Asu baserria hobia (Andoain, Gipuzkoa)
| KOKAPENA | Asu baserria, Andoain (Gipuzkoa) |
| BIKTIMAK | 1 |
| DATA | 2003ko azaroaren 20tik 24ra |
Andoaingo Asu baserriaren ondoan (Gipuzkoa) dagoen hobia Josepa Elizondoren lekukotzari esker aurkitu zen. Emakume horrek 12 urte zituen lurperatzea gertatu zenean. Lekukotza hori Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek hartu zuten, 2003ko urtarrilean. Joseparen ilobek, Pepita Elizondo eta Antonio Elizondok, Aranzadiko ikertzaileei lagundu zieten leku zehatza identifikatzen.
Gerra Zibilaren hasieran, 1936ko uztailaren eta irailaren artean, indar faxistak Nafarroatik Gipuzkoarantz joan ziren. Abuztu erdialdera, Andoainera iritsi ziren. Altxatutako indarrak udalerrian instalatu ziren abuztuaren 16an, eta hurrengo asteetan, istiluak egon ziren armada kolpistaren eta indar errepublikazaleen artean, Buruntza mendiaren kontrola hartzeko. Altxatutako indarrek 1936ko abuztuaren 30ean egin zuten behin betiko erasoa Buruntzan. Aranzadiri jakinarazi zitzaizkion lurperatzeak, zehazki, eraso horren testuinguruan gertatu ziren. Hala, 2003an zehar, 4 puntu zehatz identifikatu ziren. Horietan aipatu episodioan zehar eroritako biktimen lurperatzeen zantzu garbiak zeuden, eta, beraz, baimena eskatu zitzaion Andoaineko Udalari, lekuok induskatu ahal izateko. Hala ere, Asu baserriko hobian soilik aurkitu ziren hezurren hondarrak.
Asu baserritik hurbil dagoen hobitik 2003ko azaroaren 20tik 24ra bitartean atera ziren hondarrak. Informazioa eman zutenek adierazitako lekuan egin zen esku-hartzea. Hezurren hondarrak 40 zentimetroko sakoneran zeuden, ahoz gorako etzanera, besoak gorpuaren gainetik luzatuta, eskuineko eskua albo bereko izter inguruaren gainean, eta ezkerreko eskua erdiguneko abdominalen inguruan. Gizonezko heldu gazte baten gorpua zela ondorioztatu zen, 40 urte ingurukoa. Eskeletoaren kontserbazio-maila oso eskasa zen, eta zati batzuk falta ziren. Auzitegi-azterketaren arabera, pertsona horrek pistola baten tiroa jaso zuen aurpegiaren eskuineko aldean. Hain zuzen ere, pistola baten jaurtigai deformatua berreskuratu zen, 9 mm-koa, heriotzarekin lotuta.
Hezur-hondarrekin batera aurkitu ziren, halaber, tirante batzuen belarri metalikoak, krokadura bat, eta pintza metaliko batzuk (pertsona horrek jantzita eroango zituen galtzerdiak eusteko), bai eta tamaina txikiko bi belarri ere.
Pertsona hori identifikatzeko lanetan ondorioztatu daitekeenez, Asu baserrian eskuratutako informazioari jarraikiz (bertan egon zen atxilotuta), ziur aski Frantziako herritar bat zen, hizkuntza horretan mintzatzen baitzen. Gainera, hainbat seme-alaba zituela jakin zuten. Bere nortasuna ezagutzeko hainbat ikerketa egin ziren, baina ez zuten emaitzarik izan.
