Zeuk Esan zerbitzuak 2.293 kontsulta jaso ditu, aurreko urtean baino 96 gehiago

Argitalpen-data: 

• Zeuk Esan zerbitzura jotzen duten adin txikiko erabiltzaileen artean 16 eta 17 urte dituztenen kopuruak gora egin du.

• Adin txikikoek egindako kontsulten gehiengoa arazo psikologikoek eragindakoa izan da (nahi ez den bakardadea, antsietatea…)


Ongizate, Erronka Demografiko eta Gazteria Sailak haurrak eta nerabeak zaintzeko telefono zerbitzuaren 2025eko txostena aurkeztu du. Zeuk Esan informazioa, orientazioa eta aholkularitza eskaintzen dituen zerbitzua da, bai adingabeei bai haien inguruko helduei, eta 116111 telefonoaren bidez garatzen da nagusiki. Deitzen duten eta kontsultak egiten dituzten pertsona gehienak adingabeak eta nerabeak dira, baina ama, aita, beste senide edo profesional askok ere erabiltzen dute. 116111 zenbakira egindako deiak doakoak eta anonimoak dira eta fakturan ez dute arrastorik uzten. 2025ean, Zeuk Esanek 2.293 kontsulta jaso zituen, aurreko urtean baino 96 gehiago. Hori azken 13 urteetako kontaktu kopururik handiena izan da eta kontsulta gehienak urtarrilean eta maiatzean sortu dira. Iazko 2.293 kontsultetatik 1.249 adingabeek egin zituzten eta 1.044 helduek.

Adingabeekin izandako esku-hartzeak

Zeuk Esan zerbitzura deitu duten adingabeen % 67,2k 16-17 urte ditu, % 28,2k 12-15 urte eta % 4,5ek 12 urte baino gutxiago. Zeuk Esan zerbitzua erabiltzen duten 16 eta 17 urteko adingabeen kopurua dezente igo da. Zeuk Esan-ekin harremanetan jarri ziren adingabeen sexuari dagokionez, % 58 neskak izan ziren, % 41 mutilak eta % 1 bestelakoak. Zeuk Esan zerbitzua eguneko 24 orduetan dago martxan urteko 365 egunetan, eta adingabeen aldetik deirik gehien jasotzen diren ordu-tarteak 12:00etatik 15:00etara eta 18:00etatik 21:00etara dira. Zeuk Esan-ekin harremanetan jartzen diren adingabe gehienek ( % 92,6) telefonoz egiten dute, eta Instagram bidez egindako kontsulten kopuruak gora egin du. Helduei dagokienez, % 92,3k telefonoz egiten du, eta % 7,2k posta elektronikoz.

Alde batetik, ume edo nerabeek egindako kontsulten % 40 ondoez psikologikoagatik izan ziren (nahi gabeko bakardadea, antsietatea, tristura, hitz egiteko beharra...), eta aurreko urteko datuekin alderatuta joera hori mantentzen da. Bestalde, kontsulten % 38,8 berdinen arteko jazarpen-kasuen ondoriozkoak izan ziren (irainak, indarkeria fisikoa, isolamendua), jarrera arrazista, LGTBIfobiko, lodifobiko eta abarren ondorioz gertatutakoak.

Bestalde, kontsulten % 9,5ak (119 guztira) familia-harremanetan zuen jatorria (gurasoen maitasun eskasa, komunikazio falta, banantze-prozesuak...), aurreko urtean baino 26 kontsulta gutxiago. Ehuneko txikiagoan sexualitateari buruzko zalantzak edo kezkak (74 kasu) agertzen dira. Kontsulta horiek desleialtasunen baten, sexu-orientazioari buruzko zalantzetan edo balizko haurdunaldi baten oinarrituta daude. Genero-indarkeria salatzeko 20 dei ere erregistratu dira (ukituak eta hitzezko indarkeria).

Helduekin izandako esku-hartzeak

Helduekin erregistratutako esku-hartze guztien % 49,5 adingabeak ardurapean dituzten gurasoei zegozkien. Beste erdia beste senide, irakasle, hezitzaile, eskola-orientatzaile, gizarte-langile, mediku, kirol-teknikari eta abarri dagokie. Kontsulta moten adibideak 2025eko txostenak artatutako kasuen tipologia askotarikoa dela adierazten duten hainbat adibide biltzen ditu:

- 7 urteko neskato bat ezagutzen duen eta ume hori amarengandik tratu txarrak jasaten ari dela uste duen pertsona baten dei anonimoa.
- 14 urteko mutil baten deia, amarekin eta aitarekin duen harreman eskasa kontatzen duena eta, aldi berean, bere lagunik onena harreman toxiko baten dagoela eta harreman horrek eragiten diola aditzera ematen duena.
- 16 urteko neska baten deia, bera barruko arropan agertzen den argazki baten oinarrituta norbait xantaia egiten ari zaiola esanez.
- Ama baten deia, 16 urteko alabak bere portaera aldatu duela eta bere burua zauritu duela esanez. Alabarekin gaiari nola heldu ez dakiela jakinarazi du.
- 16 urteko mutil baten deia, gurasoekin duen harreman zaila kontatzen duena. Gaineratu du gauetan ez duela atsedenik hartzen, berandu jaikitzen dela eta, horregatik, egun askotan ez dela eskolara joaten.
- Seme-alabekin sexualitateari eta afektibitateari buruz hitz egin nahi duen eta nola egin ez dakien aitaren deia.

Zeuk Esan zerbitzuaren gizarteratzea

2026an zehar Zeuk Esan ekimenaren komunikazio eta publizitate kanpainak urte osoan zehar mantenduko dira (ez dira puntualak izango). Gainera, ikastetxeetan eskaintzen diren sentsibilizazio-dinamikek bere horretan jarraituko dute. 2024/2025 ikasturtean 116 hitzaldi eman ziren Euskadiko hainbat ikastetxetan. Bertan, DBHko eta batxilergoko 3.204 ikaslek (aurreko ikasturtean baino 943 ikasle gehiago) eta 246 irakaslek parte hartu zuten. Bestalde, Osakidetzarekin lankidetzan aritu gara hainbat prestakuntza-jardunalditan: Osakidetzako zuzendaritza nagusian, lehen mailako arretako 44 arduradunekin; Donostiako Ospitalean, 82 profesionalek hartu dute parte (pediatrak, familia-medikuak eta psikiatrak); eta Basurtuko Ospitalean, Euskadiko ESIetako arduradunek eta arreta komunitarioko profesionalek hartu dute parte.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)