Nola erantzun mezu elektronikoei I

Egun bateko epean erantzun, ahal dela

egilea: Administrazio Hizkera Atala, 

Oro har, jasotako mezuak erantzutea da egokiena, eta ahalik eta lasterren bada hobe. Hala ere, egoeraren arabera denbora gehiago ala gutxiago hartuko dugu erantzuteko.

Arau orokor gisa, ez da komeni erantzuteko epea lanegun bat baino gehiago luzatzea. Alabaina, ezin baduzu egunean bertan erantzun, hobe da hartzaileari jakinaraztea mezua irakurri duzula eta aurrerago erantzungo diozula.

Batzuetan, baina, komeni da behin-behineko isiluneaz baliatzea, hau da, “berotan” ez erantzutea eta lasaitasunez hausnartzea, nahiz eta horrek erantzuteko denbora atzera dezakeen.

Aldi batez lineaz kanpo egongo bazara, posta elektronikoaren zerbitzaria konfigura dezakezu, mezu bat jasotzen duzun bakoitzean jakinarazpen-abisua bidal dezan. Abisuan aukera izango duzu zehazteko zein egunetan itzuliko zaren, edo mezua bidaltzeko beste helbide bat zein telefono zenbaki bat gehitzeko. Mezuak berak adierazten du epe motzean erantzuteko ezintasuna.

Gai honekin lotura duten beste artikulu batzuk: Aholku laburrak mezu elektronikoak egoki idazteko