Puntuazioa: Puntuaren erabilera testuinguru berezietan

egilea: Xabier Amatria, 

Puntuaren funtzio nagusia da enuntziatu, paragrafo edo testuen amaiera iragartzea. Izaera mugatzaile hori gauzatzeko, nahitaezkoa da puntua idaztea. Guztiarekin ere, testuinguru berezi batzuetan baztertu egiten da. Testuinguru horietaz arituko gara post honetan, zalantza iturri izaten baita puntuaren erabilera testuinguru berezi horietan. Izan ere, puntua ez da erabiltzen kate idatzietan isolatuak agertzen diren sekuentzia laburretan, puntuari dagokion funtzio mugatzailea beste baliabide tipografiko batzuek betetzen baitute; esaterako, tarte zuriek, letra tamainak eta motak, lerrokatzeak, eta abar.

Jarraian, zalantza gehien eragiten dituzten testuinguru batzuk bildu ditugu.  

Izenburu eta azpi-izenburuak

Ez da punturik idazten liburu, artikulu, kapitulu eta abarren ostean, baldin eta isolatuta agertu eta lerro baten testu bakarra badira. 

Egileen izenak

Punturik ez da erabiltzen liburu azaletan, aurkibideetan, hitzaurreetan, eta bestelako dokumentuetan, lerro batean isolatuta agertzen badira.

  liburu baten azala

Taulen eta koadroen izenburu eta goiburuak

Punturik gabe doaz lauki eta tauletako tituluak eta goiburuak, bai eta gelaxketako edukiak ere.

 taularen testuak eta goiburuak

  

Argazki eta irudi-oinak

Liburu eta argitalpenetako argazki, diagrama eta gainerako irudi-oinetan ez da punturik erabiltzen.

 

 

 Irudia. Ideiak sortzeko mapa baten adibidea

 Esloganak

Publizitateko esloganek ere puntua baztertzen dute, baldin eta isolatuta agertu eta lerro baten testu bakarra badira.

 Argitalpenen aurkibideak

Punturik gabe doaz liburu eta dokumentuetako aurkibideak.

argitalpen baten aurkibidea

Helbide elektronikoak

Webgune zein posta elektronikoko helbideetan azken elementuak ez darama punturik. Puntua azpi-domeinuak banatzeko soilik erabiltzen da.

administrazioaeuskaraz@ivap.eus

Salbuespena: Helbide elektronikoa segidan idatzitako enuntziatu baten ostean idazten bada, amaierako puntua derrigorrezkoa da.

Zalantzaren bat badaukazu, bidali mezu bat helbide honetara: administrazioaeuskaraz@ivap.eus.  

OHARRA

Esloganetan, argazki eta irudi-oinetan zein tauletako izenburu eta gelaxketan, amaierako puntua ez jartzeko joera dago, etiketa eta errotulu izaerara hurbiltzen diren heinean. Aldiz, zenbat eta luzeagoa eta konplexuagoa izan testua, orduan eta joera handiagoa puntuarekin ixteko.