Argitalpen-data: 2014/04/15
Añanako Gatzaren Premium Bilduma berriak
"Premium Bilduma berriak erakusten du posible dela gatza, egunero kontsumitzen den produktua, berritzea eta erakargarriago bihurtzea". Roberto Lopez de Eguilaz, Añanako Gatz Harana Fundazioaren zuzendari-gerentea
Beste zortzi barietate batu zaizkie Añanako Gatzaren katalogoko produktuei. Zertan datza Premium Bilduma?
Añanako Gatz Haranean –mundu osoan ez dago horren pareko paisaiarik–, lau gatz mota ekoizten dira modu naturalean, gatzgileen belaunaldien teknika tradizionalen bidez: Gatz Minerala, Gatz Lorearen ezkatak, Gatz Likidoa eta Txuzoa. Bilduma berriak ezin hobeto uztartzen ditu Gatz mineralaren kalitate aparta eta hainbat espezie: baratxuria, kaiena, belar finak, Proventzako belarrak eta tomatea; oliba berde eta beltz zatiak; eta Arabar Errioxako ardoa. Plater bakoitzari ukitu partikular eta berezia ematen dioten zapore, usain eta kolore konbinazioa da horren guztiaren emaitza.
Zer dela-eta erabaki duzue produktu-linea horrekin jarraitzea?
Premium Bilduma berriak erakusten du posible dela gatza, egunero kontsumitzen den eta oinarrizko elikagaia den produktua, berritzea eta erakargarriago bihurtzea. Barietate berriei esker, kalitate handiko produktu natural eta ekologiko gisa duen posizioa finkatu du Añanako Gatzak, esperimentaziorako eta kontsumitzailearen gozamenerako zabalik egotearekin batera. Premium Bildumaren aurretik ere egin genituen berrikuntzak, Gatz Likidoa komertzializatuta.
Zer erantzun ari zarete jasotzen banatzaileen eta azken kontsumitzaileengandik?
Añanako Gatza munduko gatz onenetako bat da, eta hori dela-eta, gero eta interes handiagoa sortzen du eta gero eta gehiago saltzen da. Premium Bildumaren aurkezpen ofiziala egin baino askoz ere lehenago, itxita genituen gure gatza erosten duten bezeroen eskaera asko. Gatz Haraneko gatzak pizten duen interesaren adibide onena da Gatz Lorearen ezkatek hilabeteak eramatea agortuta; bezeroen itxarote-zerrenda egin behar izan dugu, eta maiatzean hasiko gara horiek hornitzen, ekoizpena hasi bezain laster.
Mintza gaitezen zenbakiez. Zein izan zen 2013. urtean artisau gatzen bolumena, eta zein da urte honetarako aurreikuspena?
Añanako Gatz Harana Fundazioaren sorreratik, 2009. urtetik, kalitatearen aldeko apustua egin dugu beti, eta ez horrenbeste kantitatearen aldekoa. 2013. urtekoa horrelako laugarren uzta izan zen, eta 69 tona Gatz Mineral eta 13 tona Gatz Lore ezkata ekoitzi ziren. Barnealdeko gatzagak direnez, eguzki eta haize baldintza egokien mende dago ekoizpena. Horiek aldekoak badira, aurtengo helburua da Gatz Lore tonak bikoiztea, hilabeteak baitira iazko uzta salduta eta agortuta dagoela.
Azken datuen arabera, Fundazioak 301845 euroko diru-sarrerak eduki zituen 2013. urtean Añanako Gatzari esker. Nagusiki nazionala da merkatua?
Lehenik eta behin, gogorarazi behar da gatzaren salmentaren eta bisiten ondoriozko diru-sarrera guztiak Gatz Harana leheneratzeko eta babesteko lanetara bideratzen direla. Lau denboraldi bakarrik daramatzagunez kalitate handiko gatza ekoizten, salmenta-bolumen handiena merkatu nazionalari dagokio, baina kanpoko eskaera gero eta handiagoa da, kopuruetan zein ehunekoan.
