- Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak nabarmendu du euskal lan merkatua modu “orekatuan” ari dela hazten, eta uste du “gehiago lan egitea” ez dela “hobeto lan egitearen” sinonimoa
Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak kalitatezko enpleguaren, gazteen enpleguaren, soldaten eta lan baldintzen hobekuntzaren eta eskubide gehiago dituen lan merkatuaren aldeko apustua berretsi du gaur. Ildo horretan, azpimarratu du EAEko lan merkatua une bereziki positiboan dagoela, inoiz baino pertsona gehiago daudela lanean, eta datozen urteetarako langabezia kopuru baxuak aurreikusten direla. “Ondo funtzionatzen ari den lan merkatua eratzea lortu da, oso orekatua, arlo publikoan zein pribatuan”.
Egoera horretan, Lehendakariordeak honako hau planteatu du: “Orain, batez ere, enpleguaren kalitateaz arduratu behar dugu, hau da, behin-behinekotasuna eta partzialtasuna murrizteaz, eta horrek esan nahi du emakume gehiago sartu behar direla lan merkatuan, nahiz eta Gizarte Segurantzan 500.000 afiliatu baino gehiago izan, eta soldata arrakala ere murriztu behar da”.
Ostegun honetan Radio Euskadiko Boulevard saioan eskainitako elkarrizketan, Torresek nabarmendu du lan kostuak, aldi baterako ezintasunak edo energía kostuak erronka gisa aipatzen dituzten arren enpresa batzuek, errealitateak agertoki sendoa erakusten duela Euskadin. “Ekonomia nahiko ondo doa, eta enpresa kontuak ere bai. Beraz, egoera hori langileen lan baldintzetan islatu behar da”, adierazi du.
Are gehiago, esan du lan-aurrerapenen “buruan” dagoela Euskadi, “beti uste izan baitugu enpleguaren kalitateak eta lan merkatuaren funtzionamendu onak eragin zuzena dutela ekonomiaren eta produktibitatearen hobekuntzan”. Horregatik, azaldu du “gehiago lan egitea” ez dela “hobeto lan egitea”.
Zentzu horretan, enpresei eskatu die “soldatak eta lan baldintzak hobetzeko, bereziki, gazteenenak. Horiek atxikitzen saiatu behar dugu, Euskadin gara dezaten euren ibilbide profesionala, eta, horretarako, beteta ikusi behar dituzte beren egoera pertsonalak, soldatak eta etorkizuneko karrera”.
Elkarrizketa sozialerako deia
Bestalde, Mikel Torresek iritzio dio “akats handia” dela patronala ez esertzea gutxieneko soldataz hitz egitera, sindikatuek eskatzen zioten bezala: “Ez genien negoziaziorik eskatzen, hitz egitera esertzeko besterik ez genien eskatzen”. Elkarrizketa mahai horretan “negoziazio kolektiboaren gutxieneko soldataz ez ezik, enpresa ere kezkatzen duten beste gauza batzuez hitz egiteko” eskatu die sindikatuei. Konbentzituta dago “ona” dela elkarrizketa izatea, “beti balio izan duela lan harremanak hobetzeko” eta uste du “akordioa posible” dela.
Merkataritzako ziurgabetasun globalaren aurrean, Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak azpimarratu du euskal ekonomiak “oinarri sendoak” dituela eta, hain zuzen ere, hazi dela “haztea espero genuena baino gehiago”. “2026 eta 2027rako aurreikuspen onak ditugu”, gaineratu du.
Halaber, azaldu du Mercosur-Europar Batasuna akordioak “gauza positiboak eta negatiboak” dituela. “Euskal ekonomiarentzat 700 milioi biztanleko merkatua ireki da, eta euskal industria oso ondo kokatuta dago. Mercosurrera esportatzen dugunaren % 40-50 makina erremintarekin dago lotuta eta, beraz, oso merkatu indartsua da, baldintza hobeak eskaintzen dizkiguna”, baina lehen sektoreak –dio Torresek– “lehia gogorra” izango duela. Hori dela eta, iragarri du Eusko Jaurlaritza “lanean” ari dela euskal lehen sektoreari laguntzeko neurrietan, akordioa martxan jarriko balitz.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)