Testu aberatsak idazteko, aditz esanguratsuak erabili

egilea: Begoña Ayerdi, 

Testu aberatsak idatzi nahi dituzu?

Hala bada, adi ibili esaldietan erabiltzen dituzun aditzekin:

  • Aditz esanguratsua estu lotzen zaio esaldi bakoitzean adierazi nahi dugun ekintzari.
  • Aditz ahula estilo desegokidun hiru elementurekin batera agertzen da sarritan: egitura pasiboak, estilo nominala eta aditzen errepikapena.

Aditz esanguratsuek idazkera dinamiko eta adierazkorra sortzen dute; aditz ahulek, berriz, pobretu egiten dute testua.

hiru aholku testu aberatsak idazteko  Hiru aholku hauek aditz esanguratsuen alde egiten lagunduko dizute:

Erabili adizkera aktiboa, pasiboaren ordez

Adizkera aktiboak aktorea lehen tokian jartzen du eta pasiboak baino bizitasun handiagoa dauka.

esaldi desegokia
Uste dugu suteak sortutako kalteen zenbaketa burutua izango dela gurasoen aldetik.
 
esaldi egokia
Uste dugu gurasoek zenbatuko dituztela suteak sortutako kalteak.
 
 

Saihestu estilo nominala

"Atera" ekintza izenetik eta jarri aditzean.

esaldi desegokia
Dekretu horren bidez, langabeei zuzendutako prestakuntza ekintzetarako diru-laguntzen deialdiaren argitalpena gauzatzen da.
 
esaldi egokia
Dekretu horren bidez, langabeei zuzendutako prestakuntza ekintzetarako diru-laguntzen deialdia argitaratzen da.

 

Aditz bera errepikatu beharrean, sinonimoak erabili

Aukera ezberdinez balia zaitezke horretarako:

Baiezkoak:
baieztatu, onartu, baietsi, berretsi, ziurtatu…

Ezezkoak:
ukatu, ezeztatu, ezetsi, uko egin, aurka egin…

Esatekoak
esan, adierazi, jakinarazi, ohartarazi, berri eman, erakutsi, mintzatu, agertu, erakutsi, azaldu, aditzera eman, aipatu, proposatu, ezagutarazi, azpimarratu, nabarmendu, ziurtatu, gogora ekarri, aldarrikatu, aurkeztu…

Eranstekoak:
gaineratu, erantsi, gehitu…

Galdetzekoak:
galdetu, eskatu, itaundu…

Erantzutekoak:
erantzun, ihardetsi, azaldu, argitu, azpimarratu…

Erabakiak adieraztekoak:
erabaki, ebatzi, adostu, akordatu, xedatu, bat etorri, ados egon/izan/etorri, hitz eman…

esaldi desegokia
Zuzendariak plangintza martxan jartzeari baietz esan dio. Ondorioz, arlo-buruei esan die langile guztien parte hartzea ezinbestekoa izango dela, eta, beraz, haien menpe daudenei bereziki esan behar dietela ezin diotela agindutakoari ezetz esan.
 
Langileek, bestalde, esan dute ez dagoela horretarako eskubiderik, hasieratik bertatik plangintza horren kontra zeudela esan baitzuten. Esan dute hobe dela plangintza hori atzera botatzea; iaz ere jarri zela martxan eta porrot itzela izan zela ere esan dute.
 
esaldi egokia
Zuzendariak plangintza martxan jartzea onartu du. Ondorioz, arlo-buruei ohartarazi die langile guztien parte hartzea ezinbestekoa izango dela, eta, beraz, haien menpe daudenei nabarmendu behar dietela agindutakoari ezin diotela uko egin.
 
Langileek, bestalde, aldarrikatu dute ez dagoela horretarako eskubiderik, hasieratik bertatik plangintza horren kontrako iritzia agertu zutela. Adierazi dute hobe dela plangintza hori atzera botatzea; iaz ere jarri zela martxan eta porrot itzela izan zela gaineratu dute.

 

aholku batGogoratu: Testu aberatsak idazteko, aditz esanguratsuak erabili.