Turismo-etxebizitzei ezarritako mugak eta plataformei ezarritako betekizunak handiagoak dira turismoaren legearen aurreproiektuan

Argitalpen-data: 

  • Legearen aurreproiektuaren helburua da Euskadiko turismo-ereduaren abangoardiako posizioa sendotzea eta bisitarien eta biztanleen arteko bizikidetza sustatzea.

  • Gaur argitaratu da turismoaren legearen aurreproiektua onartzeko agindua, eta alegazioak egin ahal izango dira horretan oinarrituta.

 

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok turismoaren legearen aurreproiektua aurkeztu du, Turismo eta Merkataritzako sailburuorde Jakes Aguirrezabalekin batera. Aurreproiektuak egungo Turismoaren Legea, 2016an onartua, ordeztuko du etorkizunean, lege hori “berri samarra” bada ere. Izan ere, gizarte- eta legegintza-aldaketa azkarrak eta turismo-sektorearen bilakaera direla eta, “beharrezkoa da Legea aldatzea, garai berrietara egokitzeko eta turismo-esparruko erronka globalei aurre egiteko”, azaldu du sailburuak.

Lege berriak hainbat helburu ditu. Lehenik eta behin, erregulazioa araudi eta zirkunstantzia berrietara egokitzea. Horretarako, iraupen laburreko alokairuen Europako Erregelamendura eta Leihatila Digital Bakarrera egokituko da, eta hainbat kontzeptu jasoko ditu, hala nola turismo-bitartekaritzako plataforma digitalak. Halaber, bat dator Baliabide Turistikoen Lurralde Plan Sektorialarekin.

Bigarrenik, Legearen bidez Euskadiko turismo-jasangarritasunaren eredua indartu nahi da.Ildo horretan, turismo-ereduaren muinaren parte diren kontzeptu batzuk txertatzen ditu, hala nola gobernantza, etika turistikoa eta jasangarritasuna.

Hirugarrenik, Legeak sektorea eta sektoreko profesionaltasuna indartzea du helburu. Lehiakortasunari buruzko kapitulu bat du, eta enpleguaren kalitatea, lan-eskubideen defentsa eta Adimen Turistikoaren Sistema (SIT) jasotzen ditu.

Laugarrenik, Legearen bidez turismo-jardueraren kontrola eta antolamendua hobetu nahi dira. Horretarako, ikuskapenari eta zehapenei buruzko atalak berrantolatzen eta indartzen ditu. Ildo horretan, zehapenak xehetasun handiagoarekin argitzen eta zehazten ditu, eta arau-hauste berriak jasotzen ditu. Gainera, gehiago dira argitara eman daitezkeen zehapenak. Orain arte, zehapen oso larriak ager zitezkeen Turismo Jardueren Erregistroan, eta, hemendik aurrera, larriak ere agertu ahal izango dira. Gainera, funtzionaltasun handiagoa ematen die ikuskatzaileei, eta, adibidez, ez identifikatzeko aukera ematen die, identifikatuz gero ikuskapenaren xedea zapuztu daitekeenean.

Bosgarrenik, erabiltzaileen eta enpresen eskubideak eta betebeharrak argitu nahi dira, krisi-egoeretan erabiltzaileen babesa handituz, adibidez.

Seigarrenik, Legearen bidez turismo inklusiboarekiko konpromisoa indartu nahi da, eta, ildo horretan, irisgarritasuna eta dibertsitate funtzionalaren, sozialaren eta generokoaren arreta turismo-politikaren zeharkako printzipio gisa txertatzen dira.

Eta, azkenik, Legeak turismo-establezimenduen eta turismo-enpresen sailkapena eguneratzen du. Ildo horretan, hobeto arautzen dira establezimendu batzuk, hala nola ikasleen egoitzak, eta lekua egiten zaie modalitate eta jarduera berri batzuei, hala nola turismo aktiboari edo ekoturismoari.

Azkenik, Turismoaren Legearen aurreproiektuak turismo-erabilerako etxebizitzak bereziki hartzen ditu kontuan, eta haien jarduera mugatzen du. Eremu tentsionatuetan, etxebizitza babestuetan eta lurzoru urbanizaezinean turismo-erabilerako etxebizitzak ezartzeko debekua jasotzen da. Era berean, turismo-etxebizitzen ezarpena mugatzen da landaguneetan (nekazaritza-ustiategietan edo arkitektura tradizionaleko eraikinetan). Gainera, etxebizitza berriek inskripzioa berritu beharko dute 5 urteko epean. Turismo-etxebizitzen bitartekaritza-, merkaturatze- eta sustapen-plataformentzako betekizunak eta baldintzak gogortzen dira, eta kanal mota guztiak hartzen dira kontuan. Eta indartu egiten da legez kanpoko jardueraren ikuskapena eta zehapena, jarduera eraikinen bizitegi-erabilerarekin eta bizikidetzarekin bateragarria dela bermatzeko.

Sailburuak nabarmendu duenez, “Euskadin hamarkada bat baino gehiago daramatzagu abangoardian kokatu gaituen turismo jasangarriko eredu bat sustatzen. Eta abangoardian jarraitu nahi dugu. Turismoaren lege berria urrats garrantzitsua izango da posizio hori indartzeko eta finkatzeko. Izan ere, etorkizuneko Legea aitzindaria izango da bisitatzen gaituztenen eta Euskadin bizi garenon arteko bizikidetza sustatzen”.

Ildo horretan, legeak indartu egiten du pertsonak eta etika turistikoa erdigunean jartzen dituen turismo-eredu orekatua eta jasangarria. “Turismo-industria gure ekonomiaren eta garapenaren gero eta zutabe garrantzitsuagoa da, eta haren hazkundea gure herritarren eta gure herri eta hirien beharrak kontuan hartuta kudeatuko da”, amaitu du.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)