Posta elektronikoa. Nola erabili Nori, CC eta CCO eremuak?
egilea: Administrazio Hizkera Atala,
Posta elektronikoak hartzaileen helbideak jartzeko aukera ezberdinak eskaintzen ditu, eta horietako batzuk arazoen iturri izaten dira batzuetan. Hori horrela izanik, nola erabil ditzakezun azalduko dizugu.

Noiz Nori? ; Noiz CC?
Nori eremuan zure mezuaren hartzaile nagusiak direnen helbide elektronikoak sartu behar dituzu.
Hemen nahi beste helbide gehi dezakezu, baina kontuan izan hartzaile asko gehitzeak ondorio negatiboak izan ditzakeela: inork ez du erantzuteko obligaziorik izango, eta litekeena da erantzunik ez jasotzea, edo izan daiteke baten batek nahi gabe denei erantzutea, esaterako.
CC eremuan, aldiz, mezuaren hartzaile nagusiak izan ez arren gaian interesa izan dezaketen pertsonak gehitzen dira. Eremu honetako hartzaileek erantzuteko konpromiso gutxiago daukate Nori eremukoek baino, eta litekeena da landutako gaian ardura gutxiago ere izatea.
Edonola ere, esan behar da CC eremuko kontaktuak gainerako hartzaileek ikus ditzaketela, eta horrek elkarrizketan parte hartzeko aukera ematen diela. Erabiltzaile askok, halako mezuak jasotzen dituztenean, erantzutera behartuta ikusten dute beren burua, baina, sarritan, erantzun hori ez da beharrezkoa.
Erabiltzaile batzuek ez dituzte ondo bereizten CC eta Nori eremuak, baina bereizten erraza da honela planteatzen baduzu:
Nori zuzendua dago mezua? -------------------------------- Nori
Nork nahi duzu mezua ezagutzea besterik ez? ------------ CC
Atal hau bukatzeko, komeni da hartzaile guztiei ohartaraztea kopian hartzaileak gehitu ditugula. Ohiko errore izaten baita, kopian nor dagoen edo norbait dagoela konturatu gabe Erantzun denei aukera erabiltzea.
Eta, noiz CCO?
Mezu berberean kontaktu asko jartzean, Nori eta CC eremuetan dauden guztien helbideak publiko egiten dira. Baina badira pertsona batzuk, arrazoi ezberdinengatik, nahiago dutenak beren identitatea ez ezagutzea.
Halakoetan erabiltzen da CCO aukera. Eremu honetan gehitzen diren hartzaileak ezkutuan gehitzen dira, eta Nori eta CC aukeretako hartzaileek ez dakite gehitu direnik ere, hau da, bidalketan gehitzen dira gainerako hartzaileek jakin gabe. Esate baterako, erakunde batek mezu bat bidali nahi badie bere taldekide guztiei, aukera hau erabilita saihestuko du ezkutatu nahi duten pertsonen helbideak agerian uztea, eta, gainera, inork ez du jakingo talde horren partaide direnik (agian, batzuek hori ere ezkutatu nahiko dute eta).
Alabaina, aukera hau ez da guztiz egokia enpresa edo erakundeetan, ematen baitu lankide eta arduradunen lepo komunikatzen ari zarela.
Bukatzeko, aholkatzen dizugu hartzaile bakarrari zuzendutako mezuak bidaltzea, eta kopian hartzaile gehiago gehitzea soilik beharrezkoa denean. Kasu horretan, aukera itzazu mezuan landutako gaian benetako interesa daukaten pertsonak.
|
Laburbilduz: |
|---|
Gai honekin lotura duten beste artikulu batzuk: Aholku laburrak mezu elektronikoak egoki idazteko
