- Begoña Pedrosa sailburuak hezkuntza-sarbidea eta hezkuntza-ekitatea ardatz dituen GEM 2026 txostenaren plazaratzean parte hartuko du gaur Parisen.
Hezkuntzako sailburu Begoña Pedrosak UNESCOren Global Education Monitoring (GEM) Report 2026 txostenaren plazaratzean parte hartuko du gaur, martxoak 25, asteartea, Parisen. Nazioarteko foro horretan, Euskadik bere esperientzia partekatuko du, bigarren hezkuntzaren ondoko hezkuntzarako sarbidea zabaltzeko eta prestakuntza-ibilbideen jarraitutasuna bermatzeko. Topaketak 26 herrialde baino gehiagoko hezkuntza-ministroak eta mundu osoko hezkuntza-arduradunak bilduko ditu, nazioarteko hezkuntza-agenda 2030etik haratago bideratzeko une garrantzitsu honetan hezkuntzarako sarbideari eta ekitateari lotutako aurrerapenak eta erronkak aztertzeko.
Pedrosak “Konpromisoetatik inpaktura: herrialdeek bigarren hezkuntzaren ondokoaren inguruan dituzten aurreikuspenak” nazioarteko panelean parte hartuko du gaur arratsaldean. Honako parte-hartzaile hauek ere izango dira bertan: Ulrike Pisiotis, Europako Batzordeko Datuetan eta Ebaluazioan Oinarritutako Politiken Unitateko buru ondokoa; Pablo Fraser, GEM Txostenaren hezkuntza-jarraipenaren arduraduna; Noah W. Sobe, UNESCOko Goi Mailako Hezkuntzako Ataleko burua; Henriette Reierson Johnstone, Ikasleei eta Akademikoei Laguntzeko Nazioarteko Foroko presidentea (Norvegia); Borhene Chakroun, UNESCOko Bizialdi Osoko Ikaskuntzarako Politiken eta Sistemen Dibisioko zuzendaria; eta Mirela Kumbaro Furxhi, Albaniako Hezkuntzako ministroa. Eztabaida horretan, bigarren hezkuntzaren ondoko hezkuntzarako sarbidea zabaltzea ahalbidetzen duten politikak eta esperientzia arrakastatsuak bateratuko dira, kualifikazio-maila hobetzeko, bereziki zailtasunik handienak dituzten kolektiboen kasuan.
Testuinguru horretan, Euskadik hezkuntza eskuratzea ahalbidetzeaz gain pertsona gehiagok sisteman irautea eta beren prestakuntza osatzea erraztuko duen hezkuntza-sistema bat eraikitzeko moduari erreparatuko dio.
Lanbide Heziketa, hezkuntzan sartzeko eta jarraitzeko bidea
Euskadiko Lanbide Heziketako ereduak bigarren hezkuntzaren ondokora iristeko hainbat bide eskaintzen ditu, pertsona bakoitzaren egoeraren arabera.
Haien artean, Hasierako Lanbide Heziketak hezkuntza-sisteman jarraitzeko aukera ematen die derrigorrezko hezkuntza amaitu ez duten ikasleei. Horren bidez, bizitzarako oinarrizko konpetentziak ematen dizkie ikasleei, eta hainbat lanbide-arlotan erdi-mailako zikloetan sartzeko aukera errazten die gero.
Horrez gain, prestakuntza-unitateak partzialki ikasteko aukera ematen duen modulu-eskaintza bat dago, baita helduei edo bertaratzeko zailtasunak dituzten pertsonei zuzendutako modalitate erdipresentzialak ere. Sistemak, halaber, lanbide-gaitasunak egiaztatzeko prozedurak ere baditu, lan-esperientziatik abiatuta kualifikazio ofiziala lortzea ahalbidetzen dutenak eta hezkuntza-sisteman berriz sartzea errazten dutenak, hutsetik hasi beharrik gabe.
Bide horiek elkarren artean konektatutako gradu eta maila batzuetan egituratzen dira eta, egitura horri esker, pixkanaka aurrera egin daiteke eta prestakuntzari bizitzako une desberdinetan ekin dakioke berriz. Euskadik, gainera, orientazioa, ikasleentzako laguntza eta Lanbide Heziketaren eta unibertsitatearen arteko pasabideak indartu ditu, 59 unibertsitate-gradutarako sarbidea ematen duten 260 ibilbide baino gehiagorekin. Ikuspegi hori bat dator Eusko Jaurlaritzak pertsona guztiei aukera gehiago emango dien hezkuntza-sistema eskuragarriago baterantz aurrera egiteari ematen dion lehentasunarekin.
Begoña Pedrosa sailburuak adierazi duenez, “funtsean, eredu honen helburua da Lanbide Heziketa hasierako hezkuntza-etapa bat ez ezik, etengabe ikasteko sistema bat ere izatea, etengabe eraldatzen ari den lan-merkatuaren aurrean lehiakortasunari eta enplegagarritasunari eutsiko diena”.
