Turislan Ficobara itzuliko da, talentua euskal turismo sektoreko enplegu aukerekin lotzeko

Argitalpen-data: 

turislan_portada.jpeg
  • Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Turismo Sektoreko Enplegu Azoka berreskuratu du; etapa berri honetako lehen hitzordua azaroaren 19an izango da, Ficoban

  • Azokaren itzulera Gipuzkoan hasiko da, hurrengo edizioetan beste bi lurralde historikoetara zabaltzeko asmoarekin

  • Enpresek urriaren 30era arte eman dezakete izena, eta hautagaiek urriaren 5etik azaroaren 6ra aurkeztu ahal izango dituzte enplegu eskaintzetarako hautagaitzak

  • Azaroaren 19an zuzenean azokara joan eta curriculuma enpresa parte-hartzaileei eskura emateko aukera ere izango da

Irun, 2026ko urriaren 2a. Turislan, Euskadiko Turismo Sektoreko Enplegu Azoka, datorren azaroaren 19an itzuliko da Ficobara. Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak 2017 eta 2019 artean hiru edizio izan zituen ekimena berreskuratu du horrela. Orain, etapa berri bati ekingo dio, turismo sektorearen eta lan merkatuaren egungo beharretara egokituta.

Eusko Jaurlaritzak sustatuta eta Ficobak antolatuta, Turislanen etapa berri hau Gipuzkoan hasiko da, pixkanaka bere irismena handitzeko eta hurrengo edizioetan Bizkaira eta Arabara zabaltzeko asmoarekin.

«Kalitatezko zerbitzuak nahi baditugu, kalitatezko enpleguak izan behar ditugu», adierazi du Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak gaur goizean Ficoban azoka aurkezteko egindako prentsaurrekoan. «Turismo sektoreak BPGaren % 6,8 eta Euskadiko enpleguaren % 10 baino gehiago sortzen ditu», nabarmendu du. «Eta jasangarritasunean, turismo etikan eta kalitatean oinarritutako turismo eredua dugu. Hori guztia posible izateko, ezinbestekoa da enplegu duinei eusten jarraitzea, profesionalen kualifikazioarekin bat datozen enpleguak izatea eta negoziazio kolektiboaren alde egitea. Turislan aukera bat da enplegatzaileak eta enplegu bila dabiltzan pertsonak harremanetan jartzeko, Euskadin 113.000 familia baino gehiagori enplegua ematen dien sektorea bultzatzen eta hobetzen jarrai dezaten».

Ildo horretan, gogorarazi du sektore horrek Gipuzkoan 40.000 familia baino gehiagori ematen diela lana, dagoeneko lurraldeko BPGaren % 8,7 osatzen duela eta enplegu osoaren % 11 hartzen duela.

«Talentua enpresekin konektatzeko berariazko gune bat izatea oso urrats garrantzitsua da, baina ezin gara horretan geratu; izan ere, gure erronka ez da soilik beren ibilbide profesionala turismoan garatu nahi dutenei lan-aukerak ematea. Pertsona horiek beren bizi-proiektuak hemen garatu ahal izateko ekosistema bat sustatu nahi dugu, eta, horretarako, sektorearen profesionalizazioan urratsak egiten jarraitu behar dugu, prestakuntza egokia eskaini eta, batez ere, lan-aukera duinak, kalitatezkoak eta egonkorrak sortu, lan-merkatu hori tradizionalki baldintzatu duen urtarokotasuna gaindituz», azpimarratu du.

Hain zuzen ere, behar horiei erantzuten laguntzeko, Turislan enpresen, profesionalen, ikasleen, prestakuntza zentroen eta erakundeen topagune gisa planteatu da berriro. Zuzeneko harremana sustatuko du, enpresen kontratazio beharrak sektorean lanean hasi edo beren ibilbide profesionala garatu nahi duten pertsonekin lotzeko.

Egungo lan merkatura egokitutako azoka

Turislanek aurreko edizioen funtsari eutsiko dio, baina enplegua bilatzeko eta profesionalak hautatzeko egungo moduetara egokitutako tresnak eta dinamikak txertatuko ditu.

Azokak Ficobako aurrez aurreko topaketa eta enplegu eskaintzak, hautagaitzak eta elkarrizketak kudeatzeko plataforma digitala uztartuko ditu. Horrela, enpresa parte-hartzaileen eta turismo sektorean beren ibilbide profesionala garatu nahi duten pertsonen arteko harremana erraztuko du.

Topaketa turismo ekosistema osoari zuzenduta egongo da: ostatuak, ostalaritza eta gastronomia, bidaia agentziak eta bidaia-antolatzaileak, garraio turistikoa, turismo aktiboa, aisialdia eta kultura, ekitaldien antolaketa, prestakuntza eta turismo jarduerarekin lotutako beste esparru batzuk. Horien artean daude garapen agentziak, enplegu eskaintzak kudeatzen dituzten erakundeak, enpresa elkarteak eta prestakuntza zentroak.

Turislanen parte hartzeko data nagusiak

Antolakuntza enpresa eta erakunde parte-hartzaileak erakartzeko fasean murgilduta dago gaur egun.

Parte hartu nahi duten enpresek urriaren 30era arte eman ahal izango dute izena, eta beren enplegu eskaintzak Turislanen plataforman argitaratu ahal izango dituzte.

Hautagaiek, berriz, urriaren 5etik azaroaren 6ra kontsultatu ahal izango dituzte eskaintzak eta aurkeztu beren hautagaitzak, beren profil profesionalarekin hobekien bat datozenak aukeratuta.

Hala ere, ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena ematea Turislanera joateko. Azaroaren 19an, interesa duen edonor hurbildu ahal izango da Ficobara, enpresa parte-hartzaileak zuzenean ezagutu, standak bisitatu eta curriculuma eskura emateko. Horrez gain, egun horretan eskuragarri dauden enplegu aukerak ezagutu ahal izango ditu.

Datozen asteetan, enpresa parte-hartzaileei, enplegu aukerei eta Turislanen jarduera programari buruzko xehetasun gehiago emango dira ezagutzera.

Informazio gehiago: www.turislan.eus

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)