Petronorreko gasolina-tanke batean izandako intzidentziari buruzko komunikatua

Argitalpen-data: 

  • Eusko Jaurlaritzako Ingurumenak eta Osasun Publikoak jakinarazi dute gaur, 10:15etik 11:00etara, Muskizko San Julian auzoan 80 µg/m³ inguruko bentzeno-kontzentrazioak detektatu direla airean, balio handiak izanik
  • Eusko Jaurlaritzan segurtasunean, ingurumenean eta osasunean (Osasun Publikoa) eskumena duten sailak egoeraren eta enpresa aplikatzen ari den neurri zuzentzaileen jarraipen zehatza egiten ari dira

Petronor SA enpresak gorabehera bat izan du bere gasolina-depositu batean. Gorabehera horren ondorioz, gasolina lurrundu egin da neurri batean, eta airera isuri da bere frakzio lurrunkorra. Enpresa segurtasun-protokoloetan ezarritako neurri zuzentzaile guztiak aplikatzen ari da, lurrunketa minimizatzeko eta gorabehera ahalik eta azkarren konpontzeko.

Eusko Jaurlaritzan segurtasunean, ingurumenean eta osasunean (Osasun Publikoa) eskumena duten sailak etengabe ebaluatzen ari dira biztanleengan izan dezakeen eragina, Euskadiko Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sarearen datuen, inguruneko laginketa espezifikoen eta enpresa emisioak murrizteko egiten ari den neurri zuzentzaileen bidez.

Jarraipen horren emaitzek erakusten dute mailak pixkanaka eta azkar jaisten ari direla, enpresak neurriak hartu eta baldintza meteorologikoetan aldaketak izan ondoren. San Julianeko balioak, 11:45ean, 5 µg/m³ ingurukoak izan dira, urteko batez bestekorako muga-balio arauemailearekin bat datorrena, eta beheranzko joeran jarraitzen dute.

Ingurumeneko zerbitzu teknikoek ikuskapena egin diote enpresari, eta ikusi dute enpresa neurri egokiak hartzen ari dela eta isuritako materiala jasotzen ari dela.

Kontuan hartuta gertaera puntuala eta iraupen laburrekoa izan dela, egungo mailekin ez da beharrezkotzat jotzen biztanleria orokorrak osasuna babesteko aparteko neurririk hartzea.

Segurtasun, ingurumen eta osasun publikoko zerbitzuek egoera etengabe ebaluatzen jarraituko dute, eta edozein berritasunen berri emango da.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)