Segurtasun Sailak 65 urtetik gorakoentzako Bide-Segurtasunaren arloko sentsibilizazio-programaren edizio berri bat hasiko du

Argitalpen-data: 

100AldizBegiratu.jpg
  • Helburua da adinekoei prebentzio- eta autobabes-tresnak ematea, harrapatzeak eta bestelako istripuak saihesteko.
  • 2025ean, Euskadin 65 urtetik gorako 6 pertsona hil ziren zirkulazio-istripuz, eta 121 larri zauritu

Segurtasun Sailak bihar, apirilak 15, asteazkena, Villabonan, ‘Arriskua gutxien espero duzun lekuan dago. 100 aldiz begiratu’ egitasmoa jarriko du abian, 65 urtetik gorako pertsonei zuzendutako ekimen ibiltaria, bide-arriskuak identifikatzea eta autobabeserako eta trafiko-istripuen prebentziorako tresnak ematea bilatzen duena kolektibo kaltebera horrentzat. EUSTATen arabera, 2025ean, 65 urtetik gorako pertsonen kolektiboa EAEko biztanleriaren %24,3 zen (539.769 pertsona guztira), aurreko urtean baino %0,3 gehiago eta Estatu mailan baino %3,6 gehiago (%20,7).

Iaz, Euskadin, 65 urtetik gorako 6 pertsona hil ziren trafiko-istripuetan, hau da, hildako guztien %14,3. Gainera, adin-talde horretako 121 pertsonak ere zauri larriak jasan zituzten.

Jolas-programa hezitzailea

Arriskua gutxien espero duzun lekuan dago. 100 aldiz begiratu’ jolas-programa hezitzailea da, eta Euskadiko 16 herritan izango da datozen hilabeteetan. Herri bakoitzean bi ekintza egingo dira: kaleko ekintza bat, egun osoan zehar egingo dena, eta arratsaldeko beste saio bat, adinekoentzako udal zentro batean egingo dena.

Herri bakoitzean coffe truck bat jarriko da kalean, eta parte-hartzaileek bide-segurtasunari buruzko jokoez gozatu ahal izango dute, arriskuak identifikatzen eta prebenitzen laguntzeko: autotest tabletetan, multimedia-jarduerak pantaila interaktiboetan, bide-segurtasunaren gaira egokitutako herri-jolasak, denbora-pasak, etab.

Arratsaldeko saioak adinekoentzako udal-zentroetan egingo dira. Konpromisoak hartzeko taldeko saioak izango dira, eta adinekoen mugikortasun segururako jardunbide egokien dekalogo bat landuko dute bertan. Agiri hori, herri bakoitzean ezberdina izango dena, zentroan ikusgai jarriko da, hartutako konpromisoak gogoan izateko eta jardunbide horiek eguneroko bizitzan jarraitzeko. Umorista baten monologoak emango dio amaiera saio bakoitzari, eta honek bide-segurtasunari buruzko mezuak umorez sartuko ditu monologoan, parte-hartzaileei trafiko-istripuei aurre hartzearen garrantzia gogora ekartzeko.

Bihar, asteazkena, Villabonan, kaleko ekintza Berdura Plazan egingo da, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 19:30era; eta, arratsaldean, egitarauak Salbadora Jubilatu Etxean jarraituko du, 16:30ean parte hartzeko saio batekin eta 18:00ean monologoarekin.

Hurrengo hitzorduak

Villabonatik igaro ondoren, ‘Arriskua gutxien espero duzun lekuan dago. 100 aldiz begiratu’ ekimenak, uda aurretik, Dulantzi (apirilaren 16an), Hondarribia (apirilaren 21ean), Urduña (apirilaren 23an), Hernani (apirilaren 29an), Galdakao (maiatzaren 4an), Bermeo (maiatzaren 7an), Gorliz (maiatzaren 11n) eta Zuia (maiatzaren 13an) bisitatuko ditu. Ekimenak irailean jarraituko du hitzordu berriekin Euskadiko beste udalerri batzuetan.

Sentsibilizazio-programa hau 2023an jarri zen martxan eta, iaz, ekimena 20 udalerritara iritsi zen eta 6.000 pertsona inguruk parte hartu zuten.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)