- Sailburuak EHUko Gasteizko Ingeniaritza Eskola bisitatu du. Eskola horretako Mobility Lab Campus berrian garatzen dira garraio publikoarekin, salgaien logistikarekin edo energia berriztagarriekin lotzen diren ekimenak
Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHUren) Gasteizko Ingeniaritza Eskolako Mobility Lab Campusaren instalazioak bisitatu ditu gaur goizean. Campus hori joan den irailean inauguratu zen, eta mugikortasun jasangarrian oinarritutako soluzioak ditu helburu.
Sailburuak laborategi horrek dituen sei espazio bereiziak bisitatu ditu —bakoitzak funtzio espezifikoa du—.Espazio horietan, García Chueca sailburuak enpresa eta erakundeekin batera egiten diren ikerketa, garapen eta berrikuntzako proiektuei buruz irakasleek eta ikertzaileek emandako azalpenak entzun ahal izan ditu. Bisita garraio publikoa eta salgaien logistika hobetzearekin lotzen diren proiektuetan oinarritu da, baita Energia Berriztagarrien eta Hidrogeno Berdearen Laborategian ere —laborategi horretan, iturri berriztagarrien bidez energia sortzeko zenbait sistema ikertzen ari dira—.
“Euskadin, erakundeak ez ezik, punta-puntako enpresak eta ezagutza-zentroak ere, hala nola EHUko Mobility Lab Campusa, mugikortasun jasangarria lortzeko helburuan zentratuta gaude; izatez, enpresa eta ezagutza zentro horiek gizarte gisa dugun erronka hori aukera bihurtzen lagun diezagukete”, adierazi du sailburuak. Horrelako ikerketa-poloek Euskadi “emisiorik gabeko garraioaren abangoardian kokatzen eta haien inguruan ezagutza eta enplegua sortzen” lagun dezaketela defendatu du.
García Chuecak, halaber, graduko ikasleek ‘Formula Student Vitoria’ eta ‘Araba Motor Sport’ proiektuetan egiten duten lana ezagutu du. Lortutako ezagutzak praktikara eramaten dituzte proiektu horietan, eta oinarri-oinarritik diseinatutako auto eta motozikleta elektrikoetan aplikatzen dituzte.
Azkenik, sailburuak K-minus proiektuaren gaineko interesa azaldu du. Proiektu horren helburua da aire zabaleko jarduerez gozatu nahi duten mugikortasun urriko pertsonentzako lur orotarako ibilgailua diseinatzea eta garatzea. Irisgarritasun unibertsalaren aldeko apustu hori, beraz, bat dator Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren garraio publikoaren arloko helburu nagusietako batekin.
Ixone Fernández de Labastida Arabako kanpuseko errektoreordeak Mobility Lab-a aldarrikatu du “EHUko Arabako kanpuseko eta bereziki Vitoria-Gasteizko Injeniaritza Eskolako apustu estrategikoa delako proiektua”. Errektoreordeak gogoratu duenez, eskolak ingurumenaren eta jasangarritasunaren konpromisoan urte anitz daramatza lanean: “lehentasunezko lan ildoak dira berrikuntzaren eta ikerketaren ikuspuntutik, enpresekin eta teknologia-zentroekin batera, autogintza eta aeronautika bezalako garrantzi handiko sektoreetan 5.0 industria bultzatzeko”.
EHUren Gasteizko Ingeniaritza Eskola 1959an sortu zen, eta 900 ikasle ditu, bost gradutan, hiru gradu bikoitzetan eta graduondoko ikastaroetan banatuta.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)