Testuinguru horretan, Begoña Pedrosa sailburuak iragarri du Hezkuntza Sailak laster aurkeztuko duela Hasierako Lanbide Heziketaren estrategia berria, sarbidea, hezkuntza-jarraitutasuna eta ikasleen askotariko profilei eman beharreko erantzuna indartzera bideratua.
Sarbidea eta jarraitutasuna hobetzen dituen sistema
Eredu horrekin, Euskadi Europako erreferentzia bihurtu da Lanbide Heziketaren esparruan, bai prestakuntza eta aukerak lotzeko ahalmenagatik, bai ikasle-profil desberdinetara egokitutako ikuspegi inklusiboagatik.
Azken urteetan, Hasierako Lanbide Heziketako programetan izandako parte-hartzea % 40 baino gehiago hazi da, titulazio-tasak % 75 baino gehiago hazi dira eta ikasleen % 71 inguruk erdi-mailatik goi-mailara pasatzen jarraitzen du prestakuntzan. Bestalde, ikasle etorkinen ehunekoa % 36,7 igo da 2018tik 2023ra bitartean.
Datu horiek sistemak sarbidea errazteko, prestakuntza-ibilbideei eusteko eta ikasleei hezkuntza-prozesua osatu arte laguntzeko duen ahalmena islatzen dute. Euskadin, gainera, Lanbide Heziketako ikasleen % 88k lana aurkitzen du ikasketak amaitzean, eta horrek agerian uzten du sistemak ahalmen handia duela prestakuntza, kualifikazioa eta lan-munduan txertatzeko benetako aukerak lotzeko.
Euskadin, eskola-uztearen tasa % 3,6koa da, munduko txikienetakoa, eta hirugarren mailako ikasketak dituzten gazteen maila handia da. Horrek agerian uzten du sarbidea, jarraitutasuna eta talentuaren garapena uztartzen dituen ereduaren sendotasuna, trantsizio demografikoko testuinguru batean, non Lanbide Heziketak zeregin garrantzitsua betetzen duen produkzio-ehunaren beharrei erantzuteko. Bikaintasun-adierazle horiek EAEko hezkuntza-ereduaren ezaugarrien eta berezitasunen inguruko interesa piztu dute.
Euskadik nazioarteko eztabaidari egindako ekarpena
Euskadik GEM Report-eko Aholku Kontseiluan (hots, mundu osoan erreferentziazkoa den txosten horren ikuspegia bideratzen duen organoan) sartu ondoren hartu du parte topaketan. Presentzia horren bidez, ebidentziak eta arrakasta-kasuak partekatzen diren, hezkuntza-politikak aztertzen diren eta hezkuntzaren arloko nazioarteko lehentasunak zehazten laguntzen den guneetan kokatu da euskal hezkuntza-sistema. Begoña Pedrosa sailburuak nabarmendu duenez, “lehen aldia da Eusko Jaurlaritza GEM Txostenari lotutako nazioarteko lantalde horretako kide dela, eta Euskadi gune horretan parte hartzera gonbidatzea, nazioartean Lanbide Heziketan egiten ari garen bidea aitortzeko eta balioesteko modu bat ere bada. Guretzako aukera bat da gaur egun beste herrialdeentzat baliagarria eta inspiratzailea izan daitekeen esperientzia propio bat partekatzeko”.
GEM 2026 txostena "2030erako atzerakako kontua" nazioarteko serieko lehena da. Serie hori hezkuntzan egindako aurrerapenen balantzea egiteko eta data horretatik harago hezkuntza-agenda globalaren lehentasunak zehazten laguntzeko sortu zen. Lehen edizio honetan, sarbidean eta ekitatean jarri da arreta, eta, esparru horretan, Euskadik hezkuntza-aukerak zabaltzeko eta ikasleen askotariko profilen prestakuntza-jarraitutasuna bermatzeko politika espezifikoak garatzen ditu.
Jardunaldia UNESCOk Parisen duen egoitzan egiten da, eta, bertan, goi-mailako saioak egiten dira arduradun politikoekin eta nazioarteko adituekin, mundu-mailako hezkuntza-erronka nagusiei buruz eztabaidatzeko.
Begoña Pedrosa sailburuak adierazi duenez, “gaurko erronka, pertsona gehiagok hezkuntza jaso ahal izatea ez ezik, hezkuntzan jarraitu eta hezkuntza osatu ahal izatea ere bada. Euskadin erronka horri ibilbide malguagoekin, ikasleei laguntza gehiago ematearekin eta aurrera egitea eta prestakuntzari bizitzako une desberdinetan berriz ekitea ahalbidetzen duen Lanbide Heziketa batekin erantzuteko lanean ari gara. Esperientzia hori UNESCOn partekatzeak aukera ematen digu gure ekarpena egiteko, funtsezkoa den eztabaida global batean: nola bermatu ikasteko eta garatzeko benetako aukerak pertsona guztientzat”.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)