- Euskal unibertsitateetako lan kontratudun irakasleen seiurtekoak Unibasq-ek ebaluatuko ditu
- Unibasq ANECArekin horrelako hitzarmen bat sinatzen duen lehen agentzia autonomikoetako bat izango da,
Unibasq-ek aurreakordioa lortu du Kalitatea Ebaluatzeko eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalarekin (ANECA) hitzarmen bat sinatzeko, eta, horri esker, Unibasq-ek ebaluatutako euskal unibertsitateetako lan kontratudun irakasleen ikerketako seiurtekoak zuzenean aintzatetsiko dira estatu mailan. Akordioa EHUko irakasle eta ikertzaile iraunkor laboralen 2025eko seiurtekoen deialdian aplikatuko da, eta ondorengo deialdietan, gainerako unibertsitateetan ere.
Tramitazio prozesuaren azken fasean dagoen hitzarmen horrek aurrerapauso garrantzitsua dakar Euskal Herriko Unibertsitate Sistemako kontratatutako irakasleentzat, izan ere, Unibasq-en bidez lortutako ikerketa tarteek ANECAren aitortza ofiziala izango dute, berme juridikoa eta estatu mailako parekatzea eskainiz.
Hitzarmen horrekin, Unibasq ANECArekin horrelako hitzarmen bat sinatzen duen lehen agentzia autonomikoetako bat izango da, eta horrek Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoak (LOSU) ezarritako arau-testuinguru berrira egokitzea erraztuko du.
Aurre-akordioaren ondorioz, EHUko irakasle eta ikertzaile iraunkor laboralentzako 2025eko seiurtekoen deialdia osorik ebaluatuko da Euskadin, eta estatu mailako aitortza izango du; horretarako, ANECAk eta Ikerketa Jarduera Ebaluatzeko Batzorde Nazionalak (CNEAI) erabiltzen dituzten ebaluazio irizpide berberak erabiliko dira.
Horretarako, Unibasq-ek deialdia eta plataforma informatikoa egokitu ditu, eta bere ebaluazio batzordeak indartu ditu, 2025eko deialdi arruntaren ebaluazio osoa bere gain hartzeko prest egoteko. Deialdia, Unibasq-eko Gobernu Kontseiluak otsailaren 3an onartua, argitaratzeko fasean dago eta eskabideak aurkezteko epea martxoaren 9tik 30era bitartekoa izango da.
Hitzarmenak aukera emango du, halaber, EHUko irakasle eta ikertzaile laboralen 2017 eta 2021eko seiurtekoen ezohiko deialdietako —kolektiboa zabaltzekoak— ebaluazio positiboak ere zuzenean aitortzeko. Deialdi horiek ere martxoaren 9tik 30era izango dute eskabideak aurkezteko epea.
Era berean, espero da akordioa laster ezartzea Unibasq-ek Deustuko Unibertsitatearekin, Mondragon Unibertsitatearekin eta EUNEIZekin hitzarmenez adostea aurreikusten dituen seiurtekoen ebaluazioetan. Beharrezko lan tekniko eta administratiboak berehala abiatuko dira; eta aurreikusita dago Unibasq-ek eta unibertsitateek sinatu beharreko hitzarmenak hurrengo Gobernu Kontseiluan aurkeztea, eta deialdiak udaberri honetan zabaltzea.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)