Zer-nolako pisua du esportazioak zuen kasuan?
Une hauetan, 17 herrialdetan aurki daiteke Añanako Gatza, AEBetan, Britainia Handian, Alemanian, Italian edo Japonen, besteak beste, eta diru-sarreren %25 kanpoko salmenetatik eratorritakoak dira.
Añanako Gatza sustatzeko zer ekintza egingo ditu Fundazioak aurten eta, zehazki, Premium Bildumarekin?
Eusko Jaurlaritzari esker, Añanako Gatza Madrileko Gourmet Azokan eta Bartzelonako Alimentaria Azokan izan da oraintsu. Hala ere, sustapen-lana etengabea da. Gatz Haranak eta Añanako Gatzak binomio banaezina osatzen dute: bisitek gatza ezagutarazten eta gehiago saltzen laguntzen dute, eta gatzaren salmentak produktu berezi eta baloratu hori nondik datorren eta nola ekoizten den jakin nahi duten bisitarien kopurua handitzea dakar.
Eusko Jaurlaritzaren standean parte hartu duzue Alimentaria Azokan. Zein izan da emaitza?
Emaitza oso positiboa izan da, banatzaileen, saltoki handien eta saltoki espezializatuen interesagatik. Azokan bertan akordioak itxi izana eta azokaren ondorengo egunetan eskaera-kopurua ikaragarri handitu izana da arrakastaren erakusgarri onena.
Baduzue erakunde horrek bultzatutako sustapen-ekintza gehiagotara joateko asmorik? Zer iritzi duzu horrelako ekimenei buruz?
Egia esan, Añanako Gatza Eusko Jaurlaritzak sustatutako azoka eta ekitaldi guztietan izan da, horren lehenengo uztetatik. Horrelako azoketan parte hartzea aukera bikaina da harremanak egiteko eta merkatu berriak zabaltzeko.
Martin Berasategui, Joan Roca, Pedro Subijana, Eneko Atxa, Andoni Luis Aduriz, Dani Garcia, Patxi Eceiza, Francis Paniego eta Diego Guerrerok (24 Michelin izar dituzte guztira) baloratu eta euren jatetxeetan erabiltzen dute. Añanako Gatzaren jarraitzaile leial diren izardunen talde horrek edukiko du kide berririk?
Añanako Gatza ez ezik, Gatz Harana eta horrek ordezkatzen duena ezagutarazteko egiten duten lana da sukaldari edo Michelin izar kopuru hori baino garrantzitsuagoa. Oso esker oneko gara egiten duten lan desinteresatua dela-eta; horregatik dira gure enbaxadore onenak. Sukaldari handien aitortzaz gainera, Slow Food mugimenduaren sari garrantzitsuena jaso du oraintsu Añanako Gatzak, Baluarte Produktu hautatu baitute.
Udaren ondoren jakingo da Añanako Gatz Harana azkenean UNESCOren Munduko Ondare bihurtzen den edo ez Kultur Paisaia kategorian. Berri zoragarri hori jasoz gero, zer ekintza aurreikusi dituzue?
Aitortza garrantzitsu hori lortzen badugu, merezi duen bezala ospatuko dugu, seguru. Nolanahi ere, ekainaren 15etik 25era Qatarren izango den Munduko Ondarearen Batzordearen bilera dela-eta egin beharreko ekintza eta estrategietan zentratuta gaude orain, bertan hartuko baitute erabakia. Oso garrantzitsua izango litzatekeen arren, Munduko Ondareen Zerrendan sartu edo ez, Gatz Harana nazioarteko erreferente dela baloratu behar da; ez du parekorik munduan, eta turismoa, kultura, gizartea eta ekonomia garatzeko motorra da, horren leheneratzeari, kontserbazioari eta balio emateari esker.