- Neurriak aurtengo urtarrilaren 1era arteko atzeraeragina izango du, eta laguntza berriak dekretua EHAAn argitaratzen denetik aurrera (ekainaren amaiera) eska daitezke
- 4 urtera arte luzatzearen ondorioz, 33,3 milioi euroko inbertsio gehigarria egingo da 2026an laguntzak ordaintzeko
- Harrera-familiek eta 4-7 urteko seme-alabaren bat duten guraso bakarreko familiek laguntzak jaso ahalko dituzte lehenengoz
Gaur Gobernu Kontseiluan onartutako dekretu berriaren bidez, Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailak beste urrats bat eman du seme-alabak hazteak sortzen dituen aparteko zailtasunei aurre egiteko laguntzetan.
Laguntza horien helburua familien eta haien kideen bizi-kalitatea eta ongizatea hobetzeko politika integral baten esparruan aurrera jarraitzea da. Halaber, seme-alabak dituzten familia guztiei gutxieneko baliabideak bermatzea eta haurren pobrezia saihesten saiatzea dute helburu.
Ekimen hau familiei laguntzera eta jaiotza-tasa sustatzera zuzenduta dago, eta honako baldintza hauek betetzen dituzten pertsonek eskatu ahal izango dute:
- Euskadin bizi eta erroldatuta egotea, haurraren bizileku berean, gutxienez urtebeteko antzinatasunarekin, edo, bestela, txandaka, bost urteko antzinatasunarekin, aurreko hamar urteen barruan.
- Diruz lagundu daitekeen egoeran adingabearen bizikidetza eta zaintza bermatuta egotea
Berrikuntzak
1.- Hileko 200 euroko laguntza 4 urtera arte luzatuko da. Gaur egun, laguntza semeak edo alabak 3 urte bete arte ematen da. Dekretu berriarekin, laguntza hori beste urtebete luzatuko da, eta, beraz, alabak edo semeak 4 urte bete arte jaso ahal izango da.
2.- Hilean 100 euroko laguntzak 4 eta 7 urte bitarteko seme-alabak dituzten familia ugarientzat izango dira. Gaur egun, laguntza horiek dagoeneko badaude 3 urtetik 7 urtera bitarteko hirugarren edo hurrengo seme-alabentzat. Hemendik aurrera, laguntza 4 urtetik 7 urtera bitarte aitortuko da. Laguntza bera 4 eta 7 urte bitarteko seme-alabaren bat duten guraso bakarreko familietara ere iritsiko da.
3.- Era berean eta lehengoz hilean 100 eta 200 euroko laguntzen onuradun izango dira harrera-familiak (621 familia Euskadin) edo tutoretza-familiak.
4.- Kudeaketa eta elkarreragingarritasunak hobetzen dira. Errenta-mailaren arabera ematen diren laguntzetan, likidatutako azken zergaldia hartuko da kontuan.
Atzeraeraginkortasuna
Neurriak 2026ko urtarrilaren 1era arteko atzeraeragina izango du, hau da, egun horren hasiera-datarekin aintzatetsiko dira. Atzeraeraginkortasun horrek beste modu batean eragingo die familiei. 200 euroko laguntzen adibideak:
- Nire alabak 3 urte bete zituen 2025eko abuztuaren 12an: familiak laguntza berria jasotzeko eskubidea du 2026ko urtarriletik uztailera arte.
- Nire semeak 3 urte bete zituen 2026ko urtarrilaren 12an: familiak laguntza berria jasotzeko eskubidea du 2026ko urtarriletik 2027ko abendura arte.
- Nire alabak 4 urte bete zituen 2026ko urtarrilaren 12an: ez du laguntza berria jasotzeko eskubiderik. 2026ko urtarrilean 4 urte bete duten seme-alaben familiei ez dagokie laguntza berria, laguntza haurrak 4 urte bete aurreko hilean amaitzen delako.
- Nire alabak 4 urte bete zituen 2026ko otsailaren 12an: familiak 2026ko urtarrileko laguntza berria jasotzeko eskubidea du.
Aurrekontua eta eskaera-data
Hurrengo 4 urteetarako laguntzak handitzeko inbertsio ekonomikoa 85,8 milioi eurokoa da, eta aurten 33,8 milioi euroko ordainketa-kreditua izango du.
Era berean, laguntza berriak dekretua EHAAn argitaratzen denetik aurrera (ekainaren amaiera) eskatu ahal izango dira.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)