Zer egin dezakegu gure webguneetako informazioa erabilerraza izan dadin?

PDF erabilerrazak sortzeko jarraibideak

egilea: Irene Fernandez Maiztegi, 

Informazioa hainbat formatutan igotzen dugu gure webgunera: testua, irudia, PDFa, Powerpointa, multimedia (audioa, bideoa…). Informazio hori PDF formatuan eman nahi baduzu Office tresnak erabiliz, erabilerraztasuna bermatzeko zer egin azalduko dizugu post honetan.

Web-erabilerraztasuna da pertsona guztiek webean sartzeko eta bertako edukiak eskuratzeko duten ahalmena, edozein dela ere haien desgaitasuna. Internetez baliatu ahal izateko eskubidea funtsezkoa da. Hortaz, botere publikoek euren gain hartu behar dute herritar orok Internetez baliatzeko duen eskubidea bermatzea.

Internet eta informazioaren teknologiak guztiz aldatzen ari dira gaur egungo mundua. Eta nola ez, aldaketa horiek administrazio publikoei eta euren zerbitzuak herritarrei eskaintzeko moduari eragiten diete. Makina bat herritarrek, euren artean desgaitasunen bat daukatenek, oztopoak aurkitzen dituzte webean. Horren arrazoia da web-kudeatzaile askok ez dituztela dokumentu erabilerrazak sortzen, legeak hala agintzen badu ere (108/2004 Dekretua).

Euskadi.eus atariaren mendekoak diren web-orri edo atariek erabilerraztasun unibertsala bermatzeko konpromisoa dute, alde batera utzita kontsultatzen dituzten pertsonek zer muga tekniko, fisiko, sentsorial edo intelektual duten edo zer testuingurutan egiten duten kontsulta.

Erabilerraztasunaren onuradun nagusiak desgaitasunen bat (ikusmenekoa, entzumenekoa, mugimenduari loturikoa…) daukatenak dira, baina bestelako erabiltzaile talde batzuei ere eragiten die: adinean aurrera doazenak, atzerritarrak edo kultura maila baxukoak, teknologia berriekin beldurtzen direnak edo ohiturarik ez daukatenak… Halaber, kontuan izan behar ditugu Internetera oso konexio motelekin eta ordenagailu zaharrekin sartzen diren erabiltzaileak. Beraien beharrak aintzat hartu ezean, webguneko eduki asko beren irismenetik kanpo gera daitezke.

Erantsitako dokumentuan eskaintzen dizkizugun jarraibide hauek zure webguneko informazioaren erabilerraztasuna bermatzen lagunduko dizute.

Deskargatzeko bertsioa: PDF erabilerrazak sortzeko jarraibideak (PDF, 720 KB)