Zazpi film lehiatuko dira Donostiako Zinemaldian Euskadi Basque Country 2030 Agenda Saria lortzeko

Argitalpen-data: 

  • Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza Sozialaren eta 2030 Agendaren Zuzendaritzak bosgarren urtez bultzatuko du zinema giza eskubideak, kultura demokratikoa eta garapen jasangarria sustatzeko tresna gisa aitortzea
  • Epaimahaiko burua María Vázquez aktorea izango da, eta bertako kide izango dira Jone Laspiur artista eta aktorea eta Asier Aranbarri Berrikuntza Sozialaren eta 2030 Agendaren zuzendaria ere

Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza Sozialaren eta 2030 Agendaren Zuzendaritzak berriro ere elkarrizketa, hausnarketa eta eraldaketa soziala sortzeko tresna gisa kokatu du zinema Donostiako Zinemaldiaren 74. edizioaren esparruan. Programa ofizialeko zazpi film lehiatuko dira Euskadi Basque Country Agenda 2030 Sarirako. Bosgarren edizio honetan, kultura demokratikoaren, giza eskubideen, jasangarritasunaren, aniztasunaren eta elkartasunaren balioak agerian jartzen laguntzen duten istorioak aitortzea izango da helburua.

Saria ideia nagusi batetik abiatzen da: 2030 Agenda ez da soilik helburu eta politika publikoen esparru bat, baizik eta aukera bat ere bada duintasunaren, berdintasunaren, bizikidetzaren eta jasangarritasunaren inguruan kultura sozial partekatu bat sortzeko. Alde horretatik, arte-sorkuntzak eta, bereziki, zinemak gaitasuna dute balio horiek herritarrengana hurbiltzeko, galderak planteatzeko eta gizarteak aurre egin beharreko erronkei buruzko begirada berriak bultzatzeko.

Aukeratutako zazpi filmek erronka horiekin lotura estua duten gaiak jorratzen dituzte ikuspegi eta jatorri desberdinetatik. Horietako bat Daniel Monzónen Ruega por nosotras / Pray for Us, Sail Ofizialekoa da, lehiaketatik kanpoko proiekzio berezi gisa. Billy Lumbyren FLORIDek New Directors sailean parte hartzen du, eta Horizontes Latinos sailaren barruan daude Diego Lunaren Ceniza en la boca / Ashes eta Esteban Hoyos García eta Juan Miguel Gelacioren Cinco años, cuatro meses / Five Years, Four Months. Perlak saileko hiru filmek osatzen dute aukeraketa: Javier Calvo eta Javier Ambrossiren La bola negra, Pawel Pawlikowskiren Fatherland; eta Cristian Mungiuren Fjord.

Espainiatik, Erresuma Batutik, Mexikotik, Kolonbiatik, Poloniatik eta Errumaniatik etorritako film horiek hainbat errealitate aztertzen dituzte, hala nola errepresioa eta askatasuna, osasun mentala, migrazioa eta deserrotzea, iraganeko gatazken memoria, identitate eta aniztasun sexuala, familia-loturak eta agintearen mugak. Askotariko begiradak dira, zinema-sorkuntzaren bidez, 2030 Agendarekin lotutako erronka sozial handienetako batzuk jorratzeko aukera ematen dutenak.

Epaimahaiburua María Vázquez aktorea izango da, eta bertako kide izango dira Jone Laspiur artista eta aktorea eta Asier Aranbarri Berrikuntza Sozialaren eta 2030 Agendaren zuzendaria ere. Horrela, sorkuntzaren eremutik eta berrikuntza sozialaren eta 2030 Agendaren ikuspegitik hainbat begirada barne hartuko ditu, beraz, giza eskubideak sustatzeko, kultura demokratikoa indartzeko eta Garapen Jasangarrirako Helburuen bidean aurrera egiten laguntzeko kulturak duen gaitasunean arreta jarriz.

Film irabazlearen ekoizle nagusiarentzako saria 20.000 eurokoa da, eta irailaren 24an, ostegunean, 17:00etan emango da Tabakalerako Prisman. Ekitaldiaren ondoren koktel ireki bat egingo da komunikabideen, zinema-industriaren eta ikus-entzuleen arteko topagune gisa.  Zazpi filmetako baten emanaldirako sarrera dutenak saria banatzeko zeremonian sartu ahal izango dira. Sarrerarik ez dutenek 2030agenda@euskadi.eus posta elektronikoaren bidez eskatu ahal izango dute bertan izan nahi dutela.

Zinema elkarrizketarako eta eraldaketarako gune gisa

Sariaren bosgarren edizioak programa berezi bat ere izango du, zinemak topagune eta gizarte-eraldaketarako espazio gisa duen zeregina aldarrikatzeko. Urteurren hori dela eta, aurreko edizioetan saritutako lau filmak biltzen dituen ziklo bat proiektatuko da: Jean-Pierre eta Luc Dardenneren Tori et Lokita / Tori and Lokita, 2022ko irabazlea; Ladi Lyren Bâtiment 5 / Les Indésirables,, 2023koa; Iciar Bollaínen Soy Nevenka / I Am Nevenka, 2024koa; eta Kaouther Ben Haniaren The Voice of Hind Rajab / La voz de Hind, 2025ekoa.

Programa osatzeko, Diego Luna protagonista duen elkarrizketa bat izango da, eta gaia zinemaren ahalmen eraldatzailea izango da. Aktore, zuzendari eta ekoizle mexikarrak, bere esperientziatik eta Ambulanterekin duen loturatik abiatuta, film batek pantaila gainditzen duenean gertatzen denari buruz, sortzen dituen elkarrizketei buruz, biltzen dituen komunitateei buruz eta ingurunea begiratzeko eta eraldatzeko modu berriak irekitzeko duen gaitasunari buruz egingo du gogoeta. Noemi Cuetos, ICEX España Exportación e Inversioneseko Zinema Sektoreko burua, arituko da moderatzaile-lanetan.

2030 Agendak Zinemaldian izango duen presentzia ikus-entzuleengana ere zabalduko da stand mugikor eta interaktibo baten bidez. Stand hori zinemaldiko hainbat egoitzatan izango da. Joko eta eduki didaktikoen bidez, belaunaldi desberdinetako pertsonak Garapen Jasangarrirako Helburuetara hurbildu ahal izango dira, eta horien garrantziari eta etorkizuna markatuko duten erronkei buruz hausnartu ahal izango dute.

Euskadi Basque Country 2030 Agenda Saria Donostiako Zinemaldiaren eta Eusko Jaurlaritzako Komunikazioaren eta Berrikuntza Sozialaren Idazkaritza Nagusiaren arteko akordioaren esparruan garatzen da, eta bosgarren urtez jarraian sendotuko du 2030 Agenda babesle ofizial gisa.

Lankidetza hori artearen kultura eta sorkuntza gizarte jasangarriago, inklusiboago eta demokratikoago baten eraikuntzan txertatzeko apustua da, arreta berezia eskainiz bakea, justizia eta erakunde sendoak sustatzen dituen 16. GJHari. Horrela, sariak kalitate zinematografikoa ez ezik, filmek gizartea interpelatzeko, pentsamendu kritikoa sortzeko eta giza eskubideetan, bizikidetzan eta elkartasunean oinarritutako kultura demokratikoan laguntzeko duten gaitasuna ere aitortzen du.

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)