanari erantzuten dion eduki digitalaren aurrean dauden erabakitzeko. Elementu horien artean, garrantzi berezia du testuaren hasierak; hain zuzen ere, izenburuak, lehen esaldiak eta lehen paragrafoak.

Irakurketa-patroi horren ondorioz, eduki digitalak egituratzeko modua azpikoz gora aldatu da, non eta, eredu berriari alderantzizko piramidea baiteritzo. Kazetaritza arlotik datorren eredu horrek edukiak egituratzeko ohiko hurrenkera iraultzen du; izan ere, egitura honi darraio: Ondorioa > Azalpena > Xehetasunak.

Alderantzizko piramidearen oinarrian irakurleen kontzepzio jakina dago; alegia, pantailako testuen irakurleek inprimatutako euskarrietakoenek baino egonarri gutxiago daukatela, eta gehienek segundo gutxi batzuk eskaintzen dizkietela testu digitalei. Hortaz, eredu horren bidez lagundu egiten zaio irakurleari orria eskaneatzen eta edukiari buruzko irudi orokor bat azkar jasotzen. Alegia, testuaren azken partea irakurri gabe ere, irakurlea gai da ideia nagusia jasotzeko.

Argi izan behar dugu testu digitalen berariazko euskarria ez dela papera, pantaila baizik; bestela esanda, oro har 800x600 pixeleko bereizmena duen markoa (are txikiagoa sakelako telefonoetan). Kontuan izanik testuaz gain pantailan bertan menuak, barrak eta gainontzeko nabigazio-elementuak daudela, lehen momentuan edukiaren zati jakin bat soilik ikusten dugu.

Testuinguru horretan, komeni da testuan komunikatu nahi dugun ideia nagusia ahalik eta lasterren adieraztea, irakurleak ez dezan testuaren behealderaino jo behar, scrolla erabiliz, gaiaz jabetzeko. Erabiltzaile gehienek leiho honetan bistaratutako edukiaren arabera erabakiko dute testua irakurtzen jarraitu ala beste web-orri batera jo.

Beraz, eduki digitalen hurrenkera zehazteko orduan, azaldu gai nagusia lehen tokian; ondoren, gara ezazu azalpenen bidez; azkenik, gaineratu gaia osatzeko beharrezko xehetasun guztiak.

Ez dugu proposatzen pantailako testu orok bete behar duenik alderantzizko piramidearen egitura. Malgutasunez jokatu beharra dago. Hala ere, garrantzitsua da gogoratzea weberako testuen berariazko euskarria pantaila dela, ez papera.