San José sailburuak Justizia Errestauratiboaren euskal eredua eta haren garapena finkatuko duen sistema autonomikoa azaldu ditu Brasilen

Argitalpen-data: 

Foto_1.jpg
  • Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak Salvador de Bahían egiten ari den Justizia Errestauratiboari buruzko Emakumeen II. Topaketa Nazionalean parte hartu du

 

María Jesús San José Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak Justizia Errestauratiboari buruzko Emakumeen II. Topaketa Nazionalean parte hartu du. Foro hori Brasilgo Salvador de Bahía hirian egiten ari dira, eta bertan Euskadik arlo horretan duen esperientzia eta buru duen sailak bultzatzen duen Justizia Errestauratiboko etorkizuneko euskal sistemaren ildoak partekatu ditu.

Salvador de Bahíak Justizia Errestauratiboari buruzko Emakumeen II. Topaketa Nazionala hartuko du martxoaren 18tik 20ra bitartean. Topaketa horrek Bahía Estatuko Justizia Auzitegiaren (TJBA) babesa du, eta bertan herrialdeko hainbat eskualdetako 300 parte-hartzaile inguru esperientziak partekatzen ari dira, Brasilen bakearen kultura sendotzeko emakumeen protagonismoa indartzeko helburuarekin. Hego Amerikako herrialde horrek esperientzia eta tradizio handia ditu arlo horretan. Esparru horretan, Euskadik azken bi hamarkadetan jardunbide errestauratiboak justizia-sisteman txertatzeko egindako ibilbidea azaltzeko gonbidapena jaso du, eta bertan eredu horri, Justizia Errestauratiboaren Lege Aurreproiektu autonomiko baten bidez, lege-esparru propioa emateko gaur egun garatzen ari den lana ere azalduko du.

Pertsonak erdian

Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak bere aurkezpenean nabarmendu duenez, euskal ereduak giza eskubideekin, kaltea konpontzearekin eta gizarte-kohesioarekin hartutako konpromiso politiko, etiko eta sozialari erantzuten dio. “Justizia Errestauratiboa ez da kontzeptu abstraktua, ez eta errealitatetik urrun dagoen teoria akademikoa ere. Pertsonak prozesuaren erdian kokatzen dituen, biktimen sufrimendua aitortzen duen eta kaltea eragin dutenei beren erantzukizuna beren gain hartzeko eta erreparazioan parte hartzeko aukera eskaintzen dien justizia-eredua da.  

Alde horretatik, azpimarratu du ikuspegi horrek justizia humanizatzen eta gizarte-kohesioa indartzen laguntzen duela; izan ere, delituari zigor penaletik ez ezik, katea konpontzearen eta gizarte-loturak berreraikitzearen ikuspegitik ere heltzeko aukera ematen du. Azaldu duenez, euskal ereduak ez du justizia penal tradizionala ordezkatu nahi, osatu baizik. Prozedura Kriminalaren Legeak aukera ematen du prozedura penalaren barruan jardunbide errestauratiboak sartzeko, eta atea zabaltzen die erreparazio-espazioei ebazpen judizialaren ondoan.

Euskadin garatutako ereduak beste urrats bat ere eman nahi izan du, prozedura penala hasi ezin den kasuetan prozesu errestauratiboak ere kontuan hartuz, adibidez delitua preskribatu denean edo egilea identifikatu ez denean. “Sistema penalak jardun ezin duenean ere, biktimek entzuteko, aitortzeko eta erreparazioa izateko espazioak behar dituzte”, adierazi du.

San Josék gogorarazi du Euskadik arlo horretan duen esperientzia 2007an hasi zela, zigor-arloko bitartekotzako programak abian jarri zirenean prozedura judizialaren hainbat fasetan. Gero, 2018an, Eusko Jaurlaritzak Justizia Errestauratiboaren garapena bultzatu zuen, politika publiko espezifiko gisa, San Josek berak zuzentzen zuen Sailetik. Ordutik, Euskadik kasu bakoitzera egokitutako hainbat tresna errestauratibo garatu ditu, hala nola, bitartekotza penala, topaketa errestauratiboak, zirkulu errestauratiboak edo kaltearen erantzukizuna hartzeko programak. Jarduera horiek hainbat zerbitzurekin koordinatuta garatzen dira, eta zerbitzu horiek justizia-sistemarekin lankidetzan aritzen dira helduen justizian, gazte-justizian eta espetxe-eremuan.

Justizia eta Giza Eskubideen Sailak bultzatutako Euskadiko Justizia Errestauratiboaren 2022-2025 Estrategiak, eredua sendotzeko eta jarduera-lerroak ezartzeko, betetzen duen zeregina ere nabarmendu du San Josék. Estrategiak hainbat lehentasun finkatzen ditu, hala nola dauden zerbitzuak indartzea, sistema judizialeko profesionalen prestakuntza hobetzea, jardunbide errestauratibo egokiak sustatzea eta erakundeak koordinatzeko mekanismoak finkatzea.

Lege-aurreproiektua

Halaber, sailburuak aurreratu du Eusko Jaurlaritza lanean ari dela Justizia Errestauratiboaren Lege Autonomikoaren Aurreproiektua izan da. Sailburuak azaldu duenez, etorkizuneko lege horrek euskal eredua antolatzeko eta ikusarazteko aukera emango du, espazio errestauratiboak erakunde-mailan aitortuz eta justizia-sistemaren barruan jarraitutasuna bermatuz.

Ikuspegi instituzionala eta teknikoa

Topaketan Inés Soriak, Saileko politikako aholkulariak, ere parte hartu du, eta hausnarketa bat egin du magistratu eta politika publikoen arduradun gisa duen esperientzia bikoitzetik abiatuta. Bere esku-hartzean, Soriak azpimarratu du biktimen ikuspegia justizia-sisteman txertatzeak duen garrantzia, bai eta prozesu penala entzuteko, kaltea aitortzeko eta ordaina emateko espazioekin osatzeak ere.

Era berean, administrazio publikoek, justizia errestauratiboko zerbitzuen, biktimen arretaren eta baliabide instituzionalen arteko koordinazioaren bidez, eredu hori bultzatzeko bete dezaketen zeregina ere nabarmendu du.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)