- Bi kasu, bata patogenikotasun handiko hegazti-gripearena eta bestea Newcastle-rena, basa-fauna zaintzeko sistemaren bidez detektatu dira eta ez dute eraginik izan Euskadiko hegazti-ustiategietan
- Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek sektoreari eskatu diote biosegurtasuneko ohiko neurriei eusteko eta edozein susmo albaitariei berehala jakinarazteko
- Biztanleria orokorrarentzako arriskua txikia da, eta ez du eraginik hegazti-jatorriko elikagaien segurtasunean
Algeteko Albaitaritza erreferentziako Laborategiak Euskadin aurkitutako hegazti basatien artean bi positibo baieztatu ditu: bat hegazti-gripearen patogenotasun handikoa, Portugaleten detektatua, eta Newcastle gaixotasunaren beste bat, Donostian aurkitutako usapal turkiar batean.
Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak lasaitasun mezua helarazi die gizarteari eta hegaztien sektoreari. Positiboak fauna basatian bakarrik antzeman dira, eta ez da kasurik edo susmorik identifikatu Euskadiko hegazti-ustiategietan.
“Detekzio horiek agerian uzten dute zaintza-sistemak behar bezala funtzionatzen duela eta koordinazio egokia dagoela fauna basatiaren zerbitzuen, foru-aldundien, NEIKERen, laborategien, albaitaritza-zerbitzu ofizialen eta Eusko Jaurlaritzako langile teknikoen artean. Detekzio goiztiarrari esker, prebentzioa indartu eta gaixotasun horiek ustiategietan sartzeko arriskua murriztu daiteke”, nabarmendu du Amaia Barredo sailburuak.
Animalien Osasunaren eta Osasun Publikoaren arteko koordinazioa
Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak etengabeko koordinazioa du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin, foru-aldundiekin eta ELIKA, nekazaritza Elikagaien segurtasunarako euskal fundazioarekin. Baterako jarduera horri esker, arriskua ebaluatu, beharrezko prebentzio-neurriak hartu eta informazio zorrotza eta bateratua helaraz daiteke, alferrikako alarmarik sortu gabe.
Gogorarazten da ez direla ukitu edo manipulatu behar gaixo edo hildako hegazti basatiak, eta ez zaiela utzi behar etxeko animaliei haietara hurbiltzen. Edozein aurkikuntza 112ra jakinarazi behar da, non dagoen adierazita, zerbitzu eskudunek kendu eta aztertu ahal izan dezaten.
Zaintza eta biosegurtasuna ustiategietan
Hegazti-sektoreari eskatzen zaio zaintzari eusteko eta ustiategietako albaitaritza-langileekin eta albaitaritza-zerbitzu ofizialekin koordinatzen jarraitzeko.
Honako neurri hauek gomendatzen dira hegazti-sektorearentzat:
- Saihestea etxeko hegaztien eta hegazti basatien arteko kontaktua.
- Ura eta pentsua fauna basatiak eskura izan ez ditzan babestea.
- Instalazioen, ibilgailuen, ekipoen, oinetakoen eta laneko arroparen garbiketa eta desinfekzioa indartzea.
- Hegaztien osasun-egoera egunero zaintzea.
- Berehala jakinaraztea ohiz kanpoko hilkortasun-igoerarik, errute-mailaren beherakadarik, kontsumoaren murrizketarik edo arnas aparatuko, digestio-aparatuko nahiz nerbio-sistemako sintomarik antzemanez gero.
Edozein susmo ustiategiko albaitaritza-langileei eta albaitaritza-zerbitzu ofizialei jakinarazi behar zaie, atzerapenik gabe.
“Euskadiko hegazti-sektorearen, albaitarien, laborategien, albaitaritza-zerbitzu ofizialen eta Eusko Jaurlaritzako langile teknikoen profesionaltasuna. Haien lankidetzari eta animalien osasunaren eta osasun publikoaren arteko koordinazioari esker, erantzun azkarra, neurrikoa eta irizpide teknikoetan oinarritua eman daiteke”- nabarmendu du Barredo sailburuak.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)