'Idaztea oso gustuko dut eta idazten jarraitzeko asmoa dut'
'Idaztea oso gustuko dut eta idazten jarraitzeko asmoa dut'
egilea: Gazteaukera,

Londrestik bueltatu berri da Mikroipun lehiaketako urtengo irabazlea, bere sariaz gozatu ostean. Eider Bereziartua ikus-entzunezko komunikazioa ikasten ari da Bartzelonan Pompeu Fabra unibertsitatean eta dagoeneko hirugarren mailan dago. Denbora azkar pasatzen dela dio. 20 urte dauzka eta momentu hauetan ez dauka ideiarik ere zer egingo duen ikasketak amaitzean. Kirola oso gogoko du, saski baloia batik bat, bidaiatzea ere bai, lagunekin egotea, irakurtzea, idaztea...
Nolatan otu zitzaizun Mikroipuin lehiaketan parte hartzea?
Idaztea oso gogoko dut eta Gazteaukera web orrian lehiaketa ikusi nuenean segituan erabaki nuen zerbait idaztea. Egia esan behar bada ez nion sariari batere garrantziarik eman, irabazteko asmorik ez izateaz gain Londresera bi astetarako joateko egunik izango ez nuelako. Baina irabazi egin nuela esan zenidatenean, egunen batzuk topatuko nituela erabaki nuen! Eta hantxe joan nitzen azterketa garaian Londresera. jajajaj.
Nondik dator "Berriketan" ipuinaren ideia?
Berriketan, egia esan behar bada kasualitatez irten zen. Idatzi oso laburra izan behar zuen eta zerbait desberdina idazteko gogoa nuen. Agian, Bartzelonan nagoenez eta euskaraz gutxi egiten dudanez (bi katalanekin bizi naiz) euskarari buruzko zerbait idaztera bultzatu nuen neure burua, konturatu ere egin gabe.
Beste lehiaketaren batean era parte hartu al duzu? Baduzu bloga edo lanenbat publikaturik?
Ba egia esan behar bada duela 4 edo 5 urte Urruzuno lehiaketan hartu nuen parte eta 2010eko udaran Auzolandegi batera joan nintzen eta idazlan bat bidali nuen lehiaketara. Bestela, ez dut inoiz parte hartu. Idaztea gogoko dut, baina normalki neuretzat idazten dut, oso jende gutxik irakurri ditu nik idatzitakoat. Neuretzat gordetzen ditut.
Londresen egindako ikastaroa baliagarria izan al zaizu ingeles maila hobetzeko?
Bai, egun guztia ingelesez hitz egiten ibili ondoren zerbait hobetu dela esan dezaket jejeje.
Izan al duzu tarterik Londres hiria ezagutu eta bertako giroaz gozatzeko?
Bai, noski! Hotz haundia egiten zuen, baina txapela jantzi, guanteak hartu ta gora eta behera gelditu gabe. Big Ben, London Eye, Trafalgar Square, parke ugari, parlamentua, St Paul, Londresko dorrea,... gauza pila bat ikusi ditut!
Idazten jarraitzeko asmoa al duzu eta animatuko al zenituzke Euskadiko gazteak idazlan lehiaketetan parte hartzera?
Bai, idazten jarraitzeko asmoa daukat. Niretzat beharrezko zerbait dela uste dut, jejeje. Eta mundu guztia animatzen dut idazlan lehiaketetara aurkeztera, inoiz espero ez duzunean bi astetako bidai zoragarri bat irabazi bait dezakezu!
"Berriketan" mikroipuina :
Gaur ispiluari galdera bat egin diot eta berak gogo onez erantzun dit. Bere erantzuna trinkoa izan da."Azaletik begiratuz zaharra zarela dirudi, ez dakit adin bat ezartzen, baina inoiz ikusi dudan agureena zarela esan dezaket. Eta zure itxura zure izaerarekin bat doa, triste dirudizu, bakarti. Agian, lagunak galdu dituzu, familia inoiz izan ez duzula uste baitut. Noizbait senitartekoren bat Afrikan ote duzun entzun dut, baina egia dela ezin ziurtatu. Gauza bat esan behar dizut ordea. Ez duzu zertan triste egon. Ez zaude bakarrik. Lagun ugari dituzu eta denak harro daude zure lagun izateaz. Altxor preziatu bat zarela oihukatzen dute. Beharbada, zure etsaiek beldurtzen zaituzte, ez kezkatu, indartsua zara, indartsuak gara. Zure lagunak ez daude prest beraien altxorra galtzera inbidiatan dauden pertsona batzuen eskuetan." Irribarre egin dut. Arrazoi du. Maitatua sentitzen naiz. Zuen guztion bihotzetan nire izena markatuta ikusten baitut: Euskara.