OSALAN BECeko umeentzako Gabon parkean
“Osasuna lanean, osasuna bizitzan” leloarekin, gaurtik hasi eta urtarrilaren 5a arte, laneko arriskuen prebentzioari lotuta, familia osoari zuzendutako sentsibilizazio, ikasketa, esperimentazio eta jolaserako gunea prestatu du OSALANek Barakaldoko BECen.
Lehenengo helburua bizitzako aldi eta esparru guztietan segurtasunaren eta prebentzioaren garrantziaz ohartaraztea da; segurtasunari ikuspuntu oso edo integral batetik begiratuta. Bestetik, modu ulerkor eta gertukoan laneko segurtasuna gazteenen eguneroko egoerekin erlazionatzen da, prebentzioaren kultura zer den barneratzen hasteko.
Gune honek, gazteenei eta euren familiei zuzenduta, Gabonetako Parkea bezalako aisialdi gune batean, laneko arriskuen prebentzioa landuz dibulgaziorako eta hezkuntzarako esparru izan nahi du.
400 metro kuadroko gunea da, bertaratzen direnek jolaserako aukerak aurkituko dituzte: pista amerikarra, garraiatzeko eta erabiltzeko materiala duen lantoki bitxia, “kroma” gunea irudiekin jolasteko, photocall esparrua OSALANen ADI eta BALDAR pertsonaiekin, animaziozko gunea eta 5 urte arteko haurrei zuzendutako gunea ere egokitu da, haientzat aproposak diren jolasekin.
Pertsonaiak eta sariak
OSALANen gunera hurbiltzen direnek ADI eta BALDAR ezaugutuko dituzte, arriskuaren prebentzioari buruzko ikuspegi oso desberdina duten bi pertsonaia.
ADI laneko arriskuen prebentzioarekin kontzientziatuta eta konprometituta dagoen pertsonaia da; bere boterei esker, haurrek gunean gainditu beharko dituzten probetan lagunduko die. BALDAR ostera, laneko segurtasuna eta osasuna aintzat hartu gabe bizi den izakia da eta parte hartzaileen helburuak zapuzten saiatuko da.
Jolas erronketan parte hartzen dutenek “gaztepreben karneta” betetzeko zigiluak lortuko dituzte eta horrek mini Ipad bat eskuratzeko zozketan parte hartzeko aukera emango diete txikienei.
2015eko abenduaren 17an Osalanek egindako prentsa-oharra (308 KB)
