Zientziaren, gastronomiaren eta berrikuntzaren arloko erreferenteak bildu dira Araban, lurraren etorkizunaz hausnartzeko LURRA ekimenaren baitan

Argitalpen-data: 

WhatsApp_Image_2026-11-09_at_12.33.39.jpeg
  • ArabaK0 Kolektiboarekin elkarlanean antolatutako topaketaren bigarren edizioak lurraldearen, elikaduraren eta teknologiaren arteko harremana izan du ardatz, eta nekazaritzak, ekoizpen-eredu berriek eta etorkizuneko gastronomiak dituzten erronkei buruzko hausnarketarako tartea zabaldu du
  • Nora Beltrán de Otálorak, Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko zuzendariak etorkizuneko erronkei aurre egiteko lehen sektorearen, gastronomiaren eta berrikuntzaren arteko elkarlana sustatzearen garrantzia azpimarratu du

Lurrak gure elikaduran, nortasunean eta etorkizunean duen garrantzia izan da LURRA topaketaren bigarren edizioaren abiapuntua. Ideia hori oinarri hartuta, LURRA topaketaren bigarren edizioa hartu du gaur Arabak. Zientziaren, nekazaritzaren, teknologiaren eta gastronomiaren arloko profesionalak bildu dira bertan, lurraldearen eta gure elikaduraren etorkizuna baldintzatuko duten erronkak eta aukerak aztertzeko.

Mantala Basque Gastronomyren baitan sortutako Arabako sukaldarien ArabaK0 Kolektiboarekin elkarlanean antolatu da bigarren edizio hau. Lurrari hainbat diziplinatatik begiratzeko aukera eskaini du topaketak, besteak beste, nekazaritzaren bilakaera, teknologia berriek ekoizpen-prozesuetan duten aplikazioa, adimen arti"ziala eta elikadura-sistema eraldatzen ari diren aldaketak jorratuz.

LURRA topaketaren bigarren edizioak 2025ean Kanpezun hasitako bideari jarraipena eman dio. Aurten ere, hainbat arlotako profesionalak elkartu dira, lurraldearen etorkizunari buruz hausnartzeko eta dituzten erronka partekatuak elkarrekin aztertzeko.

Topaketan Nora Beltrán de Otálorak, Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko zuzendariak, ere parte hartu du. Bere hitzaldian, etorkizuneko erronkei aurre egiteko lehen sektorearen, gastronomiaren eta berrikuntzaren arteko elkarlana sustatzearen garrantzia azpimarratu du, baita elikaduraren eta lurraldearen arteko lotura sendotzeko beharra ere.

“Euskal gastronomiaren etorkizuna gure lurrean eta lur hori lantzen duten pertsonengan hasten da. Lurraldearekin dugun lotura hori zaintzea dugu erronka, eta, aldi berean, datozen erronkei aurre egiteko berrikuntza eta teknologia txertatzea. ArabaK0 Kolektiboarekin elkarlanean bultzatutako LURRA bezalako ekimenek agerian uzten dute zein garrantzitsua den sukaldarien, ekoizleen, zientziaren arloko profesionalen eta erakundeen arteko topaguneak sortzea. Gure gastronomiaren etorkizuna elkarlanean eraikitzen da, gure sustraiak egiteko eta pentsatzeko modu berriekin uztartuz”.

Bost begirada, lurraren eta elikaduraren etorkizunaz hausnartzeko

Jardunaldian erreferentziazko bost profesionalek hartu dute parte, bakoitzak bere jakintza-arlotik ikuspegi osagarriak eskainiz.

Jakoba Errekondo paisajista eta agronomoak lurra jarri du solasaldiaren erdigunean, paisaiaren, nekazaritzaren eta pertsonen eta lurraldearen arteko harremanaren ikuspegitik.

Ondoren, Beatriz Romanos elikadura-berrikuntzan adituak elikagaiak ekoizteko eta kontsumitzeko moduak nola aldatzen ari diren azaldu du. Horrez gain, teknologia berriek sektorearen erronkei aurre egiteko eskaintzen dituzten aukerak aztertu ditu.

