Obra handia egiteko lizentzia

Eraikuntza, instalazio edo obra bat egin ahal izateko udalek ematen duten administrazio-baimena. Horretarako, eraikuntzako proiektu osoa aurkeztu beharko da, teknikari eskudun batek izenpetua eta dagokion elkargo profesionalak bisatua.

Obra Handiko Lizentzia (OHL)

Obra handiko lizentzia bat zera da: bizitegi diren eta ez diren edozein erako oin berriko eraikina egiteko, eraikinak eraisteko edo birgaitzeko tokiko administrazio eskudunak obra handiak egiteko ematen duen baimena. Lizentzia eskaera hirigintza-arautegiak ezartzen duenarekin bat datorren egiaztatzea da helburua.

Xede horretarako zera hartzen da obra handitzat:

a. Oin berriko obra: Eraikin berri bat eraikitzeko obra handia da, aurretik beste eraikin baten erabateko eraispena egon den ala ez kontuan hartu gabe. Eraikinak bizitegi-erabilera edo bizitegi-erabilerarik eza eduki dezake.

b. Birgaitze obra: Aurrekoa ez bezala, ez da eraikin berririk eraikitzeko obra handia, dagoeneko eraikita daudenen gainean aritzeko baizik, eraispen partzialak egon diren kontuan hartu gabe. Era berean, eraikinak bizitegi-erabilera edo bizitegi-erabilerarik eza eduki dezake.

Birgaitze obra bat obra handitzat hartzeko beharrezkoa da arkitekto edo antzeko baten oniritzia duen proiektu tekniko bat egitea. Proiektu tekniko horrek lizentzia lortzeko entregatu behar den dokumentuetan bete beharreko baldintza izan behar du, eta baldintza hori betetzen ez dutenak obra txikiko lizentziatzat hartuko dira.

Bi motakoak izan daitezke:

  • Handitzeko obrak: Eraikitako azalera handitzen denean, egiturazko elementu berriak gehituz. Gehitze hori era bertikalean egin daiteke lursailean hartutako azalera gehitu gabe (adibidez solairu berri bat gehituz), edo horizontalki, eta kasu honetan badago lursailari gehitzeko azalera.

  • Birgaitze edo berritze obrak: Eraikitako azalera aldatzen ez denean, baina eraikinaren egiturazko elementuren bat eragiten duten aldaketak egiten direnean, edo aurretik ez zegoen zuzkiduraren bat ezartzen denean.

Atal honek barne hartzen dituen obra handiak eremu askotarikoak izan daitezke; ohikoenak ondoren zehazten dira:

    • Eraikinen aurreko handitze lanak, bere eraikitzea edo azaleraren okupazio handiagoa dakartenak.
    • Igogailuak edo antzekoak jartzea.
    • Fatxada edo teilatuaren erabateko birgaitzea.
    • Merkataritza-lokaletik etxebizitzara erabilera-aldaketa.
    • Etxebizitza edo lokal baten edo batzuen barne-egokitzapen lanak, eraikinaren egiturazko aldaketak behar dituztenak.
    • Etxebizitza bat edo batzuk banatzeko edo bat-egiteko lanak.
    • Birgaitze obrak, bere konplexutasunagatik, izaera teknikoagatik edo garrantzi ekonomikoagatik sail eskudunak obra handikotzat arrazoiz hartzen dituenak.

c. Eraispen obrak: Eraikinaren eraispen partziala edo osoa.