Vitoria-Gasteizek Bidegile jarriko du abian, nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko belaunaldien arteko egitasmoa

Argitalpen-data: 

Vitoria-Gasteizek Bidegile jarriko du abian, nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko belaunaldien arteko egitasmoa

Gasteizko Udalak Bidegile proiektu pilotua jarriko du abian, gazteen eta adinekoen artean nahi gabeko bakardadea prebenitzeko eta hari aurre egiteko. Bederatzi hilabeteko iraupena izango du egitasmoak, eta loturak nahiz elkarri laguntzeko sareak sortzea sustatuko du, kultura- eta arte-jardueren, aisialdi osasungarriaren eta komunitatea dinamizatzeko ekintzen bidez.

Programa 16 eta 30 urte bitarteko gazteei eta 60 urtetik gorako pertsonei zuzenduta egongo da, bereziki gizarte-isolamenduko egoeran egon daitezkeenei. Etengabeko bidelaguntzaren bitartez, belaunaldi desberdinetako pertsonek elkar ezagutzeko, bizipenak partekatzeko, elkarrengandik ikasteko eta harreman esanguratsuak eraikitzeko topaguneak sortuko dira.

Parte-hartzaileek diseinatutako egitasmoa

Bidegileren ezaugarri nagusietako bat belaunaldien arteko talde eragile bat sortzea izango da. Talde horrek diseinatuko ditu jarduerak, parte-hartzaileen interesak eta beharrak abiapuntu hartuta. Horrela, gazteek zein adinekoek protagonismo aktiboa izango dute programaren garapenean, eta gizarte-eraldaketaren eragile bihurtuko dira.

Proposamenen bidez, belaunaldi desberdinetako pertsonen arteko elkarrekikotasuna, elkartasuna eta elkar ulertzea sustatuko dira. Era berean, adinarekin lotutako mito eta aurreiritziak zalantzan jartzea, adinkeriari aurre egitea eta gaztaroaren nahiz zahartzaroaren ikuspegi anitzagoa eta positiboagoa zabaltzea izango dute helburu.

Ekimen honen bidez, Gasteizek beste urrats bat egingo du hiri inklusiboagoa, kohesionatuagoa eta belaunaldien arteko harremanetan oinarritua eraikitzeko; gizarte-harremanak, parte-hartzea eta komunitatearen babesa erdigunean kokatuta.

Proiektua udal-gobernuak eta EH Bilduk 2026rako adostutako aurrekontu-akordioaren barruan kokatzen da. Informazio gehiago Gasteizko Udalaren webgunean.