Topoak larunbatean amaituko du eraldaketa historikoa, Donostiako hiru geltoki berriak irekita

Argitalpen-data: 

Topoak larunbatean amaituko du eraldaketa historikoa, Donostiako hiru geltoki berriak irekita

Larunbatean amaituko da Topoaren berritze eta handitze handia, Donostiako lurpeko pasante berria irekita. Horri esker, Euskotrenek eta Euskal Trenbide Sareak, Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren mendeko sozietate eta erakunde publikoek, hiru geltoki berri irekiko dituzte Amaran, hiriaren erdigunean eta Antigua auzoan. 

Amarako, Kontxa-Zentroko eta Bentaberriko geltokien bidez, Euskotrenek Gipuzkoan duen gainerako sarearekin trenbide bidezko konexio berriak egingo dira, eta unibertsitatea bezalako zerbitzu publikoetarako sarbidea erraztu. Horrez gain, Amarako zaku-hondoak kendu dira —trenek errebotatu egin behar zuten Gipuzkoako ekialderantz edo mendebalderantz joateko—, eta, horri esker, Pasaia eta Añorga artean, zazpi minutu eta erditik behin pasako dira trenak ia aste osoan zehar (igande goizetan izan ezik). Gainera, lurraldearen zati handi batean zerbitzuak hobetu egingo dira asteburuetan, eta Amaran egiten ziren tren-aldaketak kendu egingo dira ibilbide gehienetarako. 

Gainera, Gipuzkoan azken urteetan egindako eta Eusko Jaurlaritzak oso-osorik finantzatu eta egikaritutako azpiegitura eta zerbitzuko hobekuntza batzuen barruan, Topoak Altzako beste zaku-hondoa kendu zuen uztailaren 18an, eta Donostiako auzoaren eta Galtzarabordaren (Errenteria) arteko saihesbidea inauguratu zen, baita Pasaiako lurpeko geltoki berria ere. Azken hilabeteetan Anoetako geltokiko bigarren atariaren edo Usurbilgo geltoki berriaren lanak ere amaitu dira. 

Une honetan, Euskotrenek azken hilabeteetan azpiegitura berrian 197 makinista trebatu ondoren eta Euskal Trenbide Sareak egin dituen erremateen ostean, larunbateko lehen orduan trenak —horietako batzuk 980 seriekoak dira, duela gutxi erosi dira, segurtasun eta irisgarritasun arloan azken aurrerapenak dituzte, eta Topoan ETS-Euskotrenen sarean bidaiariekin lehenengo zirkulazioak egingo dituzte— Donostiako lurpean 4,2 kilometroko ibilbidea egiten hasiko dira. 

Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak nabarmendu duenez, “gaur gauean, askok txikitatik ezagutzen dugun Amarako geltoki horrek bidaiarien azken trenak jasoko ditu, eta ordu gutxi batzuk geroago, goizeko zazpiak laurden gutxiagotan, herritarrek Topo berria estreinatuko dute Donostian. Hori egin baino lehen, ETS eta Euskotreneko profesionalak buru-belarri arituko dira lanean dena prest egon dadin, sei geltokitan parekotasun-aldaketa eta bide berria aurretik dagoen sarearekin lotzeko azken lana barne; bihartik aurrera, pertsona guztiei animatu nahi diet Topo berria ezagutu eta erabiltzera. Eusko Jaurlaritzatik proiektu hau sortu dugu donostiarretan eta gipuzkoarretan pentsatuz, bere egunerokoa errazteko”.  

Azken lanak 

Azken urteetan obrek eragindako zonaldeen berrurbanizazioaz gain, ostiraletik larunbaterako gauean zehar Topo berria martxan jartzeko azken lanak egingo dira; izan ere, martxan jarri aurretik eta gaueko ordutegian egin behar dira, ohiko zerbitzua ez kaltetzeko. 

Lan horietan, batetik, Morlans parean dagoen azpiegitura trazadura berriarekin lotuko da, eta, horretarako, trenbideak albotik 40 metro mugitu beharko dira, gero lotzeko. 

Gainera, lurraldearen ekialdearen eta mendebaldearen arteko loturak jarraitua izan behar duenez, beharrezkoa da zirkulazioaren noranzkoa bateratzea. Topoa, tradizionalki, eskuinetik ibili da, eta gainerako sarea, berriz, ezkerretik. Otsailean Hendaia eta Galtzaraborda arteko martxaren noranzkoa alderantzikatu zuten, eta larunbat honetan antzeko prozesua egingo dute Pasaia eta Anoeta arteko geltokietan. Ostiral gauean zehar, seinaleak aldatu egingo dira, eta erabiltzaileek behar bezala izango dute geltokietako aldaketen berri. 

Topoa zenbakitan 

  • 276 zirkulazio egunero lanegunetan
  • 197 makinista
  • 980 serieko 5 tren berri
  • Geltokietan hondeatutako metro koadroen bikoitza (sekzioko 120 m2), tunelekin alderatuta (sekzioko 60 m2)
  • 700 kilometro kable
  • Trena 30 metro barneratzen da Kontxako hondartzako pasealekutik, erlojuen parean
  • Kontxa-Zentroko geltokiak 40 metroko sakonera du
  • 750.997 bidaia erregistratu ziren Gipuzkoako Euskotrenen 2025 urtean
  • Urtean zazpi milioi bidaia baino gehiago aurreikusten dira, hiru geltoki berrietan, datozen urteetarako
  • 20 km errail (4,2 x 4 konexio gehiago)