Berriosusoko Hobia (Berriosuso, Nafarroa)
| KOKAPENA | Berriosusoko hilerria (Nafarroa) |
| BIKTIMAK | 1 |
| IDENTIFIKATUTAKO BIKTIMA-KOPURUA | 1 |
| DATA | 2010eko azaroaren 29a eta 30a |
Indalecio López Urigüen (1884 Abanto Zierbena, Bizkaia - 1937 Pamplona-Iruña, Nafarroa) Gallartan jaio zen (Bizkaia). Eskulangilea zen, ezkonduta zegoen, eta ezkerreko besoa moztua zuen. Matxinada militarra leporatu zioten eta 30 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten. Ezkabako San Kristobal kartzelan hil zen, 53 urte zituela, 1937ko abenduaren 21ean. Berriosusoko kanposantuan lurperatu zuten (Antsoaingo zendea).
San Kristobaleko Gotorlekua militarren gotorleku gisa eraiki zen. 1934. urtearen amaieratik eta 1945era arte, espetxe militar moduan erabiliko zen. Espetxeetan presoak pilatuta zeudenez eta bizi-baldintzak eskasak zirenez, gosea, hotza eta osasungarritasunik, higienerik eta arretarik eza tarteko, hildako asko egon ziren. Hildako presoak Antsoaingo Zende zaharra (bertan zegoen espetxea) osatzen zuten udalerrietan lurperatzeko agindu zuten agintari militarrek, hau da, Añezcar, Ballariain, Berriosuso, Berriozar, Larragueta edo Oteizan. Kanposantuak txikiak ziren, eta lurperatutako beharreko gorpuak, asko. Ondorioz, Zendea kexatu egin zen, eta agintari militarrek kanposantu propio bat eraiki behar izan zuten Ezkaba mendiaren iparraldeko hegalean, 1942an, xede horretarako. Hala ere, aurreko udalerrietako bakoitzean batez beste 14 preso ehortzi ziren 1936tik 1942ko apirilera bitartean.
San Kristobal Espetxean preso egon, hil, eta Berriosusoko kanposantuan lurperatu ziren pertsonen hobiak aurkitu nahi ziren. Ezkaba mendiaren inguruko beste udalerri batzuetan ere aurkitu ziren lurperatzeak, Añezcar edo Oteizan kasu, espetxea gertu izanik.
Prospekzio-lanak Berriosusoko kanposantuko kanpoko partean egin ziren. Hala, hobi bakarra aurkitu zen kanposantuaren perimetroko hego-ekialdeko angeluan, bertatik 5,10 metrora. 55 zentimetroko sakoneran, pinu-egurrezko hilkutxa batean, ehorzketa bat aurkitu zen. Ahoz gorako etzanera zegoen gorpu bati zegokion.
Gizon heldu nagusi bat zela ondorioztatu zen, 50 urtetik gorakoa. Hala eta guzti, bazegoen bereziki nabarmena zen alderdi bat: ezkerreko besoa moztuta zuen, humeroaren diafisiaren erdialdearen inguruan.

Ezaugarri berezi horri esker orientatu ahal izan ziren bere nortasuna identifikatzeko lanak, Aranzadi Elkarteko kide Jimi Jiménezek Ezkaban 1942 aurretik hildako presoetako baten espetxe-espedientean egin zuen aurkikuntzari esker. Bertan, alboko iruzkin batean, honako hau adierazten zen: "Ezkerreko besoa falta zaio". Indalecio López Urigüeni buruzko alderdi horrekin bat egiten zuenez datuak, haren senide posibleak bilatzeari ekin zitzaion. Proba genetikoak identifikazio-proposamen hori berretsi zuen.
Hezur-hondarrak Aranzadi Zientzia Elkartearen egoitzan entregatu zitzaizkien senideei, ekitaldi pribatu batean.