Torres Lehendakariordeak animatu du "elkarrekin jardutera Euskadin lehiakortasuna bultzatzeko eta kalitatezko enplegua bermatzeko"

Argitalpen-data: 

IMG_7692.JPG
  • Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak eskatu du "konplazentzian ez erortzeko" afiliazioa maximo historikoetan egoteagatik, eta dei egin du “konformatu gabe" aurrera egiten jarraitzeko, ekonomia eta lan erronkei heldu ahal izateko

 

Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak dei egin die erakundeei, enpresei eta klusterrei gaur goizean Bilbon “elkarrekin jardutera Euskadin lehiakortasuna bultzatzeko eta kalitatezko enplegua bermatzeko”, 2026ko 3R Enpresa programaren aurkezpenean. Programa hori batera sustatu dute Bizkaiko Foru Aldundiak, enpresa klusterrek eta Lanbidek, laneratzea eta enpresen lehiakortasuna indartzeko.

Torresek azpimarratu du Euskadik “gaitasunen baturatik” egin behar diela aurre ekonomia eta lana eraldatzeko erronkei, eta nabarmendu du “Euskadiren enpleguaren eta lehiakortasunaren etorkizuna gaitasunak batuz” eraikitzen dela, “ez bakarrik lan eginez”.

Lehendakariordeak balioan jarri du euskal lan merkatuaren bilakaera positiboa, eta azaldu duenez, “gaur egun, nazioarteko ziurgabetasunak gorabehera, Gizarte Segurantzan kotizatzen dutenen gehieneko historikoetan gaude, eta 17 urteko langabeziaren bigarren kopururik txikiena dugu”. Adierazi du datu horiek islatzen dutela “enpresek, langileek eta politika publikoek elkarrekin egindako ahalegina”.

Hala ere, erakundeen eta enpresen anbizioari eusteko beharraz ohartarazi du Torresek: “Datu onak dira, animatu egiten gaituzte eta norabide egokian goazela adierazten digute. Baina datu onek ez gaituzte eraman behar konplazentziara, erantzukizunera baizik”. Ildo horretan, berretsi du beharrezkoa dela “aurrera egiten jarraitzea, konformatu gabe”.

Torresek kalitatezko enplegua, laneratzea eta eskaintzaren eta eskariaren arteko egokitzapena jarri ditu Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren lehentasunezko jarduera ardatz gisa. “Enplegua sortzea garrantzitsua da, baina kalitatezko enplegua sortzea, laneratzea erraztea eta gure enpresei behar duten talentua aurkitzen laguntzea da gure helburua eta ahalegina markatzen duena”, adierazi du.

Lanbideren “funtsezko” funtzioa

Lanbideren zeregina nabarmendu du Torres Lehendakariordeak: 2021etik hartzen du parte 3R Enpresa programan, eta “funtsezko” funtzioa betetzen du enplegu eskatzaileen eta lan aukeren arteko loturan, orientazio pertsonalizatuaren, laneratzeko ibilbideen eta laguntza tekniko espezializatuaren bidez.

Era berean, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren enplegu politika aktiboen estrategia zabalago baten barruan kokatu du programa. Estrategia horrek Lehen Aukera edo 50+ Programa bezalako ekimenak biltzen ditu, baita Lanbideren hurrengo Administrazio Kontseiluan onartzeko aurreikusitako laguntza ildo berriak ere, desgaitasuna duten pertsonak eta ikertzaile gazteak kontratatzera bideratuak, prestakuntzarako laguntza berriez gain.

Torres Lehendakariordeak Teresa Laespada ahaldun nagusiorde eta Enplegu foro diputatuaren inplikazioa eskertu du, baita Basque Food Cluster, Aclima, Itsas Foroa, FVEM eta Build:Inn klusterren eta parte hartzen duten enpresen lankidetza ere, eta gogora ekarri du merkatuak, ekoizpen prozesuak eta behar profesionalak eraldatzeko testuinguru batean, Euskadik aldaketei “partekatutako tresnekin eta estrategia komun batekin” aurre egin behar diela, “eraldaketa ekonomikoa enplegu gehiago eta hobea izan dadin”.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)