Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak gaitzetsi egin du Mondragon Unibertsitatean salatutako sexu erasoa

Argitalpen-data: 

Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean egin den kontzentrazioa.

Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak bere gaitzespen irmoena eta erabateko arbuioa adierazi ditu Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko emakume batek salatutako sexu-eraso larriaren aurrean.

Gertakari oso larriak dira, emakumeen oinarrizko eskubideak urratzen dituztenak eta unibertsitate-bizitzan zein gizarte osoan nagusitu behar diren errespetu, berdintasun eta duintasun printzipioekin bateraezinak direnak.

Sailak bere babes, elkartasun eta hurbiltasun osoa helarazi nahi dizkio erasoa jasan duen emakumeari eta haren inguruko gertukoei. Era berean, haren intimitatea errespetatzearen eta suspertze-prozesua babestearen garrantzia azpimarratu du.

Halaber, Sailak bat egin du Mondragon Unibertsitateak gaur eguerdian egin duen  elkarretaratzearekin. Itziar Fernández Unibertsitate Komunitatearen Arreta eta Zaintzarako zuzendariak parte hartu du Eskoriatzako campuseko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean egin den kontzentrazioan.

Sailak irmo gaitzesten du edozein sexu-indarkeria mota, eta berretsi egiten du indarkeria matxista giza eskubideen egiturazko urraketa dela, eta horrek erakundeen erantzun irmoa, koordinatua eta denboran sostengatua eskatzen duela.

Ildo horretan, berretsi egiten du unibertsitate-ingurune seguruak, berdinzaleak eta indarkeria edo diskriminazio mota orotatik askeak sustatzeko duen konpromisoa, baita hezkuntza-esparruan prebentzio-, sentsibilizazio- eta arreta-politikak bultzatzekoa ere.

Azkenik, Sailak gertutik jarraituko ditu abian diren jarduketak, eta espero du ikerketak gertakariak erabat argitzea eta dagozkion erantzukizunak zehaztea ahalbidetzea.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)