-
Beka eskuratuko duten familien kopurua 1.500 inguru handituko dela uste da
Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak iragarri du hobetu egingo direla 2026-2027 ikasturteko deialdian aplikatuko diren unibertsitateko ikasketa eta beste goi-mailako ikasketa batzuk egiteko bekak eskuratzeko baldintzak. Helburua da onuradunen kopurua handitzea eta Euskadiko errealitate sozioekonomikora egokitutako laguntza-sistema bidezkoago baterantz aurrera egitea.
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesiasek azaldu duenez, neurriak azken urteetan atzemandako "joera kezkagarri" bati erantzuten dio: 2023-2024 ikasturteaz geroztik, ukatutako beken kopurua handiagoa izan da emandakoena baino. Egoera hori egungo 2025-2026ko deialdira arte mantendu da, eta, batez ere, Estatuko errenta-atalaseak izozteari lotuta dago, ez baitute behar bezala islatzen Euskadiko bizitzaren kostua.
Datuek bilakaera hori berresten dute. 2023-2024 ikasturtean 20.401 eskabide aurkeztu ziren, eta horietatik 9.593 eman ziren. 2024-2025ean, 20.430 eskaera egin ziren, eta 9.633 beka eman ziren. Ikasturte honetan, eskaria apur bat murriztu da 20.068 eskaeraraino, eta ukatutakoak emandako bekak baino gehiago dira oraindik.
Egoera horri buelta emateko, Sailak errenta-tarte berri bat sartuko du datorren uztailean argiratuko den hurrengo deialdian. Tarte horrek % 10 igoko du familia errentaren muga, eta goiko atalaseari dagozkion zenbatekoak mantenduko ditu; hala, Estatuan indarrean dauden hiru atalaseak gainditu arren errenta doituak dituzten familiak artatzeko aukera emango du.
Neurri horrekin, familia onuradunen kopurua % 15 inguru handituko dela kalkulatzen da, eta horrek ekarriko du 1.500 familia berri inguru sartzea unibertsitate-beken sisteman, eta goi-mailako hezkuntzan sartzeko aukera-berdintasuna benetan indartzea.
Pérez Iglesias sailburuak azpimarratu duenez, "beken deialdi orokor honen lehentasuna da zailtasun ekonomiko handienak dituztenei unibertsitaterako sarbidea erraztea, sistema bidezkoago eta euskal errealitate sozioekonomikora egokituago baterantz aurrera eginez".
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)