Amasako hilerria hobia (Amasa-Villabona, Gipuzkoa)
| KOKAPENA | Amasako hilerria (Amasa-Villabona, Gipuzkoa) |
| BIKTIMAK | 6 |
| IDENTIFIKATUTAKO BIKTIMA-KOPURUA | 3 |
| DATA | 2013ko uztailaren 24a |
Agustín Garmendia Urkola (¿?Amasa-Villabona, Gipuzkoa -1936 Tolosa, Gipuzkoa) Josefa eta Jose Agustinen semea, ezkondua eta bi seme-alaba eta lanbidez behargina. Tolosako hilerrian fusilatu zuten 1936ko urriaren 1ean.
Joxe Garmendia Iraola (¿?Amasa-Villabona, Gipuzkoa -1936 Tolosa, Gipuzkoa) Langilea lanbidez, ezkondua eta bi seme-alabekin, Tolosako hilerrian fusilatu zuten 1936ko urriaren 1ean.
Cruz Iribarren Ezkioga (¿? Villabona, Gipuzkoa - 1936 Tolosa, Gipuzkoa) papergilea lanbidez eta ezkongabea. Zizurkilen bizi zen eta Tolosako hilerrian fusilatu zuten 1936ko urriaren 1ean.
Aranzadiko kide den Karlos Almorzak emandako informazioaren arabera, Amasako kanposantuko Zapirain familiaren panteoian berriz ere ehortzi ziren 1936ko urrian Tolosan izandako errepresioan frankistek erail zituzten hainbat pertsonaren hezur-hondarrak. Hondar horiek panteoi honetara eraman ziren, zehaztu gabeko data batean, haren jabe zen familiaren baimenarekin. Ondoren, familiaren beste lurperatze batzuk egin behar izan direnean erabili da panteoia.
Hezur-hondarrak, dirudienez, honako hauenak dira: Agustín Garmendia Urkola, Joxe Garmendia Iraola, Cruz Iribarren Ezkioga eta izen ezezaguna duen baina dirudienez jatorri madrildarrekoa den beste pertsona batenak.

Panteoiko esku-hartzea Zapirain familiaren baimenarekin eta Amasa-Villabonako Udalaren babes instituzionalarekin egin zen. Udalaren ordezkari izan zen, besteak beste, Nora Urbizu andrea, Kultura eta Euskarako zinegotzia eta memoria historikoaren arduraduna. Halaber, udalerriko Aritza Kultur Elkartea aritu zen koordinazio-lanetan.
Hondarrak hobitik ateratzen hasi baino lehen, elkarrizketa grabatu zitzaion Mª Pilar Iribarren andreari, Cruz Iribarrenen senideari. Hark azaldu zuen familiak zein informazio zuen 1936ko urriaren 1ean Tolosan Villabonako lau auzokide atxilotu, lekualdatu eta erail zituztenekoaz.
Panteoia kanposantuaren sakoneko korridorean zegoen, eskuineko aldean. Sakonean eraikita dago, hiru albo-erretilu daudela alde bakoitzean, barrualdean, bai eta erdiko espazio bat ere, sakoneko horman, horma-hobi itxurakoa. Bertan, murrizketetatik eratorritako hezur-hondar ugari zeuden. Horma-hobi horrek konfigurazio bertikala dauka, 80 zentimetroko sakonerakoa.
Horma-hobi horretatik hezur-hondar guztiak atera ziren. Hondarrek kolore beltzaxka zuten, infiltrazio-urez gainezka egon izanaren bereizgarri.
Inbentarioan, goiko eta beheko gorputz-adarretako hezur luzeen, koxalen, tartsoko hezurren, zortzi pertsonaren garezurren eta gutxienez hamahiru pertsonaren masailezurren hondarrak jaso ziren. Masailezur horietatik sei gizonezkoenak zirela zehaztu zen.
Ondorengo azterketak egiteko, garezurreko haustura gisa identifikatu ziren lesio traumatikoak zituzten garezur-zatiak hautatu ziren. Zehazki, hausturak antzeman ziren hiru harkaitz mastoideotan. Ziur aski, energia altuko inpaktuaren ondorioz sortuko ziren, su-armaren ziozko lesioetan halaxe gertatzen baita. Tiroek eremu zefalikoan jo zuten, garezurraren oinarrian.
Hala egiaztatu ahal izan zen Amasako kanposantuko Zapirain familiaren panteoian zeuden hezur-hondarretako batzuk Tolosako kanposantuan desobiratutako hobitik zetozela. Biktima hauei buruz ari gara, zehazki: Agustín Garmendia Urkola, Joxe Garmendia Iraola eta Cruz Iribarren Ezkioga. Pertsona horien erailketa, era berean, Tolosa eta Villabonako artxiboetan ageri den dokumentazioan berretsi zen.
2014ko martxoaren 29an Amasa-Villabonako Udalean egindako omenaldi-ekitaldi batean entregatu ziren hezur-hondarrak. Bertan egon ziren Martín Garitano, Gipuzkoako diputatu nagusia, Amasa-Villabonako Udaleko alkatea eta udalbatzako hainbat kide, eta goian aipatutako biktimen senideak. Hezur-hondarrak Amasako kanposantuko Zapirain familiaren panteoian ehortzi ziren berriz.