Letra lodia edukiak nabarmentzeko
egilea: Begoña Ayerdi,
Gainerako letra motekin alderatuz gero, letra lodia da hoberen ikusten dena. Horregatik, testu batean elementuren bat nabarmendu nahi badugu, lodiz idaztea egokia izan daiteke.
Zergatik har dezakegu baliabide egokitzat letra lodia?
Letra lodiak zenbait abantaila eskaintzen ditu:
- Irakurleari begi kolpe batean informazioa aurkitzen laguntzen dio. Pantailarako testuetan bereizitako edukiak eskaneatzea errazten duenez, irakurgarritasuna hobetzen du.
- Idazleak erabil dezake, bai testuaren egitura orokorra eta edukien hierarkia modu grafikoan islatzeko, bai testuko eduki edo kontzeptu garrantzitsuenak bereizteko.
Badago letra lodiaren erabilerari buruzko araurik?
Ez dago ezarritako araurik, beraz, nork bere erara erabiltzen du letra lodia.
Zein kasutan erabil dezakegu?
Esaterako, honako elementu hauek nabarmentzeko:
- Tituluak, azpitituluak, kapituluak eta atalak.
- Egunkari zein aldizkarietako epigrafeak, aurkibideak eta tartekiak.
- Hiztegietan deskribatutako hitz edo esamoldeak.
- Pertsonen izenak, batez ere liburu edo egunkarietan.
- Testu batean, hitz edo testu-zati garrantzitsuenak.
- Webguneetan, ogi-papurretako azken hitz edo maila.
Letra lodia modu egokian erabiltzeko, zer hartu behar dugu kontuan?
Neurriz erabili behar dugu, letra lodiz idatzitako testuak irakurtzea oso nekagarria baita. Paragrafo luzeetan, ez da komeni den-dena lodiz idaztea. Horrez gain, pantailarako testuetan, hobe dugu soilik hitzak nabarmentzea, eta ez esaldi osoak, Interneteko bilatzaileek testu batean gako-hitz gehiegi agertzea “zigortu” egiten baitute.

Zutabe bietan, hondoaren kolorea edo letra-tamaina baliatu ditugu letra lodiz idatzitako tituluaren eta azpitituluen hierarkia-mailak argiago islatzeko. Honela, erraz identifika dezakegu testuaren egitura orokorra zein den.
Lodiz idatzitako gainerako testu-zatietan:
- Ezkerreko zutabean letra lodia gehiegi erabili dugunez, edukien arteko alderik ez da ikusten eta, beraz, letra lodiak nabarmentzeko duen balioa albo batera utzi dugu.
- Eskuineko zutabean, testuaren hitz adierazgarrienak oso modu argian bereizten dira letra lodiz. Gainera, hitz solteak aukeratu ditugunez, papereko zein pantailako testuetarako egokia da.
Gogoratu: Neurriz erabiliz gero, letra lodia egokia da testuaren egitura orokorra zein testuko elementu esanguratsuenak nabarmentzeko.