Teknologiaren aplikazio praktikoen ikuspegia Izaskun Orive AIDTEC Solutions enpresaren sortzaileetako batek eskaini du. Bere hitzaldian, tresna teknologiko berriek gastronomiarako eta nekazaritzako elikagaien ekoizpenerako eskaintzen dituzten aukerak izan ditu hizpide.

Azkenik, Eneko Axpe "sikaren, elikaduraren eta gastronomiaren arteko loturan espezializatutako zientzialari eta ikertzaileak zientziaren, adimen arti"zialaren eta sukaldaritzaren arteko elkargunean sortzen diren aukerak aztertu ditu, gastronomiaren arloan zabaltzen ari diren ikuspegi berriak bertaratutakoei hurbilduz.

“Etorkizuneko gastronomia hiru eraldaketa handik baldintzatuko dute: immigrazioak, klima-aldaketak eta teknologiak. Kultura berrien etorrerak gure sukaldatzeko eta elikadura ulertzeko moduak aberasten jarraituko du. Klima-aldaketak, berriz, gaur egun bertakotzat jotzen ditugun produktuak aldatuko ditu. Itsasoko tenperaturaren igoerak guretzat berezkoak diren espezieen presentzian eragina izan dezake, eta deserti"kazioa bezalako fenomenoek erronka handiak ekarriko dizkiete Arabaren batez ere. Aldi berean, adimen arti"zialak eta robotikak gero eta garrantzi handiagoa izango dute abeltzaintza bezalako sektoreetan, aldaketa horietara egokitzen lagunduz”, azaldu du Eneko Axpek.

Hitzaldiek lurraren etorkizunari ikuspegi zabal batetik heltzeko aukera eman dute, ezagutza zienti"koa eta aurrerapen teknologikoak elikagaien ekoizpenaren erronkekin eta lurraldearekiko lotura estua mantentzeko beharrarekin uztartuz.

Arabako gastronomia, elkargune

Hitzaldietatik harago, LURRAk hausnarketa horiek esperientzia gastronomikora ere eraman nahi izan ditu, produktua, ekoizleen lana eta Arabako sukaldaritza-nortasuna balioan jarriz.

Egitarauari amaiera emateko, ArabaK0 Kolektiboko kide diren jatetxeetako sukaldariek prestatutako bazkaria egin da: Kromatiko jatetxeko Aitor Etxenikek eta Zuriñe Kimek, Palacio de Añana jatetxeko Belén Sandrínek eta Jokin Lomak, eta El Puntido jatetxeko Cristian Solanak.

Proposamen gastronomikoak tokiko produktuak, ekoizleen lana eta Arabako nortasun gastronomikoa nabarmendu ditu, jardunaldian partekatutako hausnarketetako batzuk mahaira eramanez.

ArabaK0, Arabako gastronomiaren etorkizunari begirada kolektiboa

ArabaK0 Kolektiboa 2025ean sortu zen, Mantala Basque Gastronomy egitasmoaren baitan, Arabako gastronomiaren etorkizunarekin konprometitutako sukaldariak elkartzeko helburuarekin. Elkarlana sustatzea, esperientziak partekatzea eta lurraldearen nortasun gastronomikoa balioan jartzea ditu ardatz.

“ArabaK0rekin Arabako sukaldariei protagonismoa eman nahi diegu, ezagutzak, kezkak eta proiektuak partekatzeko espazioak sortuz eta lurraldearen nortasun gastronomiko propioa indartuz. LURRA bide horren adibide garbia da: kolektiboaren baitan sortutako ekimena, gure gastronomiaren orainaz eta etorkizunaz hausnartzeko eta elkarrizketa berriak zabaltzeko aukera eskaintzen duena”, adierazi du Imanol Zubelzuk, Mantala Basque Gastronomyko arduradunak.

Topaketen, ekoizleei egindako bisiten eta LURRA bezalako ekimenen bidez, kolektiboak bere kideen arteko harremanak sendotu, elkarrengandik ikastea sustatu eta Arabako gastronomiaren garapenari eta proiekzioari lagundu nahi die.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)