- Sailburuak Innobasquek Euskalduna Jauregian antolatutako Global Innovation Day ekitaldiaren XV. edizioaren itxiera-ekitaldian parte hartu du
- Aurrerapen teknologikoek izango dituzten ondorioak aurreikustearen eta gizartean izango duten eragina aztertzearen garrantzia azpimarratu du
- Topaketak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistemako 400 bat ordezkari bildu ditu, “Teknologia berriak eta humanismoa” lelopean
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak azaldu duenez, Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planak (ZTBP 2030) Komunitatea izeneko zutabe bat jasotzen du. Zutabe horren barruan, teknologia digital disruptiboek hainbat gizarte-esparrutan duten eraginari buruzko lan-ildo bat proposatzen da, "Gobernantza demokratikoa" espezializazio adimenduneko arloaren barruan. Testuinguru horretan, teknologia horien ondorioak aurreikusteko beharrari ere egin dio erreferentzia, eta, bereziki, adimen artifizialaren ondorioei.
Pérez Iglesiasek adierazpen horiek egin ditu gaur, Euskalduna Jauregian, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatutako Global Innovation Day ekitaldiaren XV. edizioaren amaiera-ekitaldian.
Bere hitzaldian, nabarmendu duenez, "berrikuntza eta garapen teknologikoa ez dira hutsean gertatzen, testuinguru sozial jakin batean baizik", eta haien ondorioak ez dira neutroak. Ildo horretan, ondorio horiei buruz hausnartzearen garrantzia azpimarratu du, besteak beste, lan-munduarekin lotutako ondorioei buruz, baita erabaki politikoek, ekonomikoek eta sozialek ondorio horiek nola baldintza ditzaketen ere.
Sailburuak, halaber, adierazi du adimen artifizialak, dimentsio ekonomikoa, geopolitikoa eta militarra duen azpiegitura izateaz gain, dimentsio epistemologikoa ere baduela. Bere iritziz, digitalizazioak eta adimen artifizialak ezagutzaren historian izan den hirugarren trantsizio handia osatzen dute, eta ondorio sakonak dituzte zientzian, irakaskuntzan, hezkuntza-sistemetan eta berrikuntzan.
Global Innovation Day jardunaldiak Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren laguntza izan du, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistemako 400 bat ordezkari bildu ditu, teknologia berrien garapenak dakartzan erronkei eta horiek gizartean duten eraginari heltzeko.
”Teknologia berriak eta humanismoa” lelopean, jardunaldiak eztabaida teknologia-subiranotasunean eta adimen artifizialaren inplikazio etiko eta sozialetan jarri du, garapen teknologikoak planteatzen dituen erronkei buruzko ikuspegi zientifiko, enpresarial eta humanistetatik abiatuta.
Halaber, ekitaldian Euskadin garatutako zortzi berrikuntza konponbide aurkeztu dira, 45 erakundek aurkeztutako 52 proposamenen artean hautatuak. Proiektuek hainbat arlo hartzen dituzte barne, hala nola hiri-kudeaketa, ekonomia zirkularra, osasuna, industria-eraldaketa, arrisku klimatikoen prebentzioa eta elikagaien berrikuntza.
Sailburuaren ustez, Global Innovation Day ekitaldian arrakasta izan duten berrikuntza-esperientziak ezagutarazteak ikusgarritasuna ematen die, eta horrek proiektu berrien bideragarritasuna erakusteko aukera ematen du. Horrela, berrikuntzaren kultura indartzen da, batetik; eta, bestetik, aurkeztutako esperientziek ideia berriak sortzeko inspirazio-iturri izan daitezke, eta, azken batean, balio handiko berrikuntzak sortzen lagundu.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)